Bertsolariak

Lizaso Iraola, Sebastián

Bertsolari. 1958 -

Sebastian Lizaso 1958ko urtarrilaren 20an jaio zen Azpeitian, Landeta auzoan, eta bertan bizi da gaur egun ere. Jose Lizaso bertsolariaren semea da. Sebastian Lizasok bi seme-alaba ditu, eta semea bertsolaria da. Estilo markatuko bertsolaria dugu, ahots indartsuduna, arrazoiketa-molde bere-berea eta arrakastatsua duena; azpimarratzeko modukoak dira haren estiloan ideietarako azkartasuna eta erantzuteko bizkortasuna eta irmotasuna. Belaunaldien arteko katebegi izan dela esaten da, belaunaldi berrietara eta bertsolaritzaren eskakizun berrietara ondo egokitu den bertsolaria delako. Urtean saio gehien egiten duten bertsolarien arteko bat da Sebastian Lizaso; giroa halako edo bestelako izanda ere ondo moldatzen da. Batez ere ondo komunikatzen duen bertsolaria da. Hala dio bertsozale elkarteko webgunean txapelketen historiari buruzko atalean: "Sebastian Lizaso, 1986ko txapelduna, talentu berezikoa dugu zirian, azkarra erantzunetan eta arrazoibidean. Mendera ezina eztabaidan, Txirritaren eta Pello Errotaren oihartzun eguneratua dakar Lizasok" (Bertsozale).

Lizasok berak esana da: "Sasoi batean, Uztapidek lortu zuen bertsolari bizitzea, baina beste bertsolari guztiek beste lanen bat behar dute, eta beste lan horrek ere behartzen zaitu malgutasun batekin ibiltzera; alegia, saioren bat duzunean denbora libre bat hartzeko" (Berria, 2005). Bera lanbidez saltzailea da; publizitate enpresa batean jardun zuen urte askoan, eta automobil-salmentan ere bai; gaur egun, higiezinen arloan egiten du lan.

Sebastian Lizaso, txiki-txikitatik izan da bertso artean, izan ere, gurasoek taberna zuten eta bertan biltzen ziren bertsotan aita eta lagunak (Etxeberriko Anbrosio, Imanol Lazkano, "Oranda"...). Herri Irratiko txapelketak ere bertan jokatzen ziren; bertsolaritza, etxean, "begiak zabaldu orduko", ezagutu zuela dio Sebastian Lizasok.

Oso txikitatik hasi zen bertsoak buruz ikasten eta lehenengo bertsoa, esaterako, Azpeitiko Zelaitxo zineman kantatu zuen, 5-6 urte izango zituen garaian: aitak prestatutako bertso bat buruz ikasi zuen eta Mugartegiri saria ematean kantatu zion. Baztartxon egiten ziren finaletan kantatu izan zuen gero, bai eta antzerkiren batean ere (bereak eta lagunarenak, lagunak kantatu beharrekoak ahaztuta zeuzkala-eta). Ondoren, Santa eske-giroan hasi zen batez ere kantuan Sebastian Lizaso, hamaika urte zituela, anaiekin eta auzokoekin eskean ateratzen zelarik. Santaren bertsoak buruz zekizkien, eta lantzean bertsoren bat bat-batean botata hasi omen zen.

Hamabost urte zituela deitu zuten lehen aldiz bertsotan joan zedin plazara, hain zuzen ere Gabiriatik. "Gaztetan hartutako muturrekoa gero ere gogoan izaten da" esan omen zioten gertukoek, eta ez joatea erabaki zuen. Hurrengo urtean, ostera, hamasei urterekin, joan egin zen, Imanol Lazkano eta Angel Larrañaga botilero zeramatzala. Ez omen zen bere buruarekin gustura geratu eta bertsotara gehiago joango ez zela esanez egin omen zuen etxerako itzulera-bidea. Bigarren bertso-saioa Azpillagarekin egin zuen, Mutrikun. Orduan bai, orduan pozik itzuli zen etxera, ez bakarrik bertsotan gustura egin zuelako, orduan Azpillagarekin egun-pasa ibiltzea egundokoa zelako bera bezalako gazte batentzat. Ordutik aurrera Euskal Herriko bazter guztietako plazak bisitatu izan ditu kantuan.

Saioetako asko eta asko Andoni Egañarekin egitea egokitu izan zaio Sebastian Lizasori; 1000-1500 saio egingo zituztela batera aitortzen dute elkarrizketa batean (Berria, 2007), are gehiago: askorentzat sasoi bateko bertsolari nabarmenenak dira biak ere, eta bertso-bikote kontsakratu legez, bataren izena bestearenaren eskutik datorkio jendeari. Bada, Andoni Egañak "jarioa" hitzarekin definitzen du Lizaso (Berria, 2007).



