Filologoak

Irigoyen Echevarria, Alfonso

Hizkuntzalaria eta euskal kulturako pertsonaia. Bilbon jaio zen 1929ko azaroaren 14an. Hiri horretan bertan hil zen 1996ko abenduaren 16an.

Filologia erromanikoan lizentziatu zen Salamancako Unibertsitatean eta doktoretza egin zuen han bertan.

1976tik aurrera Deustuko Unibertsitateko Filosofia eta Letren Fakultateko irakasle izan zen. Euskal hizkuntzalaritzaren ikertzaile esanguratsua eta ospetsua izan zen hainbat alorretan: gramatika historikoan, morfologian, sintaxian eta, nagusiki, toponimian, antroponimian eta onomastikan.

Euskaltzaindiko kidea eta 1957az geroztik Euskera aldizkariko idazkari eta zuzendari izan zen eta eginkizun esanguratsua izan zuen erakundearen berrantolaketan. 1968ko Arantzazuko Kongresuan hartu zuen parte eta euskara batuaren defendatzaileetako bat izan zen.

Euskera aldizkarian argitaratzeaz gain, artikulu ugari argitaratu zituen Egan eta Anaitasuna aldizkarietan ere.

Hainbat argitalpenetan kaleratutako filologiari buruzko artikuluak bost liburuz osatutako De re philologica linguae uasconicae bilduman jasota daude; lehena 1986an argitaratu zen eta azkena, berriz, 1995ean. Horrez gain, lan hauen egilea da: En torno a la toponimia vasca y circumpirenaica (Bilbo 1986), Observaciones en torno a la obra Toponymie Basque de Jean-Baptiste Orpustan (Bilbo 1990), En torno a la evolución y desarrollo del sistema verbal vasco (Bilbo 1985), Pertsona-izenak euskaraz nola eman (Bilbo 1994) eta Kultura-hitzak euskaraz: (lexikon culturale) et nomina exonomastica scribendi forma in lingua vasconum (Bilbo 1995). 1996an hil baino hilabete batzuk lehenago argitaratu zen Irigoyenen azken liburua: Bibliako eta Grezia Zaharreko pertsona-izenak.Bertsolaritzarekiko zuen interesak bertso-txapelketen pizkundean aktiboki parte hartzera eraman zuen eta, horrez gain, alderdi artistikoa lantzen zuen, bai pinturaren eta eskulturaren alorrean, bai poesian, eta hainbat sari jaso zituen egindako lan poetikoagatik eta lan horren zati bat argitaratuta dago: Herrian gara bizi (1979), Orbel eta orri (1980) eta Hi ta ni garade zu, to ez date no (1989).