Arkitektoak

Labayen Toledo, Joaquín Lucio

Arkitekto tolosarra. 1900. urteko abenduaren 14an jaio zen Tolosako Idiakez Plazan. Ama tolosarra eta aita jatorriz Argentinakoa zituen. 1995 urtean sendu zen.

Madrilgo Arkitektura Goi Eskola Teknikoan ikasi zuen, 1919 eta 1921 urteen bitartean Oviedo eta Madrilen eskolara sartzeko prestakuntza kurtsoak egin ondoren. 1927an eskuratu zuen arkitekto titulua. Modesto López Otero eta Teodoro de Anasagasti egon ziren bere irakasleen artean, eta ikaskide izan zituen, esaterako, Javier Barroso, Vicente Eced, Luis Moya eta José Manuel Aizpurua Azqueta. Azken honekin ikasle urte guztietan zehar laguntasun estua mantendu zuen. Madrilen pentsioetan ostatu hartu zuten biek, baina Ikasle Egoitzako ekintza kulturaletan era aktiboan parte hartzen zuten. Bien adiskidetasuna tandem profesional sendo bat osatzera iritsi zen, eta ikasketak bukatu bezain pronto Donostiako Prim kalean beren estudioa zabaldu zuten, Labayen & Aizpurua.

Artearen munduarekiko interes berezia zuten biek, eta garaiko margolari, arkitekto eta idazleekin harremanetan egoten ziren, esaterako Benjamín Palencia margolaria, Garcia Lorca poeta, eta Manuel Sánchez Arcas, Fernando García Mercadal eta Luis Vallejo arkitektoekin. Hain zuzen ere, García Mercadalen bitartez jarriko ziren harremanetan CIRCAPek -Comite International pour la Realisation de l'Architecture Contemporaine- antolatzen zituen arkitektura modernoaren inguruko biltzarrekin. Honela, bi arkitekto gipuzkoarrak CIRPAC-en filial espainiarra izango zen GATEPAC -Grupo de Arquitectos y Tecnicos Españoles para el desarrollo de la Arquitectura Contemporánea- taldeko oinarrizko kide izan ziren, Grupo Norte zelakoan.

Bere kabuz egindako lanari buruzko adibide gutxi ezagutzen ditugun arren, Labayen & Aizpurua estudioaren garaietako lana aski ezaguna egin zen. Etapa edo periodo desberdinetan bana genezake euren ibilbide profesionala, momentu bakoitzeko gertaera soziokulturalen eraginez beren lengoaia arkitektonikoak izandako bilakaeraren arabera. Hasierako urteetan erakutsi zuten modernitatea eta abangoardiekiko mirespenak ez du zer ikusirik azken urteetako lanekin, estilo internazionalari alternatibak bilatzearen aldekoagoa, eta Aizpuruaren militantzia falangistaren eragin nabariaz.

Lehen periodoa, seguruenik garrantzitsuena, 1927an hasten da, beren estudioaren zabalpenarekin, eta 1931n amaitzen da, II. Errepublika deklaratu zenean eta GATEPACen kolaboratzen hasi zirenean. Lehen urte hauetako lanetan 20ko hamarkadako "ismo" guztiek presentzia handia dute, neoplastizismoak bereziki. Esaterako, Donostiako Ulia mendian egindako jatetxearen proiektuaren planoetan ikusi dezakegu eragin hau, zeinetan oinarrizko koloreekin egindako konposizioak ahalegin neoplastizista argia islatzen baituen. Berdin deskriba ditzakegu Granadako Medizina Fakultaterako proiektua, eta beren Studio-arena. 1928ko martxoan egin zuten diseinu honetan, beren lokala artearen laborategi bat bezala proiektatzen da, hartu-eman kultural eta artistikoetarako leku bat bezala. Europan zehar pil-pilean zebiltzan korronteen sintesi lan bat dirudi: izaera exhibizionistako fatxadak plano, kolore eta errotuluz osatutako konposizio deigarria zuen. Gainera, estudioaz gain, artearen boutique bat ere bazen, eta erakusleiho zabal baten bidez beren lanak eta maketak erakusten ziren. Barrualdean, berriz, beren lagun artisten lanak erakusteko galeria bat zuen, eta baita liburutegi bat ere tarte-solairuan. Honela, 15 metro karratu eskaseko lokal hau, gizarte artistiko eta kulturalaren -eta beranduago falangistaren- bilerarako espazioa bihurtuko zen.

