Kontzeptua

Langile-Mugimendua

Industrializazio prozesuaren ondorioz sortu zen gizarte-klase berri bat: langileria edo proletalgoa, hau da, kapitalari bere lan indarra soldata baten truke saltzen zion taldea. Langileria horrek bultzaturiko gizarte-mugimenduari deitzen diogu langile mugimendua.

Industria-iraultzaren garaian proletalgoak lan- eta bizi-baldintza gogorrak pairatzen zituen: zerbitzurik gabeko langile-auzoak, lanaldi luzeak, soldata eskasak eta abar. Egoera horretan langileria, bizipen eta kultura komun horietatik abiatuta, bere nortasun kolektiboaz jabetu zen eta langileak talde baten partaide -langile-klasearen kide, hain zuzen- zela hauteman zuen. Horren ondorioz langileriaren zenbait sektorek elkarteak sortu zituzten, beharginen lan- eta bizi-baldintzak hobetzeko helburuz batetik, eta gizarte kapitalista eraldatzeko xedeaz bestetik. Erakunde horiek langileriaren ekintza kolektiboa bultzatu eta gidatu zuten arlo politikoan (langile-alderdiak), zein lan-esparruan (sindikatuak).

FMR 2011