Kontzeptua

Mairu

Izen hori erabiltzen da, oro har, beste garai bateko gizon ez-kristauak, paganoak, alegia, izendatzeko. Oraindik, mairu esaten zaie bataiatu gabe daudenei, kristau ez direnei: hortaz, Garazi inguruan mairubeso esaten diete bataiatu gabeko haurren edo bataiatu gabe hil diren haurren besoei. Mairu terminoa nahiko hedatua dago oraindik; askotan monumentu megalitikoekin lotutako hainbat izenetan: Mairubide "Mairuen bidea" (Oiartzungo harrespilak), Mairuilarri "Mairu hilarria" (Zugarramurdiko harrespilak), Mailarreta edo Mairuilarrieta "harrespilak dauden ingurua" (Otsondo-Mondarrain mendi gainean), Mairuetxe "Mairuen etxea" (zutik jarritako harriak Buluntsa mendian, Mendibeko trikuharria eta Okabe inguruan), Mairu-arhan elorri beltza "Mairuen aranondo", Mairu-ilhar eta Mai-ilar "Mairuen zalkea", Mairukeri "jokabide basatia".

Hainbat gotorretxe Mairuek eraikiak direla esaten da; hala nola Irisarrikoa, Donamarteakoa (Lekunberri), Aphatea (Duzunaritze), Logras (Zaro), Larrea eta Lahostanea (Ispuru). Hainbat trikuharri eta harrespil Mairuek eraiki zituztela esaten da; hala nola Zugarramurdiko Ibañetakoak, Oiartzungoak eta Buluntsakoak. Nafarroa Behereko, Lapurdiko eta Gipuzkoak ekialdeko muturreko zenbait kondairatan agertzen dira izen hau duten pertsonaiak eta aipatu ditugun funtzioak betetzen dituzte. Lan horiek beste izen batzuei lotuta daude beste inguru batzuetan: mairi, maru, moru, moro, jentil, maide, lamina, sorguin, etab.

Kondaira batzuetan, Mairuaren beso lehortuak edo haren besoko hezurrak bertute misteriotsuak ditu. Mairu-beso du izena, bataiatu gabe, kristau bihurtu gabe, alegia, hildako umearen besoko hezurra, hain zuzen. Kontakizun horietan, protagonistak hezur hori gaueko iluntasuna argitzeko zuzi gisa erabiltzen du eta, batzuetan, zuzi hori piztuta dagoen etxeetako jendea lokartzeko ere bai. Kondaira hori, Garazi inguruan behintzat, ezaguna da. Hala ere, gauean argia egiteko giza hezurrak erabiltzen dituzten pertsonaiak beste toki batzuetan ere badira: Ataunen (Gipuzkoa) eta Meñakan (Bizkaia), esaterako. Bataiatu gabeko haurrei, beraz, Mairu -ez kristauak- esaten zaie eta horrela, bataiatu gabe hilez gero, etxearen inguruko lurretan edo baratzean lurperatzen zituzten.