Kontzeptua

Lamina

Urari loturiko izaki mitologikoa, emakume eder itxura eta oilo, ahate edo ahuntz oinak dituena. Bere ile mataza luzea urrezko orraziaz orrazten ematen du denbora, eta arrunt erakargarri gertatzen da gizonentzat.

Laminen izen bera, latineko lamia-tik datorrenik nekez jar daiteke zalantzan, baina euskal laminen nortasunak ez du apenas zer ikusirik haiekin. Biak dira neskatila ederrak, baina edertasun horretan amaitzen dira berdintasunak. Mundu klasikoko laminek jan egin ohi dituzte seduzitu dituzten amoranteak, eta gurean berriz ez da honelakorik inoiz erregistratu. Izan ere, euskal laminek, izena lamiena bai, baina izana ninfa klasikoena dute: uraren ondoan bizi diren neskatila eder eta lotsati samarrak. Ikustea ez da zaila, orduak ematen baitituzte ur ondoko harriren baten gainean haien ile luze zoragarria urrezko orrazi batez orrazten. Laminak hain ederrak izaki, sarritan gertatzen da haietako bat ikusten duen gizona hartaz maitemintzea, eta haren ahuntz edo ahate antzeko oinak ikustea ere ez da nahiko izaten gizonaren maite-mina deuseztatzeko. Oin zoomorfiko hauen motiboa euskal lamien bereizgarria da, munduan zehar kasu bakarra ez bada ere. Arabiar tradizioko Sabako erreginaren legendan ageri da, bai eta Eskoziako glaistig izeneko lamin-antzeko izakian ere, biotan gainera, euskal laminen kasuan bezala, ezaugarri hori deabrukeri zantzurik gabekoa izan daitekeelarik. Halere, ezaugarri horrek laminen ez-gizatasuna azpimarratzen du eta bikotearen etorkizuna zapuztu, zapuzte honek gizon maiteminduaren malenkoniazko heriotza dakarrelarik.