Aiete Films euskal produkzio-etxeak eta José Esteban Alenda S.A. madrildarrak produzitu zuten filma, 1983an.
Imanol Uribek zuzendutako hirugarren film luzea da. El proceso de Burgos (1979) eta La fuga de Segovia (1981) filmekin batera, Euskal Herriari buruzko trilogia bat osatzen du.
Aurreko bi filmetan ez bezala, film honetan -laurogeietako euskal zinemako mugarrietako bat- ikuspegi ilun samarra eskaintzen da euskal gizarteaz. Jadanik ez da ageri Imanol Uriberen El proceso de Burgos filmean ageri den idealismo hura. La muerte de Mikel filmeko gai nagusia intolerantzia da. Istorioa egun haietako gertakari batean dago oinarriturik. Mikel (Imanol Arias) da protagonista nagusia: itsasbazterreko herri bateko farmazialaria. Aldi txar bat igaro ondoren, Mikel ohartzen da homosexuala dela. Erabakitzen du libre bizi nahi duela, loturarik gabe eta, batez ere, bere joera ezkutatu gabe. Trabesti batek sekulako eragina izan du beragan, eta hartaz maitemintzen da. Orduan, familiak baztertu egiten du, eta baita bera sartuta dagoen ezker abertzaleko erakunde politikoak ere. Egun batzuk ematen ditu polizia-etxean. Han dagoela, sekulako torturak jasaten ditu, iraganeko gertaera batzuengatik, eta bere etxean hiltzen da, era bitxian, giltzapetik irten eta laster. Hortxe dago filmaren gakoa. Nork hil du ote Mikel? Amak pozoitu ote du, herritarren esamesak ez entzuteko? Jasandako torturen ondorioz hil ote da?
Mikel, Uriberen idealismoa bezala, guztien artean hil dute. Inor ez da salbatzen gizarte intolerante horren erretratu gupidagabean. Agerian dira borrero guztiak: herritarrak errukirik gabe torturatzen dituen polizia, ezarritako arauak hausten uzten ez dituen familia-klana, erasian aritzea maite duen biztanleria bat, eta, azkenik, haren sexu joeragatik militante bat gutxiesten duen alderdi politiko bat, zeinak, hura hil denean, goretsi egiten baitu, eta haren hilotza erabili, helburu zehatz batzuk lortzeko. Filmaren egiturak azalpen berezia merezi du. Uribek talentu handia erakutsi zuen. Flash back-aren bitartez, ederki lotzen ditu Mikelen hiletaren irudiak eta haren historiaren kontakizuna. Bai istorioaren erabakitze teknikoan, bai edukietan, Uriberen lana primeran dabil. Estreinatu zenean, laurogeigarren hamarkadako euskal filmik arrakastatsuena bihurtu zen La muerte de Mikel. Ez da harritzekoa.
Carlos Roldán Larreta
2010