Bertsolariak

Azpillaga Urrutia, Jon

Bertsolaria. 1935- .

Jon Azpillaga Urrutia 1935eko azaroaren 26an jaio zen Pasai San Pedron (Gipuzkoa). Etxeko lehenengo haurra izan zen. Aita, Juan Azpillaga, Ondarrutarra zen, eta bertako portuko dragan lan egiten zuen; ama, Beronika Urrutia, Berriatuko Torre baserrikoa zen (90 urte bete aurretxoan hil zen, 2000ko urtarrilean).

Jon Azpillagak hamasei hilabete besterik ez zituela hil zen aita gerran, izan ere, gudaria izan zen Itsasalde batailoian. Orduan, ama (sei hilabeteko haurdun) eta semea Berriatuara abiatu ziren, bertan, Torre baserrian, bizi baitzen Jon Azpillagaren osaba bat. Osaba aitatzat hartuta bizi izan zen Jon Azpillaga, etxean bizi ziren beste hamabost lagunekin batera. Gurean sasoi hartan ohikoa zen bezala, ume-umetatik ari izan zen baserriko lanetan. Azpillagatarren etxeko giroa euskalduna zen, hortaz, esan daiteke eskola izan zuela erdalgune bakarra Jon Azpillagak.

Hamalau urterekin hasi zen etxetik kanpo lanean: itsasontziak konpontzen "pintxe" lanetan hasi zen tailer batean, Ondarroan; Berriatuatik Ondarroara bizikletaz egiten zuen bidea. Soldadutza Burgosen egin zuen, eta handik itzulitakoan, hogeita hiru urte zituela, beste tailer batean hasi zen lanean; bi-hiru urte egin zituen bertan. Ama eta bi semeak, orduan, Ondarroara joan ziren bizitzera, eta Jon Azpillagak anaiarekin eta beste sozio batzuekin tailer pare bat jarri zituen: tailer bat Ondarroan eta bestea Mutrikun.

Ondarroan egiten zuen orduan bizimodua Azpillagak; bertako orfeoian ere kantatzen zuen tenore gisa. Ondarroan urte bat egin ondoren ezkondu zen, hogeita lau urterekin, 1960ko urriaren 8an, Jasokundeko Andra Mariaren elizan, Mutrikun. Mutrikura ezkondu zen, Itsasmendiko Maria Arrizabalagarekin. Aspalditik ezagutzen zuen Maria, baina sasoi hartarako ile-apaindegia zuen Mutrikun andregaiak eta sarriago egiten zizkion bisitak Jonek; baserrira laguntzen zioneko ordu beteko bidaien aldean, errazago izan baitzuen orduan bisitak egitea.

Azpillaga-Arrizabalaga bikoteak bi seme-alaba izan zituen. Emazteak emandako elkarrizketetan, beti aipatzen zuen senarraren puntualtasuna eta lanerako grina, baita bertsotan ibili osteko biharamunetan ere.

Osasun-arazo bat izan zuen 1993an Azpillagak, eta angioplastia bat egin behar izan zioten; Azpillagak berak dioenez, gainerakoan ez omen du, bere esanetan, osasun arazo larririk izan, zahartzaroaren ajeak kenduta. Arazo hura tarteko, garaia baino lehen hartu zuen erretiroa. Erretiroa hartuta bizi da Azpillaga Mutrikun oraindik ere.

Azpillagak beti izan du hizkuntzarekiko kezka, Bizkaia-Gipuzkoa mugan bizi izateak, gainera, euskalkien inguruko gogoeta areagotu diotela aitortzen du bertsolariak berak, egin izan dizkioten elkarrizketa askotariko batean.

Bertsolaritzari dagokionez, lorpen berezia izan zen harentzat 1961eko Bizkaiko txapelketako txapela. Plazan, berriz, ospe handiena Lopategi kanta-lagun zuela egindako saioen bidetik lortu zuen, 60ko hamarkadan.

Santa-eskearen inguruan hasi zen Azpillaga kantuan. Hamar urterekin, esaterako, ikasitako koplak kantatzen zituen; hamalau urterekin, baina, bat-batean jardun omen zuen santa-eskean. Birraitona, "Tturrut" esaten ziotena (aitaren partekoa) bertsolaria omen zuen Azpillagak, eta Txirritarekin aritua omen zen kantuan Ondarroan. Bestalde, osabak ere bertso asko zekizkien buruz, eta haiek denak kantatzen zizkion ilobari. Gainera, gaztetan hainbat bertso-idatzi ikasi zituen buruz (liburuetatik eta paperetatik, kopletan hasi orduko bertso asko irakurrita eta buruz ikasita zituen), Otaño miresten zuen asko Azpillagak. Bertsoa odolean zeramala aitortu izan du sarritan.