1928an jaso zuten beren lehen enkargu garrantzitsua, eta agian azkena: Donostiako Club Nautikoarentzat eraikina. Momentu hartan Labayenen estudioak urtebete eskaseko lanbide esperientzia dauka, baina lan hau izango da beren izena goratu zuena, baita internazionalki ere. Lehen proiektua 1928an gauzatu eta aldaketa batzuk egin ondoren, 1929ko urtarrilean entregatu zuten behin betikoa, eta orduantxe hasi zen eraikitzen. Eraikuntzak denbora-markak hautsi zituen, bederatzi hilabetetan amaituta baitzegoen. Eraikinak hedabide profesionaletan oihartzun handia izan zuen, are gehiago, New York-eko MOMA Arte Modernoaren Museoan 1932an ospatutako The International Style erakusketa famatuan parte hartu zuen Espainiako eraikin bakarra izan zen, eta gaur egun Europako arkitektura arrazionalistaren adibide esanguratsuenetakoa da. Proiektua Le Corbusier-en estiloari erabat fidela da: izan ere, 1925ean Labayen eta Aizpuruak Vers une Architecture idazkiaren bidez lehen aldiz arkitekto suitzarraren berri izan zutenetik, bere ibilbidearen jarraitzaile bihurtu ziren.

Club Nautikoaren erreforma eraikin zaharraren gainean garatzen da, hormigoizko itsasontzi baten antzera, bertan klubaren instalazio berriak jasoaz, hau da, aldagelak, almazena, jatetxea, taberna, egongela, liburutegia, joko-aretoa, festa-aretoa eta bulegoak. Soluziobide arrazionalak bilatzen ditu, oinplano artikulatuak eta honen isla hutsa diren altxaerekin. Beirate zabalak Kontxako badiara zabaltzen dira, eraikinaren edozein puntutik ikusmirak dominatzeko helburuaz. Altzarien hautaketak ere, diseinu xume eta funtzionalekoak, garbiketa eta erabilera erraza bilatzen du, eta gehienbat zura erabiltzen da espazio epelak lortzeko. Argazki zaharrek eraikina hasiera batean kolore desberdinez margotua zegoela erakusten duten arren, beranduago zuri hutsez margotu zuten.

Hala eta guztiz ere, Labayen eta Aizpurua arkitekto gazteek Le Corbusier-en printzipioak zalantzan jarri zituzten denbora gutxian. 1929an, Club Nautikoaren proiektua entregatu eta hilabete batetara, Basilean CIRPACaren inguruko bilera bat izan zen, eta bertan Objetibitate Berria izenekoaren partaideek Le Corbusier gogor kritikatu zuten. Ikuskera funtzionalista berri bat, zientifikoagoa, planteatzen zen, Le Corbusier-en iritziaren aurka. Honela, arkitekto gipuzkoarrak pixkanaka beren lehen etapako bulkadaz libratuko dira. Aurreragoko beste bi proiektutan ikus ditzakegu oraindik ere Le Corbusier-en bost puntuekiko fidel, Ibarrako eskoletan eta Tolosako Kasinoan, baina hauek izango dira azkenak.

