Kontzeptua

Nazioa

Renan-en ikuspegi klasikoan nazioa eguneroko plebiszitoa da. Nazioa eta arraza bereizi zituen bezala, nazioa nahasketa etnikoen emaitza izaki, Renanek nazioa hizkuntzatik, geografiatik eta erlijiotik ere bereizi zuen; baina baita interes amankomuneko erkidegoetatik ere. Osagai objetiboen bitartez nekez definituko dugu nazioa, osagai subjetiboa eta borondadezkoa nagusitzen baita. Ispiritua eta arima; iraganari begira, oroitzapenen ondarea; orainaldian, elkarrekin bizitzeko gogoa eta elkartasunean oinarritutako giza-artea, horixe da nazioa. Kontzepzio honek daukan zailtasuna honakoa da, nazioen existentzia bere kideen buru-bihotzetan, kontzientzietan, ametsetan, mitoetan kokatzen dela; gogoko nazioa. Hori bai, osagai objetiboek planteatzen dituzten oztopoak gainditu egiten ditu, munduan ez dagoelako elementu horien arabera zalantzarik gabe definitu daitekeen naziorik, ezta talde etnikoen bereizgarritasuna oso nabaria denean ere.

Zailtasun objetibo guztien gainetik, nazioa definitzea estatu zuzenbidearen zeregina izango da, eztabaida guztiak estaliz. Orduan, eta orduan bakarrik posible egiten da nazioaren ikuspegi "zibiko" edo hirikoi, Habermasek proposatutako "konstituzio- abertzaletasuna" teoriaren gisakoa. Estaturik gabeko nazioekiko leialtasun hirikoi horrek estatuekikoaren aurka talka egin dezake, eta nazioaren ideia hirikoitasunaren gainean soilik eraikitzea zaila egiten da. Horrexegatik kontzepzio subjetiboak (gogoko nazioa) edo objetiboak (nazio etno-kulturala) edo hauen hibridoren bat berragertzen dira.

Lehia bizia egon da nazioaren kontzepzio biren artean: objetiboa / subjetiboa alde batetik eta leialtasun hirikoi / etno-kulturala bestetik. Erdibide bat bilatu nahian teoria batzuek nazioa diskurtso kritiko batetik ulertzen dute. Herritarrek, prozesu sozial diskurtsiboetan parte hartuz, osagai objetiboetan erreparatuz eta berauetatik nortasun soziala eraikiz, nazioarekiko pertenentzia sentimendua eta joera kritikoa garatzen dute. Pertenentziazko sentimendu horrek nazioa eta demos-a - estaturik ez eduki arren izaera politikoa duen herria - parekatzera eraman dezake. Herritar batzuek sentimendu hura areagotu egiten dute, kulturaren arabera, bizimodu eta erlazio sozio-ekonomikoek baldintzatuta, eta beste batzuek, baldintza ezberdinetan murgildu izan direnak, sentimendu hura leuntzen joango dira, eta agian beste herritar batzuek ez dute nazioarekiko pertenentziazko sentimendurik izango, edo beste nazio bateko kide sentituko dira, beren kultura, jatorria, kokapen sozio-ekonomikoa, edo amankomuneko interesen sarea ezberdina delako edo beren bizipenak eta nondik-norakoak ezberdinak direlako. Zentzu berrian nazioa pertenentziazko sentimenduen negoziazio gune (foro) eta diskurtso kritiko da.

Lurralde batean kokatzen den herrian horrelako pertenentziazko diskurtso eztabaidatuak eta gehiengo batengan demos-a osatzearen sentimendu partekatua edo irudikatua (Anderson) azaltzen direnean, inguruetako herrietatik bereizten dituenak, nazioaren ikuspegi kritikoa garatzen da. Lurraldea ezinbestekoa ez da sentimendu hau azaltzeko eta bada lurralderik gabeko naziorik, ijitoak edo juduak kasu. Kuestionatze hau, eguneroko plebiszito hau (Renan), erakunde jakinetan gauzatzen da: erakunde politikoetan, akademikoetan (eskola, unibertsitateetan eta intelligentsia biltzen den guneetan), erakunde ekonomikoetan, herrietako topaguneetan (foroa, agora), alderdi politikoetan, sindikatoetan, enpresetan, eleiz-barrutietan, herri kirol zein joko, zein jaietan, kultur ekoizpen jaso zein herrikoietan, folklorean, familietan, koadriletan, eta batez ere mass media direlakoetan (birtualak barne, bloggak, facebookak, ...).

Teoriaren munduan, akademian, nazioaren kontzepzio objetiboen eta subjetiboen arteko lehia horretatik erdibideak aurkitzeko saiakerak eta elkarrekiko kritikak onartzeko egitasmo intelektualak agertu arren, diskurtso normatiboetan eta ekintza praktikoan aldiz nazioaren teorietatik ondoriozta daitezkeen planteamenduak muturrera eramanak izan dira: uniformizatze nazionala, hizkuntza-kultura baten inposaketa, akabatze etnikoak, gutxiengo nazionalekiko bereizkeriak, lebensraum, pogrom, etab. Nazioen diskurtso praktiko batzuei, muturrekoei, estatuaren indarra, moraltasun politikoaren eskakizunak eta zuzenbidearen hertsakortasuna erantsi zaizkienean, nazionalismoaren fenomenoa azaldu da. Nazioaren teoria batetik analisia nazionalismoaren ideologiara igaroko da.

Nazioaren kontzepzio kritiko-diskurtsiboa berandu azaldu denez, aukera gutxi izan ditu teoria politikoetan edota konstituzio ereduetan garatzeko. Politikaren filosofo garaikideak saiatu dira teoria kritiko honen arabera fenomeno politiko berriak azaltzen: kultur-aniztasuna (Kymlicka), arrezagutzaren politika (Ch Taylor), nazio-ostekotasuna, kosmopolitismo mugatua (U. Beck). Nazionalismoek historikoki ezarri dituzten "doktrinatze" prozesuen ordez edo inperialismoek barreiatu dituzten "zibilizatze" prozesuen ordez, nazio-eraikuntzak, nation-building delakoak, kritika prozesuak lehenetsi izan ditu; nazioa definitzerakoan garrantzitsuena ez da nazio sentimendua homogeneo eta guztiz onartuta izatea edo kuestionatu gabe joatea. Etengabeko kinkan edo kolokan nazio sentimendua sendotuz doa; horrela nazioaren etnos ordez nazioaren demos gailentzen da. Estatu zuzenbideak ordea bere menpeko nazioaren demos izate hori ukatzeko joera izan dezake konstituziogile bakarraren izenean. Konstituzio aniztasunaren (pluralismo constitucional) teoria beharko da orduan ziega horretatik irtetzeko.