Auñamendi Eusko Entziklopedia
Fondo Bernardo Estornés Lasa

Buscador

Home > Auñamendi > Juan Mari Lekuona Berasategi

Juan Mari Lekuona Berasategi

Oyanburu.


toolbox

  • editions:
    • 2005
  • other languages:
    • ver en castellano
  • escuchar
  • share

Idazlea. Oiartzunen (Gipuzkoa) jaio zen 1927ko azaroaren 11n. Donostian hil zen 2005eko abenduaren 5ean.

Manuel Lekuonaren iloba. Ikasketa Eklesiastikoak burutu zituen Gasteizko Seminarioan eta Erromako Unibertsitate Gregorianoan.

Irakasle izan zen Donostiako Elizbarrutiko Seminarioan eta baita hiri berean kokatutako Gipuzkoako Unibertsitate eta Teknika Ikasketetan ere (EUTG). Euskaltzain urgazlea izan zen. Hainbat lanen egilea da: Mindura gaur poesia-lana, Donostia (1966), Ezkongai (itzulpena), Donostia (1956) ; 1968an Ideario ascético-pastoral de Fray Bartalomé de los Mártires, O. P., (1514-1590) lana argitaratu zuen Gasteizen (doktorego-tesia); Muga beroak poesia-antologia Gero edizioen eskutik, Bilbo (1973) eta Ilargiaren eskolan (1979). Hainbat aldizkaritan kolaboratu zuen: Olerti, Egan, El Bidasoa, Zeruko Argia, etab. San Tomaseko poesia lehiaketan (1950) lehen saria eskuratu zuen eta baita Arantzazukoan ere (1951) "Ama" gaitzat hartuta. 1981ean euskaraz idatzitako Poesiaren Sari Nazionala jaso zuen; 1982an euskal ahozkotasunari buruzko Ahozko euskal literatura ikerketa argitaratu zuen, Erein argitaletxearekin, Donostia.

Honatx Nicolas Alzolak Mindura gaur lanari buruz esandakoa:

"Juan Maria Lekuona idazle ona, poeta ona eta artista ona da. Zenbaitetan gaiak ongi apaintzen dituen pintorea dirudi. Gehienetan sentimendu sakona erakusten du. Sentimenduak espresatzeko espiritualtasun egarria oihu bilakatzen du". (Itzulpen moldatua gazteleratik)

Xabier Letek, berriz, honakoa aipatzen du Muga beroak laneko hitzaurrean:

"Liburu hau ez da, sarritan gertatzen den moduan, unean-uneko moda bati edo jarrera bakar bati jarraiki egindakoa. Ez da egile gazte berriak korrika eta presaka utzitako lehenengo emaitza... Lekuonaren liburua gure herriko historiaren epe nahiko luze eta garrantzitsu bateko une berezietan taxutzen joan den zera da. Bakoitzak garai hartan zituen kezkak, formak eta estiloa adierazten dira liburuan; baina baita gauzei aurre egiteko eta gauzak pentsatzeko eta ikusteko moduak ere, eta Juan Maria beraren funtsezko desirak ere bai... Mailan eta modu ezberdinean, Kuan Mariaren liburua azken urteetako gure historiaren erakusgarri oso bizi eta interesgarria da". (Itzulpen moldatua gazteleratik)

Oso gaztetatik ezagutu zuen euskal literaturaren tradizioa. Beranduago, Orixe, Lizardi eta Lauaxetaren poesia besarkatu zuen. Donostiako langile auzo batean apaiz egon zen lau urtez. Horrek eragina izan zuen bere idazlanetan. 60ko hamarkadan idazle berrien belaunaldi oso baten gidari izan zen. Euskaltzaindiko euskaltzain oso eta lehendakariorde izan zen, eta bere bizitzako urte asko literatura herrikoia eta euskal kultura irakasten eman zituen.

Mimodramak eta ikonoak liburua idatzi zuen (Erein, 1990) eta Ibilbidea-Itinerario lan osoen liburua ere berak idatzi zuen, gaztelaniazko itzulpenekin (Euskal Herriko Unibertsitateak argitaratua, 1996an). Horrez gain, XX. mendeko poesia kaierak (Susa, 2000) antologia-bilduman ale bat eskaini zitzaion.

Iñaki Aldekoak Lekuonaren poesiari buruz egin duen ikerketa (Historia de la literatura vasca, UNED, 2000) laburbilduz, zera esan daiteke: Lekuonaren lehen liburuan, urte askoko materiala pilatuta egin zuen liburuan (Muga beroak), gerra aurreko belaunaldian oinarritutako lirika barneratzen dela, surrealismo teluriko baterantz gerturatzen dena; testuinguru horretan, funtsezko lau elementuek (lurra, sua, airea eta ura) haien espirituarekin batera, Lekuonak zuen gizakiaren ikuspegia osatzen dute. Bere bigarren poesia-liburua Bergmanen Gritos y susurros filmean oinarritzen da. Liburu horretan, protagonisten gorputz femeninoak aztertzen ditu hiru ikuspuntutatik (fikzioa, irakurketa sinboliko eta kulturala eta estilizazio herrikoia), aipatutako gorputzei darien komunikaziorako gaitasuna azaleratzeko.

Aldekoak dioenez, Mimodramak liburuan:

"poeta kontzientziaren sakontasunean barna murgiltzen da formalaren eta ahozkoaren aurreko erraietara iristeko; hara, irudiak ideien aurretik lekutzen diren ludira, historiaren barneko zimendua osatzen duten erritmo eta irudien errepertorioa arakatzeko asmoz-irrika ikoniko batek bultzatuta-; haitzuloak, mendiak, basoak eta ibaiak elezahar, mito, kantu eta erlijio-errituz arintzen diren minberatasun eta ikaraz beteta dauden lekura. (...) Hirugarren liburu honetan euskal gizakiaren esperientzia estetiko eta erlijiosoa jaso nahi izan du". (Itzulpen moldatua gazteleratik)

Beste alde batetik, Aldekoaren ustez Lekuonaren poesia "Bernardo Atxagarren poesiaren beste muturrean" kokatzen da eta "apoliniarra eta arrazionala da".

Xabier Lete poetak hurrengo lerroak idatzi zituen Muga beroak liburuko hitzaurrean:

"Liburu hau ez da, sarritan gertatzen den moduan, unean-uneko moda bati edo jarrera bakar bati jarraiki egindakoa. Ez da egile gazte berriak korrika eta presaka utzitako lehenengo emaitza... Lekuonaren liburua gure herriko historiaren epe nahiko luze eta garrantzitsu bateko une berezietan taxutzen joan den zera da". (Itzulpen moldatua gazteleratik)

Lekuonak bi liburu argitaratu zituen ahozko literaturari buruz: Ahozko euskal literatura (Erein, 1982) eta Oiartzungo kantutegia: bertako herri memoriatik (Oiartzungo Udalak argitaratua). Bere osabaren biografia bat ere argitaratu zuen: Manuel Lekuona Etxabeguren (Eusko Ikaskuntzak argitaratua, 1996).

Deustuko Unibertsitateak Lekuonak hainbat aldizkaritan idatzitako literaturari buruzko artikuluak jaso eta Ikaskuntzak euskal literaturaz (1974-1996) liburuan argitaratu zituen.

1997an Lekuonaren poesiari buruzko ikerketak barneratzen zituen liburu bat argitaratu zen, Leiho-oihalen mugetan (Erein). Sebastian Garcia Trujillo, Amaia Iturbide eta Jon Kortazarrek taxutu zuten liburu hori.

Félix Ibargutxi Otermin
2005


Related news


Images

Our Sponsors