Eskultoreak

Nagel Tejada, Andrés

Diziplina anitzeko artista. Donostian jaioa 1947an.

Arkitektura-ikasketak egin zituen Iruñean 1965-1972 bitartean. Garai hartan Europa, Turkia eta Afrikan barna bidaiatu zuen eta orduan nagusi ziren joera artistikoak ezagutu zituen. Berehala, diziplina anitzeko lanaren ildoa hartu zuen. Horrela, eskultore, grabatzaile, pintore edota argazkilari lanak jorratu zituen.

Eduardo Chillida ezagutu zuen eta haren eragina erabakigarria izan zen artista honen ibilbidean. Gainera, surrealismoaren, Pop-Art mugimenduaren edota neoespresionismoaren eragina ere izan zuen. Hirurogeiko hamarkadan euskal artearen estilistikan izandako berrikuntzan pertsona erabakigarritzat jotzen da.

Andres Nagelek lanek teknika, lengoaia estetiko eta material askotarikoekin egindako esperimentazio dute ezaugarri. Horrela, bere obran material berriekiko zaletasuna nabari daiteke, esate baterako, beruna, argi fluoreszentea, poliesterra edota beira-zuntza. Aldi berean, formatuetan hausturarako joera nabaria du, esate baterako, eskultura eta pintura uztartuz.

1968. urtean lehen erakusketa egin zuenetik, Andres Nagelek erakusketa askotan parte hartu du, kolektiboak nahiz bakarkakoak. 1976. urtean "New Spanish Painting" erakusketa kolektiboan parte hartu zuen New Yorkeko Hastings Gallery galerian. Horrela hasi zuen Estatu Batuetako bere ibilera, hurrengo urteetan areagotu zuena. Bilboko Arte Ederretako Museoak 1988. urtean bere obra grafikoa katalogatu eta erakusketa antologikoa egin zuen. Erakusketa antologiko hura 1995ean errepikatu zen museo berean. 2003. urtean 8 metroko brontzezko eskultura bat inauguratu zuen Zornotzan (Bizkaia), non, aldi berean, Alicia Fernandezek hautatuta, bere piezen erakusketa bat paratu baitzen. Kursaal jauregiko Kubo Aretoan bere obra berrienari buruzko erakusketa bat inauguratu zen 2006an, Adolfo Sobrinok antolatuta.

Azken erakusketa haren ostean (2006), Andres Nagelek erretiratzeko erabakiaren berri eman zuen, denboraldi baterako bederen, eta ordutik ez du beste erakusketarik egin.

  • BORRÁS, Mª Lluïsa. Andrés Nagel, una década. Madrid : Turner, 2003.
  • CALVO SERRALLER, Francisco; ZUGAZA MIRANDA, Miguel. Andrés Nagel 1974-1995. Bilbao : Bilbao-Bizkaia Kutxa Fundazioa, 1995.
  • GARCÍA, Aurora. Andrés Nagel. Obra reciente 2000-2005. Donostia : Kutxa Fundazioa Ediciones y Publicaciones, 2006.
  • IRAZU, Ainhoa. Andrés Nagel: "El arte vasco no tiene vida como para que de él vivan los artistas" Euskonews ; 39 . Donostia : Eusko Ikaskuntza, 1987.
  • Andrés Nagel web gune ofiziala
  • RODRÍGUEZ, Celia. "Nagel, el juego de los límites". Periódico Bilbao. Bilbao : Bilboko Udala, 2005. 16 or.