Sebastian Lizasok lehenengoz jokatu zuen txapelketan baino ez zion kontzejua eskatu aitari, lehena zelako zegoen arduratuta; baina ordutik aurrerakoetan ez omen dio halako kontsultarik gehiago egin. Aipatzekoa da parte hartutako Txapelketa Nagusi denetan izan dela finalista.

Lehenengo txapelketa 1982an egin zuen, 24 urte zituela. Bada, Euskaltzaindiak antolatutako 1982ko Txapelketa Nagusi hartan finalista izan zen, Jon Azpillaga, Txomin Garmendia, Imanol Lazkano, Jon Enbeita, Xabier Amuriza, Anjel Mari Peñagarikano eta Jon Lopategirekin batera. Orduko hartan Amuriza izan zen txapelduna, eta Jon Enbeita txapeldunordea. Txapelketa hura hastear zela osasun-espezialistak kantatzeko moduan ez zela esan zion Sebastian Lizasori, baina honek joatea erabaki zuen, isilduko bazen txapelketan isilduko zela-eta.

Euskaltzaindiaren eta bertsolari-bertsozaleen artean izandako desadostasunak zirela-eta, 1986ko txapelketa bertsolariek eurek antolatu zuten, zenbait bertsozaleren laguntzaz; horrek eragin zuen denbora gutxira Bertsozale Elkartea sortzea. Bada, 1986ko Txapelketa Nagusian txapelduna izan zen Sebastian Lizaso. Orduko hartan Jon Sarasua, Jon Enbeita, Xabier Amuriza, Iñaki Murua, Anjel Mari Peñagarikano, Jon Lopategi eta Andoni Egaña finalistak garaitu zituen.

1989ko Txapelketa Nagusian txapeldunorde izan zen Sebastian Lizaso Donostian jokatutako finalean, Jon Lopategiren atzean. Hauxe izan zen sailkapena Anoetako saio hartan: 1. Jon Lopategi, 2. Sebastian Lizaso, 3.Euzkitze, 4. Andoni Egaña, 5. Jon Enbeita, 6.Mikel Mendizabal, 7. Imanol Lazkano, 8. Iñaki Murua.

1993ko Txapelketa Nagusian (hura ere Donostian jokatu zen) hirugarren postua izan zuen finalean Lizasok. Orduko hura Andoni Egañak irabazi zuen. Ordurako, belaunaldi berriko bertsolariak ere bazetozela igarri zen finalean berean; honako hauek izan ziren finalean (sailkapenaren hurrenkeran): Andoni Egaña, Euzkitze, Sebastian Lizaso, Unai Iturriaga, Jokin Sorozabal, Jon Enbeita, Anjel Mari Peñagarikano eta Aritz Lopategi.

Sebastian Lizasok jokatutako azken Txapelketa Nagusia 1997koa izan zen; orduan ere txapeldunorde izan zen. Andoni Egañak jantzi zuen txapela. Hauxe izan zen final hartako sailkapena: 1. Andoni Egaña, 2. Sebastian Lizaso, 3. Unai Iturriaga, 4.Jexux Mari Irazu, 5. Mikel Mendizabal, 6. Aritz Lopategi, 7.Jon Maia, 8.Maialen Lujanbio.

Euskal Herri mailako zabalkundea ez duten txapelketetan eta sariketetan ere izan da Sebastian Lizaso, hala nola Gipuzkoako 1991ko txapelketan eta 1999ko Gipuzkoako Herri Arteko Bertsolari txapelketan.

Bi doinu ekarri dizkio bertsolaritzaren doinutegiari Sebastian Lizasok. Lehena "Arratsalde on esanaz hasi" deritzona da, hamaikako berezia, honako egitura metriko hau duena: 10 / 8A / 10 / 8A / 7A / 7A / 8A / 10 / 8A / 10 / 8A (hg) | 18A / 18A / 7A / 7A / 8A / 18A / 18A (ip). Dantzarako doinu-mota da. Bigarrena, ostera, "Arratsalde on lehendabizitik" izeneko doinua da, zortziko handirako doinua, kontakizunezkoa; honako egitura metriko hau du: 10 / 8A / 10 / 8A / 10 / 8A / 10 / 8A (hg) | 18A / 18A /18A / 18A (ip).

Bertsotan aritzeaz gainera, Sebastian Lizasok gai-jartzaile lanak ere egin izan ditu, batik bat Azpeitiako eta inguruko saioetan.