Pintoreak

Ruiz de Egino, Iñaki

Donostian 1953ko maiatzaren 8an jaiotako pintore, eskultore eta grabatzaile gipuzkoarra.

Zaragozako arte-eskolan graduatu zen. Bertan Grupo Forma izeneko taldean parte hartu zuen modu aktiboan.

1974an bakarkako lehen erakusketa egin zuen Gipuzkoako Artisten Elkartearen aretoan. Urte berean Euskal Pinturako Sari Nagusia jaso zuen, Donostiako San Telmo Museoan ospatutako ekitaldian.

Pintura espresionista abstraktua landu zuen 1977. urtera arte eta une horretatik aurrera espazio plastikoari buruzko ikerketa pertsonala abiatu zuen. Horren adibide dira serie hauek: Realismo Cosmogónico Mágico (1977-1980); Pintura tetradimensional (1980-1985), Espacio & Materia estética (eskultura).

1982. urtean "Geométricos Vascos" izeneko erakusketa enblematikoa antolatu zuen, Donostia, Bilbo, Gasteiz eta Iruñean izan zena ikusgai.

Hurrengo hamarkadetan lengoaia geometrikoa aplikatu zuen eskulturan eta pinturan, eta bere ezagutza sakondu zuen material eta euskarri gehiago erabiliz: besteak beste, burdina, aluminioa, brontzea edota altzairu herdoilgaitza. Horrela, bere teknika erliebetara eta grabitazio-suspentsioetara eraman zuen.

Laurogeiko hamarkadakoak dira hurrengo serie hauek: Elementos de utillaje tradicionales, Arquitectura rural, Papel y cuerdas eta Suspensiones gravitacionales. Dagoeneko 90eko hamarkadan Contemplación concreta, Intimidad callada eta Plástica espacial serieak sortu zituen.

Bere ibilbidean zehar sari ugari jaso ditu eta bere obra museo askotan zein bilduma pribatu eta publikotan dago ikusgai.Bestalde, Iñaki Ruiz de Eginok lan adierazgarria garatu zuen idazle eta arte-kritikari modura, eta bere kolaborazioak, besteak beste, Diario Vasco, Diario de Navarra, Noticias de Gipuzkoa eta Deia egunkarietan aurki daitezke. Halaber, azpimarragarria da erakusketetako komisario modura egindako lana.

Informazio gehiago Iñaki Ruiz de Eginoren web-orrian.

  • Diccionario de Pintores y Escultores Españoles. 10 libk. Forum Artis S.A. Argit. Madrid (Dir. Mario Antolín)
  • Diccionario de Constructivistas españoles. Madrilgo Udaletxea Argit, 1987.

  • Diccionario de Pintores Vascos. 3. libk. 192, 193 or. Beramar Argit., S.A. Madrid, 1989.

  • Abstracción Vasca Inicio y desarrollo: 1928 - 1980. Ed. BBK, Kutxa, Caja Vital, 1996.
  • Pintura Vasca Siglo XX - XX Mendeko Euskal Pintura. VVAA. Edit. Fundación Kutxa 1999.
  • 50 Años de escultura pública en el País Vasco. Universidad del País Vasco, UPV- EHU. Bilbao. 2000.
  • Quién y por qué. Edit. Arte y Patrimonio. Madrid. 2000.