Auñamendi Eusko Entziklopedia
Fondo Bernardo Estornés Lasa

Buscador

Home > Auñamendi > Ingurutxoa

Ingurutxoa


toolbox

  • editions:
  • other languages:
    • ver en castellano
  • escuchar
  • share

Ingurutxoa izen generikoa da: izen honekin ezagutzen da batez ere Nafarroan egin eta egiten den dantza sozial berezi bat. Soka-dantzarekin oso lotuta dago: gizarte-dantza izanik, bikoteka dantzazen baita erlojuaren kontrako noranzkoan inguru irekiak eginez. Hala ere, ezaugarri berezkoak ditu: beste soka-dantzeei begira, adibidez, protokolozko erabilera askoz ere txikiagoa izan da. Ingurutxoak, gainera, zentzu hertsian batzuetan protokolozko soka-dantzaren ondoren egiten diren dantzak dira, eta estruktura musikal aski zehatza dute. Izan ere, leku batzuetan, Leitzan kasu, bi dantzak ezberdindu izan dira, ingurutxoa soka-dantzaren atzean dantzatuz. Askoz ere ohikoagoa izan da, halere, dantza osoak ingurutxo izena hartzea. Hala eta guzti, beste hitz batzuk ere erabili izan dira dantza hau izendatzeko. Gaur egun dantzatzen direnen artean aipa ditzakegu: Zortzikoa Altsasun, Ziordian eta Uharte Arakilen; Giza-dantza Urdianen; Alkate-dantza Lakuntzan, Trapatan Donezteben, Dantza luze Iturenen; Inguruko Ultzaman eta Dantzaki Etxarri Aranatzen. Nafarroako Erdialdeko larrain-dantzek, gero ikusiko dugun bezala, egitura berezia dute, eta aldaeratzat jo ditzakegu, eta horrelako zerbait esan dezakegu Erronkari haraneko ttun-ttunei buruz.

Dantza honen arbasoak gutxienez Erdi Aroan aurki daitezke Europa osoan, bereziki bi aldaera ezberdinetan: batetik carola, klase sozial guztiek abestuta eta dantzatuta batera, non gero aipatu behar ditugun zubiak, adibidez, egiten ziren; bestetik dantza, klase altuek eginda eta, jakina, protokolo handiagoz (Brainard, s.f.). Ez dakigu, jakina, euskal soka-dantzek eredu hauek segitzen dituzten, berezko eboluzioak edo erabat berezkoak diren, eta gauza bera esan daiteke Euskal Herrian dagoen garai honetako ikonografiaz, hala nola Iruñako Katedralekoaz.



Eskema formala sinplea da, hainbeste aldaera izan arren. Agian garrantzitsuena den aldaeran, Leitzakoan, oinarrituko naiz deskribapena emateko. Gizonezkoek soka bat osatzen dute, elkarri zuzenean eskuen edo zapien bidez lotuta, eta erlojuaren kontrako noranzkoan inguru ireki bat egiten dute astiro ibiliz. Une batean, zubi bat egiten da: dantzari guztiak, alegia, lehen eta bigarren dantzarien eskuz egindako zubiaren behetik pasatzen dira. Zubi honen esanahia gizarte-kohesioan datza, eta euskal dantza herrikoiaren lehen liburuaren egileak, Juan Ignacio de Iztuetak (1824:180), esaten zuen jadanik pertsona ez duinak sokatik kanporatzeko balio zuela. Paola Antolinik (1989: 337 eta 344), adibidez, frogatu izan du XX. mendearen hasieran Arizkunen, demagun, agoteak kanporatzen zituztela dantzatik zapiaren behan pasatzen zirenean zubia jeitsiz eta bidea moztuz. Horrelako testigantza batzuk oso zaharrak dira, hala nola Florencio Idoatek (1948:492) edo berriro Paola Antolinik (1989:268) eman dituztenak: bai Bearnen XV. mendean bai Zuberoan XVII.ean agoteek debekatuta zuten besteekin dantzatzea.

Paradoxikoa zen orduan, eta gizarte mailan komunitatearekin dantzatzea eta horretarako ezinbestekoa zen musika-tresna interpretatzearen arteko alde handiaren oso adierazgarria, agoteek izaten ahal zituzten lanbide gutxiren artean danbolintariarena aurkitzea, Zaraitzu ibarrean 1620. urtean ordenantzek, adibidez, espreski adierazten zuten bezala. Beste alde batetik, erraza da pentsatzea soka-dantza egitea barneko gizarte-kohesioa erakusten -gauzatzen- zela: dantza komunitatearen besterena ez zen zeremonia zen, eta bestea ez zen onarturik. Eraso Alduncinek (1996:37), adibidez, kontatu izan du Donezteben izandako tradizioa: horren arabera, zubiaren helburua juduak, agoteak eta ijitoak kanpoan uztea zen: eta ezkondu gabeko amei ere oztopoak jartzen zitzaizkien, hilea ezkonduek bezala motots batean eraman behar baitzuten. Interpretazio honekin, jakina, uler daiteke nola leku batzuetan, Sakanan adibidez, kintoek momentu zehatz batzuetan hartzen duten paper nagusia horrelako dantzatan: horrela pauso-erritoa betetzen dute, gizartean heldu moduan lehen aldiz ageriz.

