Auñamendi Eusko Entziklopedia
Fondo Bernardo Estornés Lasa

Buscador

Home > Auñamendi > Isaac López Mendizabal

Isaac López Mendizabal


toolbox

  • editions:
  • other languages:
  • escuchar
  • share

Tolosa, 1879-1977.

Ixaka Lopez-Mendizabal 1979ko apirilaren 11n jaio zen Tolosan, moldiztegi tradizioa zuen familia baten barruan (Lopez-Mendizabaldarren moldiztegiak 1750ean zuen jatorria eta Gipuzkoan lurraldeko inprimatzaile izendatu zuen Foru Aldundiak XIX. mende hasieran). Aita karlista zuen, Lodosakoa eta bigarren karlistadan Karlos VII. erregearen Zaldizko Goardia-mutil ibilitakoa. Ama, aldiz, Tolosakoa eta bertan osatu zuten familia, Ixaka seme bakarra zutelarik.

Tolosan ikasi zuen batxilergoa eta Salamancan Filosofia eta letrak; ondoren, 1899an Madrilen egin zuen doktoregoa: Cantabria, la guerra cantábrica y el País Vasco en el tiempo de Augusto; zuzenbide ikasketak burutu zituen segidan eta 1903an bigarren doktoradutza eskuratu zuzenbidean Gipuzkoako Foruei buruzko lan batekin. Abokatu gisa hasi zen lanean eta fiskal izan zen errepublika garaian Tolosako epaitegian, nahiz eta garai horretan, 1929an aita hil zenetik, moldiztegiaren ardura ere berak izan. Baina Ixaka Lopez-Mendizabal euskal kulturan ezaguna baldin bada, batez ere inprimatzaile eta sortzaile eginiko lanez gain euskal kulturaren aldeko ekintzengatik dugu ezagun.

1902an Eskualzaleen Biltzarra erakundeko sortzaileetako bat dugu Arturo Kanpion, Julio Urkijo eta Serapio Mujikarekin batera; eta 1918an Euskaltzaindiaren sorreran ere parte hartu zuen. 1907an, aitak egiten zuen bezala, euskal kulturari garrantzia emanez Aita Santu amargarren Pio'ren doctriña laburra liburua plazaratu zuen; urtebete beranduago, aldiz, Manual de conversación castellano-euskera 371 orritako lan mardula.

Euskararen inguruko liburuak (Euskera, 1915; Diccionario vasco-castellano, 1916; ¿Quiere vd. hablar en euskera?,1932; Voulez-vous parler le basque? erbestean zegoela 1938an, La Lengua vasca: Gramática, conversación, diccionario vasco-castellano y castellano-vasco Buenos Airesen 1943an, ...) argitaratzeaz gain haurrentzako hainbat liburu plazaratu zituen eskoletan euskaraz ikasten ari ziren haurren beharrei erantzun eman nahian. Horrela, 1913an Zenbakiztia aritmetika liburua kaleratu zuen; Umearen laguna 1920an irakurketa liburua, Nekazaritza, 1926an, Martin txilibitu silabikoa 1931n... eta Xabiertxo, 1925ean kaleratu zen lana eta idazle honen libururik ezagunena (dozena erdi bat argitalpen ezberdin baino gehiago izan eta hainbat sari jaso dituen lana). Izan ere garai hartan sortzen ari ziren lehen ikastola haien bultzatzaileetako bat izan zen Ixaka eta horrela sortu zuten Tolosako lehenengo ikastola Gorriti plazan 1922an, eta bertan matrikulatu zuen Xabier semea.

Haurrekiko zuen interes eta jarreraren adibide dira Gregorio Martinez Sierrak 1911n idatzitako Canción de cuna antzerki lana itzuli eta argitaratzeko hartu zuen ardura, edo komikigintzaren arloan TBO argitaletxearen baimenak lortuta komikia (Ixakaren ohiko kolaboratzailea izan zen Txikiren lanekin osatuta) plazaratu izana astero bi urtez Poxpolin bilduma osatuz.

Denetara 23 lan plazaratu zituen Ixakak, azkena Etimologías de Apellidos vascos izenekoa, Buenos Airesen 1958an. Euskal Herrian haurrentzako lanak eta euskararen aldekoak plazaratu bazituen, atzerrian (Buenos Airesen izan zen denboraldian berak sorturiko Ekin argitaletxean), euskal kultura eta gizartearen aldeko lanak izan ziren. Arestian aipaturiko lanez gain, Argentinan plazaratuak dira Breve historia del País Vasco (1945); El País Vasco, descripción general (1946); El idioma vasco, testigo excepcional en la Historia (1953) eta Gramática Vasca abreviada (1954).

Prentsan ere ehunka artikulu argitaratu zituen Euskal Esnalea, Yakintza, RIEV, La Baskonia (Argentinako egunkaria) eta beste batzuetan.

