Auñamendi Eusko Entziklopedia
Fondo Bernardo Estornés Lasa

Buscador

Home > Auñamendi > Nazioa

Nazioa

"Nazioa da lurralde berean bizi, berezko hizkuntza egin eta tradizio propioak dituen giza taldea"


toolbox

  • editions:
  • other languages:
    • ver en castellano
  • escuchar
  • share

Historikoki nazioa "jaio" edo "jatorri" ideiekin lotuta dago. Kontzepzio gaurkidearen hastapenak Erdi-Aro Garaiko lehenbiziko unibertsitateetan, Bolognan, Sorbonan eta ondoren eratu zirenetan leudeke. Ikasleak jatorriko eleen edo sorterrien arabera antolatzen ziren, berauen babesa eta ongizatea, ikasketak edo azterketak antolatzearren. Nazioetako ikasleek aukeratzen zuten beren ordezkaria, eta taldeko bileretako zein hauteskundeko prozesu horien bitartez konstituzio edo gobernatze arazoetan trebatzen joan ziren, geroxeago, beren jatorriko herrietara itzulita, koroaren edo printzeen zerbitzura eskeiniko zuten trebakuntza eta ezagutza hori. Denborarekin, ikasleak hartatzeko zerbitzuak aldatu ziren eta nazioen ordez hainbat ikastegietan, Oxforden kasu, ikasketa orokorrak, studia generalia, garatu ziren, eskolastikoen topagune orokorrak. XIV-XV mendeetan gune horiek egonkortu zirenean unibertsitateetan bilakatu ziren.

Nazioaren Erdi-Aroko kontzeptu hau, jaioterri edo hizkunzarekin lotzen zena, beste antzeko egoeretan aplikatu zen jatorri bereko kideak herrialdetik urrunduta, atzerrian edo herbestean zeudenean, adibidez germaniar merkatariak Anberesen, italiarrak Parisen, nafarrak Sorbonan, bizkaitarrak Brujasen edo Salamancan edo antzeko egoeretan. Baina nazioa hitza ez zen erabiltzen herrialdea edo bertako herritarrak izendatzeko. Hori beranduago gertatu zen, lurraldeetako mugen kontzeptuarekin batera eta bereziki subirautzaren ideia modernoaren eskutik. Denbora luzea hartu zuen, beraz, nazio kontzeptuak subirautza bateratu baten menpean zegoen biztanlegoa (subdito, ressortissant) eta lurraldea izendatzeko (Nation, territorio nacional). Alta, nazio kontzeptuaren esanahi modernoa erresuma edo estatuari lotu zaio, eta erlijio-borrokei amaiera ezarriko zien Westfaliako Itunetik, XVII mende erditik, XX mende erdiraino, hirurehun urte luzeetan, Estatu-nazioa edo nazio-Estatua teoria politikoaren paradigma izan da. Erromantizismoak nazioa eta aberri kulturala (etnia, herria, elea, kondaira, usadioak) parekatu zituen. Historiografia nazionalen eskutik, XIX mendean, eratuta zeuden nazioak historian atzeruntz proiektatu izan ziren nazioaren betiereko irudi bat indartzeko asmoz: nazioen sorrerak lehenengo milurtearen bueltan kokatzen ziren, lehenago ez ba zen. Egun, nazio-osteko estatuari edo nazioanitzeko estatuari buruz mintzatzen gara eta neurri batean diskurtso berriek paradigma aldaketa baten aurrean geundekela adieraziko lukete non subirautzaren izari orobatekoa eta nortasun politikoaren alderdi nazionala ahulduz doazen.

Joxerramon Bengoetxea Caballero
2009


Images

Our Sponsors