Esan bezala, lehendabizi koplatan hasi zen gure bertsolaria, eta gero bertsotan. Lehenengo plaza ofiziala Amoroton egin zuen Azpillagak, Mugartegirekin, 1950ean; aurreko urtean Basarrik eta Uztapidek kantatu zuten plaza berean; bozgorailurik gabe kantatu zuten, udaletxeko balkoitik, jaietako gazteen egunean; txapela pasata 400 pezeta bildu omen zituzten (ez zen gutxi, 6 pezeta irabazten zituen orduan Azpillagak egunean tailerreko lanetan). Hamalau urte zituen orduan Azpillagak, eta Mugartegik hamasei. "Torre" esaten zioten sasoi hartan Azpillagari, Torre baserrikoa zelako.

Lehenengo saio haren osteko saioak inguruko auzo txikietan egin zituen Azpillagak: Asterrikan, Mendexan, Larruskainen... Aipatzekoa da Azpillagaren lehenengo bertso-laguna, saio haietako gehienetan lagun egin ziona, Jon Mugartegi izan zela.

Txapelketez denaz bezainbatean, hainbatetan parte hartu zuen Jon Azpillagak txapelerako lehian: 1959an bigarren egin zuen Bizkaiko txapelketan, eta halatsu 1960koan. 1961eko Bizkaiko txapelketan txapeldun izan zen. 1962koan bigarren egin zuen, eta 1964koan hirugarren. Euskal Herriko Txapelketa Nagusian hirugarren egin zuen 1960an, eta zortzigarren 1962an. Aro berriko txapelketetan, finalista izan zen Azpillaga 1980ko eta 1982ko Txapelketa Nagusietan. 1987an finalista izan zen Araba-Bizkaiko txapelketan.

1959an parte hartu zuen lehenengoz Azpillagak Bizkaiko txapelketan. Hogeita hiru urte zituen orduan, eta Mugartegi soldadutzara joana zela-eta bertsolaritza pixka bat lagata zuen orduan. Mugartegi gaixo etorri zen soldadutzatik, eta ez zen gehiegi ateratzen, baina hura ere konbentzitu egin zuen Azpillagak txapelketarako. Karmenetan izan zen Azpillargaren lehen txapelketa-saioa, 1959ko uztailaren 18an; bada, Azpillagak berak irabazi zuen, Ibarzabal izan zen bigarren, eta hirugarren Mugartegi. Urte hartan bigarren egin zuen Azpillagak txapelketako finalean.

Sasoi hartan hainbat sariketatan parte hartu zuen, bai eta saritxoak lortu ere. Ondarroan bigarren egin zuen Mugartegiren atzetik, esaterako. Bigarren egin zuen Bilbon beste batean, Balendin Enbeitaren ostean.

1960an jokatu zen hurrengo Bizkaiko txapelketa, zehazki irailaren 11n, Bilboko zezen-plazan. Mugartegik irabazi zuen, Azpillaga izan zen bigarrena, eta Balendin Enbeita hirugarrena. Handik Donostira joan ziren Mugartegi eta Azpillaga, txapelketa nagusira.

Bertan izan ziren eurak biak eta Uztapide, Mitxelena, Salvador eta Mattin, Narbarte eta Perurena (nor bere eskualdeko txapelketan sailkatuta). Arratsaldeko saiora ere pasa zen Azpillaga, Uztapiderekin era Xalbadorrekin batera. Finala Uztapidek eta Basarrik jokatu zuten ordukoan. Basarrik eraman zuen txapela; txapelketako sorpresa izan omen zen Azpillaga, eta txapelketara aurkeztu eta gerora hasi zen Euskal Herriko plazetara kantatzen joateko deiak jasotzen. 60ko txapelketa on haren ostean, 65 saio egin zituen 1961ean, 63 Uztapide maisu handiarekin.

1961ean Azpillaga izan zen Bizkaiko txapelketako txapeldun Bilboko Coliseo Albian. 1962koak Euskal Herriko Txapelketa Nagusirako sailkatzeko balio zuen. Lopategi izan zen txapelduna, eta Azpillaga bigarren. Ordukoan ere Donostian kantatu zuen, finalean; hala ere, orduko hartan ez zuen goizeko saiotik gerokora aurrera egin.

