Pintoreak

Lecuona Echaniz, Antonio Maria

Gipuzkoar margolari kostunbrista. Tolosan jaio zen 1831ko urtarrilaren 17an, eta Ondarroan hil, 1907ko irailaren 26an.

Margoa ikasi zuen Cosme Duñabeitia jaunarekin, Iruñean, eta Madrilgo San Fernandoko Arte Ederretako Eskolan ere bai. 1850ean, Madrileko Natur Zientzien Museoan marrazkilari zientifiko izateko oposizioetan parte hartu zuen. Lehia handikoak izan ziren, baina plaza lortu zuen. Hogeita bi urtez karguan egon ondoren, uko egin eta Bilbora joan zen, eta bere bigarren pintura estudioa muntatu zuen bizkaitar hiriburuan. Lehenbiziko estudioa Madrilen izan zuen, eta Natur Zientzien Museoko marrazkilari-karguarekin paraleloan aritzen zen bertan. 1856, 1860, 1864 eta 1871 urteetan, Arte Ederretako Erakusketa Nazionalean parte hartu zuen. Era berean, beste erakusketa batzuk egin zituen, eta horien artean, duten interes artistikoarengatik nabarmentzekoak dira Bilbon egindakoak (1882an eta 1900ean) eta Baionako Nazioarteko Erakusketa (1864). 1873an, Karlos VII. hautagai karlistaren gorteko margolari ofizial izendatu zuten. Garai hartan, Lecuonak izen oso ona zuen erretratugile gisa.

Honako donari eta sariak lortu zituen: Ohorezko Aipua, 1860ko Arte Ederretako Erakusketa Nazionalean, Costumbres vascongadas izeneko koadroarekin eta Brontzezko Domina, Bizkaiko Probintzia Erakusketan (Bilbon, 1882an). Antza denez, azken lehiaketa horretan, epaileek ez zituzten sariak zuzentasunez erabaki, eta Jose Maria Lecuonak zin egin zuen ez zuela berriz ere inongo lehiaketatan parte hartuko. Orduz geroztik, bere ikasle ugariei pintura-eskolak emateari bete-betean ekin zion.

Artelan ugari sortu zituen. Horien artean, honako hauek ditugu pinturaren ikuspegitik interesgarrienak: Vista de la colegiata de Loyola; La limosna; La bendición de la mesa en un caserío de Vizcaya; Retrato de D. R. L.; Costumbres vascongadas; Coloquio entre dos bebedores; Fiesta campestre en las inmediaciones de Durango; Santa Cecilia; Retrato de D. J. T.; Una niña haciendo calceta; Una limosna en un caserío de Guipúzcoa; Entrática en las Huelgas; Retrato de Chistu; Etcheko jauna; Romería en Salvatore, Domingo Guzman Bilbaoren bilduman dagoena; Juramento de don Carlos de Borbón, bajo el árbol de Guernica, como señor de Vizcaya, 1875ean egin zuen, eta hurrengo urtean, herriko plazan erre zuten, tropa isalbeldarrek Gernika hartu zutenean; Retrato de don José María Iparraguirre (Lecuonak beste bi erretratu egin zizkion Jose Maria Iparraguirre olerkari ibiltariari, eta lehengoarekin alderatuz, aldaketa txiki batzuk dituzte). Azken bi koadroak Buenos Aireseko Laurak Bat Elkartean daude, eta beste bat Urretxuko Udaletxean. Horrez gain, San Ignacio herido en la heroica defensa del castillo de Pamplona ere azpimarratzekoa da. 1884an egin zuen, eta San Ignaziori zauria Iruñean sendatzen dion kirurgilariaren burua margotzeko, Miguel de Unamuno izan zuen eredu. Obra hunkigarri hori Loiolan aurki daiteke.