Literatoak

Munarriz, Jose Luis de

Idazle eta negozio-gizona, Lizarran (Nafarroa) jaio zen 1762an eta 1830eko uztailaren 18an hil zen.

Goi mailako ikasketak Salamancan egin zituen, literatur ibilbidea bertan osatu zuen eta 1796an Madrila joan zen bizitzera. Filipinetako Errege Konpainiako idazkaria izan zen. 1795ean San Fernandoko Errege Akademian ohorezko akademiko gisa hartu zuten eta 1802ko uztailaren 24ko saio publikoan sari-banaketako hitzaldia eman zuen. Erakundean beste eginbehar batzuk ere bete zituen. Ildo horretatik, ardura hauek hartu zituen: Akademiak bildutako hainbat obraren azterketa egitea, hainbat marrazketa-eskola berri sortzeko planak aztertu zituen, Arte Ederrei buruzko errege-aginduen eskuliburua osatzeko dokumentuen bilduma egin zuen eta hainbat memoria aurkeztu zituen erakundean bertan; horietan irakaskuntza hobetzeko planak garatu zituen eta, horretarako, Milan eta Boloniako akademietan eta Vienako inperialean jarraitzen zituzten ikasketa-programak laburbildu zituen. 1807. urtean, Bosarte ordezkatu zuen Akademiako idazkaritzan eta Galiziara joan zen Independentzia gerrak iraun bitartean. Errege Ospitaleetako Zuzendaritza eta Gobernu Batzordeko kontseilaria izan zen. 1813an berriro ere aktibo azaldu zen, Akademiari arte nobleen azterketarako plana aurkezten. 1815ean Munarriz Filipinetako Errege Konpainiako zuzendari izendatu zutenez, komenigarri ikusi zuen Akademiako idazkari karguan dimititzea, baina Fernando VII.ak berak bultzatuta, bertako kontseilari gisa jarraitu behar izan zuen. 1820an, Nafarroak Espainiako Gorteetako ordezko diputatu gisa aukeratu zuen eta 1821ean, berriz, diputatu titular izendatu zuten. 1820an bertan, Sociedad Patriótica de Pamplona elkarteko kide gisa agertuko da.

Munarrizen ospeak literaturaren munduan batik bat egin zuena Hugo Blair-en erretorika eta arte ederrei buruzko ingelesezko lana itzultzea izan zen. Lecciones sobre la Retórica y las Bellas Artes, por Hugo Blair izena zuen eta Madrilen argitaratu zen lehenengo aldiz 1798-1799 artean lau liburukitan eta 1804an berriro argitaratu zen Madrilen berriz ere. Obra eztabaida gogorren iturri izan zen agertu zenetik, batez ere, Munarrizek gaztelania eta literaturari buruz gehitutako zatietan. Moratin izan zen Munarrizekin bihozgabe jokatzeagatik seinalatu zutenetako bat. Cienfuegos, Quintana eta Salamancako taldeko poeta adiskideek, aldiz, defendatu egin zuten. Obra horrez gain, Munarrizek honako hauek ere idatzi zituen: Compendio de las lecciones sobre la retórica y bellas artes de Hugo Blair, Madrilen argitaratua 1815ean; Sitio y destrucción de San Sebastián izeneko eleberri historikoa, Madrilen argitaratua 1813an (Manuel Iribarren-en arabera: Escritores navarros de ayer y de hoy, Iruña 1970, 154. or.); Filipinetako Konpainiari aurkeztutako Ekialdeko Indiako merkataritzari buruzko ingelesezko liburuaren itzulpena eta San Fernandoko Akademian gordetako Observaciones varias sobre las artes en Salamanca idatzia. Bizitzako azken urteak ilunantzean bizi izan zituen Munarrizek. Independentziako gerraren ostean Goya-k egin zion erretratu bikaina geratuko zaigu, ordea.

Erref. Julio Caro Baroja: La hora navarra del siglo XVIII: (personas, familias, negocios e ideas), 406-409. or.. Munarrizek H. Blair-en obraz egindako itzulpenari buruz eta argitaratu zenean sortutako polemikari buruz hemen ikus daiteke: Manuel Menendez y Pelayo: Historia de las de las ideas estéticas en España, VI. liburukia, Madril 1904, 104- 109. or.