Politikariak eta Kargu publikoak

Amilibia Egaña, Eustasio

Tolosan 1801eko martxoaren 29an jaiotako politikari gipuzkoarra. Donostian hil zen, 1864ko abuztuaren 12an.

Filosofia eta Zuzenbidea ikasi zuen Oñatiko Unibertsitatean (1817-1824). Abokatu kontsultari eta aholkularia izan zen, eta Abokatuen Elkargoko dekano ere izendatu zuten hiru aldiz.

Lehen karlistadak eztanda egitean Donostiako milizia nazionalean sartu zen eta matxinatuen aurka borrokatu zen, liberal progresista gisa nabarmenduz, foruak osorik irautearen aurka. Gerrako Auditore eta Komandante izan zen. Hiriaren aurkako setio betean bertako alkate izendatu zuten; 12 urtez egon zen karguan, eta harresiak botatzeko interesa agerian utzi zuen, bere asmoak 1863-1864 urteetan betez. Alkate zelarik, 1837 urtean Gipuzkoako Buruzagi politiko izendatu zuten, baita 1841ean, 1842an eta 1853an ere, Bergarako diputatua Gorteetan 1854 urtean eta Gobernadore zibila 1855ean.

Esparterori sostengua eman zion 1841eko altxamendu moderatuaren aurka, eta honek Foruak aldatzeko Batzordeko kide izendatu zuen; hari zor zaio Exposición de la Comisión Económica de la provincia de Guipuzcoa a S.E. el Sr Ministro de Gobernación (1841).

Probintziako buru, bertako Diputatu Nagusi izan zen 1852 eta 1861 artean.

  • Hainbat egilek. Diccionario Biográfico de los parlamentarios de Vasconia (1808-1876). Vitoria-Gasteiz: Eusko Legebiltzarra, 1993.