Bizkaiko hurrengo txapelketa Ondarroan jokatu zen 1965ean. Txapelduna Lopategi izan zen, bigarren Mugartegik egin zuen, eta hirugarren Azpillagak. Ordukoa izan zen garai hartako azken txapelketa Azpillagarentzat; izan ziren gehiago ere, baina bera ez zen aurkeztu, izan ere, Mutrikura ezkondua zen eta bizkaitarra edo gipuzkoarra zen, zalantzak eta esamesak sortu omen ziren han-hemen.

1963an eta 1965ean Loiola Irratiko sariketa irabazi zuen Azpillagak. 1967an "Onena pentsuak"-ek antolatutako sariketan ere parte hartu zuen.

Ostean, bolada baten ez zen txapelketarik antolatu (istiluak sortu omen ziren garai hartan txapelketen inguruan). 1980an hasi zen berriro Euskaltzaindia txapelketak antolatzen. Bada, ordukoan parte hartu zuen bai, Azpillagak, bai eta finalera iritsi ere.

1982koan ere finalean izan zen, finalaurrekoetan sartu zelarik zuzenean lehian. 1987an Araba-Bizkaiko txapelketan kantatu zuen berriro.

Bizkaia-Iparralde sariketan ere lehiatu izan zen hiru aldiz (Saran 1968an, Parisen 1969an eta Gernikan 1970ean). Txapelketa informalagoetan ere aritu izan zen, adibidez Mutrikun 1993an egin zen batean.

Frankismo garaiko azken urteetan indartu zen bertsogintza politiko-sozialaren egile behinenetako bat dugu Azpillaga, Jon Lopategirekin batera. 1970eko hamarkadan bikote ezagun eta banaezina osatu zuten bi-biek. Azpillaga Lopategirekin ibili izan zen han-hemen kantuan; 1962ko txapelketaz geroztik Ataunen eta Mutrikun egindako bertso-saioetan politikan nahikotxo sartuta kontsakratu ziren bikote legez, eta ordutik aurrera hasi zitzaizkien biei elkarrekin joateko deika. Jendeak entzun gura zuena kantatzeak eman zien plaza asko. Askotan kontra izan zituzten, baina: gobernadorearen debekuak, frankisten salaketak, brigadak... Kuarteletara hainbat bisita eginak dira biak ere bertso kontuak zirela-eta. Bikotea librean aritzen zen batez ere.

Arestian esana da Mugartegirekin hasi zela bertsotan Azpillaga. Bada, 2000. urtean 50 urte egin zituen kantuan Azpillagak, eta Amoroton egin zuen bertsotan, lehen saio hartan bezalaxe, Mugartegirekin, udaletxeko balkoitik. Huraxe izango omen zuen despedidako saioa Azpillagak, baina gerora ere kantatzen jarraitu zuen, ingurukoek hala eskatuta eta, zergatik ez, bere gogoz ere bai.

Xabier Amurizaren esanetan konplikaziorik gabeko bertsolaria da, teknika modu naturalean baliatzen duena, eta sorkuntza erraz eta garbia egiten duena. Gai-librean nabarmentzen da batez ere, eta gainerakoei lasaitasuna eta konfiantza eskainiz egiten du bidea bertsotan gai librean.

Bertso-lagunek puntualtasuna azpimarratzen dute Jon Azpillagaz berba egitean. Garaiz iristen omen zen beti bertsotarako plazara.

Euskaltzalea izan da beti Azpillaga. Mutrikuko ikastolaren sorreran parte hartu zuen, bai eta herriko bertso eskolaren sorreran ere, eta huraxe bultzatu izan du beti. Astero joaten izan da bertako gazteekin bertso-lanera.

Dozenatik gora omenaldi jasoa da Jon Azpillaga: lehenengoa 1980an, Zestoan. 1987an, urtarrilaren 18an, Euskal Herri mailako omenaldia jaso zuen Astoria aretoan, Donostian, XVIII. Bertsolari Egunaren baitan (Donostiako Centro de Atracción y Turismok antolatu zuen).

Mikel Aizpuruak Hasi Azpillaga (Auspoa liburutegia - Sendoa, 2000. Auspoa 272) liburua argitaratu zuen Azpillagaren bizia eta obra jasoz. Hantxe bilduta dator Azpillaga jendezalea, familiazalea, lagunzalea eta umezalea izan dela beti. Bai fededuna ere, elizetan asko kantatu izan du, bai eta sermoia bertsotan eman ere. Laburbilduz, eta aipatutako liburuan esaten den moduan, esan daiteke bere sasoiko bertsolaria izan dela Jon Azpillaga.