Baina kultur gizon izateaz gain, Ixaka Lopez-Mendizabal politikagintzan ere aritu zen. XX. mende hasieran Tolosan elkartu ziren hainbat idazle, pentsalari, jakintsu guztiak ideia nazionalistak zituztenak: Patrizio Orkaiztegi artzapeza, Antonio Maria Labaien, idazle eta alkatea, Jose Eizagirre, tenore eta diputatua, Ariztimuño Aitzol,... eta horiekin batera Ixaka, unibertsitatetik bueltan Euzko Alderdi Jeltzalearen ingurukoa zena. Horrela, 1908an Gipuzku Buru Batzarreko kide aukeratu zuten eta 1915ean zinegotzi herrian. Urtebete beranduago Jose Eizagirre eta Koldobika Eleizalderekin batera parte hartu zuen Nazionalitateen hirugarren konferentzian, Lausanan (Suiza), eta 1931 eta 1935 bitartean Euskadi Buru Batzarreko lehendakaria izan zen.

Gerrak bultzatuta erbestera alde egin behar izan zuen, hasiera batean Donibane-Lohizunera eta gero Argentinara Agirre lehendakariak aginduta, eta bertan, harreman politikoen bidez, lortu zuen Roberto Ortiz presidenteak euskal immigrazioaren dekretua ezartzea, euskal jatorria zuten erbesteratu guztiek lurralde hartan geratzeko eskubidea erdietsiz. Baina politikaz gain Lopez-Mendizabal kulturgilea dugu Argentinan. 1939an Euzko Deya egunkaria jartzen du martxan lagun batzuekin batera (eta euskarazko atala bere ardurapean hartu), 1941ean, berriz, Andres Maria Irujorekin batera Ekin argitaletxea sortzen du; larunbatero, 26 urtez, euskarazko klaseak eman zituen; 1946an Saski-Naski elkartea sortu zuen (euskal kultura, artea, musika, dantza... zabaltzeko sorturiko elkartea).

Musikalari moduan ere lan handia egin zuen eta Pablo Sorozabalekin kontzertuak eman zituen, bai eta Jose Eizagirre tenore eta lagunarekin. Musika eta moldiztegia elkartuz, Editorial de música vasca sortu zuen musika lanak argitaratzeko.

1965ean Tolosara itzuli zen, moldiztegia martxan jarri eta lanean jarraitzeko, baina ezin izan zuen berreskuratu 1936an plazan erre zioten liburutegi paregabea.

Ixaka Lopez-Mendizabal gizon ilustratua dugu, euskaraz gain gaztelera, frantsesa, ingelesa, alemanera eta italieraz hitz egiten dakiena, Tolosako esperantozale taldeko partaide. Baina orain arte esandakoaz gain Ixaka kirolaria ere bazen, Tolosako eski-taldekoa (jauzi lehiaketetan parte hartutakoa), indusketa lanetan Josemiel Barandiaranekin batera ibilitakoa, Mendikute kobazuloan inoiz zerrendatu gabeko intsektu baten aurkitzailea,... baina batez ere euskararen aldeko militante nekaezina Euskatzaindiako presidenteak aitortu bezala:

"Eta ez nua geiago jarraitzera, bañan bai auxe aizkenik esatera: asko zor diegula, eta zor ori aitortzea dagokigula "aurrelari" (precursor) diran aiei, aien ondotik etorri geran guztiok. Beste izen bat geiago oraindik euskal-kulturaren alorrean bein ere aztuko ez dana: Ixaak Lopez Mendizabal. "Ixaka" neka-egiña -Nork ikusi du iñoiz gure Ixaka, eskuak tolestuta geldirik?- idazle ta argitaltzalle; eta beti Euskeraren alde lanean. Urrutietako periplo luze ta onurakor baten ondoren, gaur berriz ere, bere Tolosa'ko txoko maitean daukagu: urte askotarako!" (Euskera, Bilbao, 1971, 19 orr.).

Berak, berriz, Zeruko Argia aldizkarian 1975eko apirilean eginiko adierazpen batzuetan apaltasun osoz komentatu zuen bere ibilaldia:

"Nere poz bakarra lan egitea izan da. Euskararen eta Euskal Herriaren alde beti lanean jardutea. Horrek bete du nere bizitza. Ezbehar haundiak izan dira gure etxean. Lau gerrate ezagutu ditu eta jakina beste hainbeste lapurreta. Hogeita hamar urtetako atzerria ere ezagutu dut. Baina hori guztia erraz eraman dut. Gorputzez bakarrik egon naiz atzerrian, bihotzez eta lanez beti Euskal Herriaren alde behar hainbat lan ezin egin ahal izatea izan da nere pena bakarra".

1977ko otsailaren 27an hil zen Tolosan editore, idazle, politikari eta beste hainbat lanetan ibilitako Ixaka Lopez-Mendizabal.

Xabier Etxaniz Erle
2012


Images

Our Sponsors