Literatoak

Inchauspe, Emmanuel

Euskal idazlea. Zunharretan (Zuberoa), "Harismendia" etxean, jaio zen 1815eko azaroaren 22an. Onizegainen hil zen 1902ko irailaren 25ean.

Jean Baptiste Inchauspe eta Marie-Jeanne Duthurburu zituen guraso. Haurra zela, Onizegainera joan zen bizitzera gurasoekin. Elizako karrera Baionako seminarioan egin zuen. 25 urterekin apaiz ordenatu zen Baionan (1840-07-30). 27 urterekin San Leon Ospitale Zibileko kapilau izendatu zuten. Kargu horretan jardun zuen 22 urtez (1842az geroztik). Ondoren, ohorezko kalonje izendatu zuten (1855). Kalonje titular izendatu zuten gero (1863-12-28). Aurrerago, Baionako Lacroix apezpikuaren idazkari nagusi izendatu zuten (1869-10-15). Vatikanoko kontziliora lagundu zion teologo gisa. Ducellier apezpikuaren ohorezko bikario nagusia eta idazkari nagusia izan zen (1878-1887). Bikario nagusi eraginkor izendatu zuten (1884-11-10) eta Fleury-Hottot apezpikuaren bikario nagusi (1887-1889). Elizbarrutiko hutsaldian, J. Damien Lasserre kalonjearen kapitulu-bikarioa izan zen (1889-1890). Botere zibilarekin talka egin zuen. 75 urte zituela, ez zioten Jauffret (1890) apezpiku berriaren aldameneko postua hartzen utzi, baina ohorezko bikario nagusi izendatu zuten. Horrez gain, Baionako Karmeldarren Komentuko buru eta Michel de Garikoits-en beatifikazioa bideratzeko Pau eta Betharram ataleko presidente izan zen. Onizegainen finkatu zuen bizilekua, Aneta arrebarekin batera.

Literatur jarduerari dagokionez, 36 urterekin Jincoac giponareki eguin patoac otoitz-liburua argitaratu zuen [Jainkoak gizakiarekin egindako hitzarmenak] (1851). 41 urterekin, San Mateoren ebanjelioaren zubererako itzulpena argitaratu zuen Bonaparte printzeak eskatuta (1856) eta 42 urterekin, berriz, Iturriagaren Diálogos lanaren itzulpena argitaratu zuen Duvoisinen eta Uriarteren itzulpenekin batera (1857). Bi urte geroago, Apokalipsiaren zubererako itzulpena egin zuen. Le Verbe Basque (1858) maisulana argitaratu zuen. Axularren Gueroco-Guero berrargitaratu zuen bere aldetik, bere hitzaurrearekin (1864). 68 urte zituela, Eguiazco erreligionia lanaren Kempis eranskina zubererara itzulita argitaratu zuen (1883). Zientzien Garapenerako Frantziako Elkartearen Kongresuan Le Peuple Basque (1892) delako lana aurkeztu zuen eta 1893an argitaratu egin zuen. 79 urterekin, Maria Birjinaren hilabetia (1894) argitaratu zuen eta 82rekin Kantika Saintiak, erlijio-kantuen bilduma zubereraz (1897).

Uthurri-k (1950) honela dio Maria Birjinaren hilabetia lanari buruz:

"Le Verbe Basque lanarekin batera, originalena da, bere nortasunak aztarna sakonena utzi du lan horretan. Maisulan txikitzat hartzen dugu Ama Birjinaren bizitzari eta bertuteei buruzko 31 doktrina-irakurketen laburpena, istorio, otoitz eta ondorio praktikoekin ilustratuta. Aldi berean, informazio teologiko sakona, sentiberatasuna eta benetan filiala den errukiaren freskotasuna sentitzen da".

[Uthurry, Thomas: Gure Herria, 1950, 162. or.].

  • Armiarma. Literaturaren Zubitegia. "Emanuel Intxauspe". [Kontsulta data: 2012ko apirilak 13].
  • Euskal-Erria. "Inchauspe". Revista Euskal-Erria, 1902, II, 395 or.
  • UTHURRY, Thomas. Un gran souletin: Le chanoine Emmanuel Inchauspe, Baiona, 1950. [Baita hemen ere: Gure Herria, 1950, 36-43 or., 104-107; 158-164].
  • ORIXE. "Euskal-Literatura..". Euskal Esnalea, 1927, 208 or.
  • ONAINDIA, S. "E. Intxauspe Kalonjea". Milla Euskal Olerki Eder, 456 or.
  • VILLASANTE, Luis. Historia de la Literatura Vasca. 174-176 or.
  • VINSON, Julien. Essai d'une bibliographie de la langue basque. a. 232, b. 252, 283, 297, 302, 578, II. alea, 399, 642, 653, 684, 746, 767, 773, 775, 815 or.
  • IRIGOYEN, A. "Cartas de Inchauspe al Príncipe Luis Luciano Bonaparte (1857-1887)", Euskera. 1957, 171-260 or.
  • LACOMBE, Georges. "Les traductions basques de Saint Mathieu, (de 1856 a 1869)". Eusko-Jakintza, 1947, 290 or.