Auñamendi Eusko Entziklopedia
Fondo Bernardo Estornés Lasa

Buscador

Home > Auñamendi > Ingurutxoa

Ingurutxoa


toolbox

  • editions:
  • other languages:
    • ver en castellano
  • share

Historia laburra eta gaur eguneko egoera

Ingurutxoaren jatorriaz gutxi dakigu, Erdi Aroko aipaturiko dantza batzuekin duen zerikusiaz gain, eta soka-dantzek baino dokumentazio askoz ere txikiagoa utzi egin du. Adibidez, Azkuek, bere kantutegian, bakarrik Beteluko (I, 394-395), Etxarri Aranatzeko (I, 433-438) eta Aribeko (I, 453) doinu batzuk sartu zituen. Aipatu dugun bezala, bere ohorez edo protokolozko erabilera ez dirudi soka-dantzarena bezain garrantzitsua, eta dudarik gabe honek ere eragina izan du afera honetan. Ikusi dugun bezala, gainera, ingurutxoak batez ere Nafarroako dantzak dira, eta beraz ez daude zonalde kantabriarrean, Euskal Berpizkunde Kulturalak eta alderdi nazionalistek euskal eredu ia bakartzat jo zutena.

Azken hauek, batez ere EAJko adar batzuek, bereziki ezpata-dantzan, hots, Durangaldeko Dantzari-dantzan, jarri zuten bere ahalegina. Agian ingurutxoak garrantzia handiena zuen lekuan ere, Leitzan, sartu zuten danta hori, eta arrakasta hain handiz, ezen gaur egun erabat bereganatuta duten ezpata-dantza eta berezkotzat jotzen dute herri horretan. Baina adibidez, La Voz de Navarra gerra baino lehenagoko egunkari abertzaletik esan zen behin baino gehiagotan ezpata-dantza horretaz gain, Nafarroako dantzak ikasteko beharra, Baztango mutil-dantzak, jauziak, sagar dantza eta aurreskuaren izenaren pean, Leitzako ingurutxoa aipatuz, hain zuzen.

Dena den, gerra zibila eta gerraostea ez ziren garai oso egokiak horrelako dantzak loratzeko. Azken finean, sortu zituen nekazaritza-gizartea bera ere krisian zegoen, eta dantza hauek ez zuten lortu, soka-dantzak edo aurreskuk bezala, nortasun konnotaziorik. Egoera honetan, ingurutxo ia guztiak desagertu ziren neurri handiago edo txikiago batean. 1960koa eta 1970reko hamarkadetan, halere, egoera hasi zen aldatzen, eta 1962n, adibidez, Leitzan beran hasi zen berriro ingurutxoa dantzatzen, tradiozioarekin gehiegi moztu gabe. Garai horretan, gainera, talde folklorikoak hasi ziren martxan, eta haientzat ingurutxoetan nesken parte-hartzea handia arras interesgarria zen une horretan, ezagutzen ziren dantza gehienak gizonezkoek bakarrik dantzaturik baitzeuden. Horrela sortu zuen, adibidez, Argia taldeak Iribasko ingurutxori buruzko arrakasta handiko koreografia bat, gaur egun oso zabalduta, Imotzeko esku-dantzarekin bukatzen zena. Eta azken urteotan, gainera, eta tokiz tokiko nortasunari berpizteko egiten diren ahaleginekin bat etorririk, leku gehiagotan berreskuratu egin dira ingurutxo batzuk, lehen tradizio batean neurri handiago edo txikiago batean oinarriturik. Hauek dira da gutxienez Uitzin, Allin, Iribisan berean, Auritzen, eta Gipuzkoako bi hauzotan, Bedaion eta Ugarteren kasuak. Leitzan, gainera, ingurutxoak gaur egun sekulako arrakasta lortzen du dantza sozial moduan.

Karlos Sánchez Ekiza
2009


Images

Our Sponsors