Honen isla argia da Hondarribiko Jesús Olasagastirentzako Etxea proiektua, 1931n egina. Pilotisak desagertu dira, baita leiho jarraiak eta ordura arte erabilitako beste ezaugarri batzuk ere. Le Corbusier-en erreferentzia beti izango dute gogoan beren lanetan, baina jadanik ez hain modu argian. Proiektu hau izango da, hain zuzen ere, Labayen eta Aizpuruaren lanaren bigarren etapako lehen lana. Aurrerantzean, Objetibitate Berriaren ideietara gerturatuko dira gehiago: ikuspegia zientifiko eta teknologikoagoa da, eguzkitzapena, higienea eta eraikuntza sistemari lehentasuna ematen zaie, ez da hain erretorikoa eta, batez ere, arazo sozialei estu lotua dago. Izan ere, II. Errepublika ezartzean eman zen egoera politiko berriak garapen sozialen aldeko panorama baten sorrera eragin zuen, eta bestalde, erdialdeko Europan etxebizitza soziala eta eskolaratzearen inguruan lan handia ari zen egiten. Labayenek, bere lankidearekin batera, GATEPACen sorreran parte hartu zuen, eta ondorioz beren estudioa CIAMeko (Congreso Internacional de Arquitectura Moderna) bileretan proposatutako arkitektura eta hirigintza berriaren ordezkari izango zen, A.C. Actividad Contemporánea aldizkariaren bitartez hedatuaz.

Esate baterako, Bilboko Udaletxeak Solokoetxen etxebizitzak eraikitzeko deitutako deialdian, Labayenen estudioak CIAMeko II. eta III. biltzarretan etxebizitza sozialaren inguruan ikusitakoaren erreprodukzioa ziren. Etxebizitzak zelula indibidual gisa lantzen dira, ekonomia eta garbitasun arrazoiengatik korridoreen bitartez komunikatuak, eta igogailuak ere erabiltzen dira. Bestalde, behe solairuan zerbitzu komunak proiektatzen dira, liburutegia, igerilekua, zelai irekia eta kiroldegia, adibidez.

Ziklo hau 1933an itxi zen, CIAMen IV. bilerarekin eta bertan idatzitako Atenaseko Gutunarekin batera. Urte honetan Labayen eta Aizpuruak egindako proiektuak beren arkitekturak lortutako heldutasun handiaren erakusle dira. Lengoaia arin, argi eta zorroztasun formal nabarikoa, funtzionalismoarekin zuzenean erlazionatua. Donostiako Ospitalearen lehiaketarako proiektua, Labayenek Eduardo Lagarde, Manuel Sánchez Arcas eta Aizpuruarekin elkarlanean proiektatua, Europako ospitale-arkitekturaren inguruko eztabaidaren adierazgarri da, eta ekonomia eta eraginkortasun irizpideetan oinarritzen da.

Geroago, beren arkitekturak Espainiar arkitektura modernoaren inguruko eztabaidan agertzen da interesatua, tradizioa eta modernitatearen arteko sintesiaren inguruan batez ere. Urte hartan bertan irabazi zituen Alemaniako hauteskundeak Hitlerren alderdi nazionalsozialistak. José Manuel Aizpuruak, Labayenen lankideak, Espainiar Falangearen fundazioan parte hartu zuen, hein batean José Antonio Primo de Riverarekin zuen adiskidetasuna zela eta. Joaquín Labayen posizio abertzaleetara gerturatzen zen gehiago, eta inoiz ez zuen bere lankidearen posizio politikoa begiko izan, baina honek ez zuen beren adiskidetasunean eta jarduera profesionalean eragin. Baina Falangea legez kanpo geratzean Aizpurua atxilotua eta fusilatua izan zen 1936an, eta honek Labayen & Aizpurua estudioaren amaiera suposatu zuen. 40ko hamarkadan, gerraostean, Joaquín Labayen Tolosara itzuli zen bere kabuz lan egitera, lehenago ezagututako giro kulturaletatik urrun, eta 1995ean hil zen arte bertan jarraitu zuen lanean.