Literatoak

Mogel, Bizenta

Alegien berreskuratzea batera etorri zen denboran Elizak ipuin tradizionalak arbuiatzearekin. Alegiak baitziren irakaskuntzarako eta hezibiderako material egokiak, moralaren aldetik. Bizentak gai horri buruz hitz egiten du hitzaurrean, dioela:

"Umeago nintzanean berriz entzun oi nituen, zoro zororik, ta pocez erotuta, atso ipuiac. Sinisten nituen eguia andi batzuec becela. Peru ta Mariaren ipui farragarri ta sustrai gabeac (...) Orain, bada, ¿ondoric, ta ondorengo onic ez cecarten ipui eroac ambat atseguin ematen bacidaten, nere adinaren arguiabarretan sartu baño leenago, zenbat eztituco ez zan nere biotza irakurri nituenean guerora ipui onac?".

Beraz, XIX. mendearekin batera, alegiak iritsi ziren Euskal Herrira, haurrak eta nekazariak egoki hezitzeko tresna gisa, eta Bizenta Mogelen alegiak izan ziren tradizio berri horretako lehen katebegia.

Xabier Etxanizen iritziz, Bizenta Mogelen Ipui onac euskaraz haurrentzat idatzitako lehen obra didaktikoa izan zen, Europan zehar oso zabaldua zegoen "irakatsi atsegin emanez" korrontearen barruan. Gaineratzen du Mogel ez zela mugatu itzulpenera, eta zenbait alegiatan bere iritzia ere ematen duela alegien helburu didaktiko eta morala argiago utziz.

Beldarrainek dioenez, Bizentak ez du inon esaten ez latinetik ez grekotik euskaratu zituenik alegiak, baina latinari egin zion aipamen batek alegien iturriari buruzko nahasmena sortu du. Gaineratzen du González de Záratek Juan Hurus-ek 1489an Zaragozan argitaratu zuen La vida de Esopo con sus fábulas historiadas delakoa jotzen duela Ipui onac obraren iturritzat. Hala ere, Beldarrainen beraren ikerketaren ondorioz jakin dezakegu gaur Bizentak itzulpenerako baliatu zuen iturria bere garaian argitaratutako Isopete bat izan zela, hau da, Esoporen alegien gaztelaniazko bildumetariko bat.

  • BELDARRAIN AGIRRE, Josune. Alegia klasikoak euskaraz: Isopeteko, La Fontaineren eta Samaniegoren alegien berridazketen azterketa. EHUko Doktorego Tesia. Argitaratu gabe [2010].
  • ETXANIZ, Xabier. Euskal haur eta gazte literaturaren historia. Iruñea: Pamiela, 1997.
  • KALTZAKORTA, Xabier. Bizenta Mogel. Bidegileak. Gasteiz: Eusko Jaurlaritza-Kultura Saila, 1992.
  • ROJO COBOS, Francisco Javier. "Ipui Onak (1804)". Euskal Literaturaren Hiztegia. EHU-Euskara Institutua. [Kontsulta data: 2012-04-27].