Zubi hau behin eginda, lehen eta azken dantzariak apur bat aurreratzen dira eta batak bestearen aurrean dantza bat egiten dute. Dantza hau normalean belauntziko izena hartzen du, ziur aski XVI. mendeko bilantzikoarekin edo danzas de villanos izeneko dantzen zerikusia izateagatik. Zortziko izena ere erabiltzen du, eta ikusi dugun bezala, hitz honek izendatzen du aldaera batzuk, hala nola Altsasukoa, Ziordikoa edo Uharte Arakilekoa. Arrazoia ez da agian oso ageria zortzikoaren jatorriari erreparatzen ez badiogu.

Iztuetak, bere liburu famatuan (1824:48), bi zortziko mota ezberdintzen ditu konpasaren arabera: saltotacoac 6/8ko konpasean, eta, beste aldetik, 2/4koak, asieraco zortzicoac deitzen dituenak. Azken hauek dira segurutik, hain zuzen, ingurutxoetan agertzen direnak. Batez ere, Iztuetak (1824:104-106) une zehatz batean bere gaztaroko zortzikoei buruz esan zuen bezala, zortziko-txikiaren estrofa mantentzen dutenean, adibide honetan bezala:

Zati hau bukatzekoan, berriro hasten da sokaren mugimendua, eta tartean bi dantzari -dantza zerbitzaileak edo antzeko izenak jasotzen dituztenak- neska baten bila joaten dira. Neska honekin batera buelta oso bat ematen diote plazari sokaren atzean eta leku batean gelditzen dira. Soka ere haien aurrean gelditzen da, eta orduan lehen dantzariak belauntziko edo zortziko bat dantzatzen dio neskari. Horren ondoren, zerbitzaile hauek neska sokan sartzen dute, prozesu osoa errepikatuz azken dantzariak bere belauntziko beste neska baten aurrean dantzatzeko. Gero segitzen da soka-dantza neska guztiak sokan sartu arte. Une horretan mutiko guztiek nork bere neskari batera dantzatzen diote belauntzikoa. Soka-dantza bukatzen da doinu alai batez, eta beraren soinuaz bikoteka dantzatzen da besoak gora eta zapiak gabe. Protokolo hau guztiak, jakina, antza handia du beste soka-dantzenekin, baina hemen, eta Nafarroa osoan orokorrean, lehen eta azken dantzarien paperean oinarriturik badago ere, etiketa askoz ere arinagoa da beste leku batzuetan baino. Izan ere, nahiz eta Lakuntzako aldaerak Alkate-dantza izena izan edo Ziordian, adibidez, alkateak lehen postua hartu (Martinez 1980:29), hemen ez dugu aurkitzen Gipuzkoan adibidez agertzen diren erronkak eta dueluak lehen postua hartzeko (Rilova Jericó 1998), edota beste aldaera batzuetako pausoen birtuosismoa eta dantzariaren erakuskaldi tekniko ikaragarria, dantza osoaren izena aldatzeko gai izan dena, lehen dantzariarena, aurreskua, hartuz.

Beraz, orain hasten da zentzu hertsian ingurutxoa. Hasieran bakarrik lehen eta azken bikoteek oso erritmo berezkoa duen zati bat dantzatzen dute, beti bezala inguruak eginez bikote bakoitza eskuak gaur egun gutxienez zapi baten bidez elkarturik. Beste bikote guztiak bigarren bueltan hasten dira soka berriro osatuz. Hona hemen bere musika, aita Olazaranen bertsioan (1970:63-64) zati honek inguru-handi du izena:

Ikusten denez, esaldiak irregularrak dira orokorrean eta erritmoa oso karratua, nota guztiak ia erregularrak izanik: kortxeak, kortxeaerdiak edo beltzak. Erritmo nagusia hau da, eta danborrek horrela markatzen dute gutxi gorabehera:

Doinua bukaturik, danborren arradaz, bikote guztiek zapia altxatzen dute eta beste zubi bat egiten da, neska aurrerago joanez (agian oroitu behar dugu neskak oraindik ez direla zubitik pasa). Zati hau errepikatzen da, oso antzekoa den beste musika batekin, lehen bikotea berriro aurrean gelditzeko moduan. Horren ondorioz, beste zati bat dantzatzen da, beriro besoak gora eta zapirik gabe. Doinua oso sinplea da, erritmo hirutarra izanik. Hona hemen Leitzan egiten den beste bat, berriro aita Olazaranaren bertsioan (1970:64). Inguru txikia du izena bertsio honetan:

Ikus daitekenez, musika honek, besteak ez bezala, Mendebaldeko musika eruditoaren parametro guztiak betetzen ditu: tonalitatea eta zortzi konpaseko esaldi karratuak, berriro nota oso erregularrekin, guztiak kortxeak, kortxeaerdiak eta beltzak izanik. Antza handia du horregatik Europako dantza askorekin. Agian kasurik hurbilena Frantziako passpiedarena izango da (Little s.d.).

Dantza bukatzeko, askotan, gaur egin gutxienez, fandangoa, arin-arina edota beste dantza sozial bat egiten da. Agian aipatzekoa da Doneztebeko kasua, non fandangoa eta arin-arina dantzatu baino lehenago Trapatan bera egiten da. 2/4ko konpaseko doinu oso alai batez eginik, dantza honek zerikusi oso handia izango du, ziur aski, XVIII. mendearen Euskal Herri osoan dantzatzen zen soka-dantzaren bukaerarekin, izen oso antzeko batzuk jasotzen zituena.

Karlos Sánchez Ekiza
2009


Images

Our Sponsors