Kontzeptua

Ikastola

Elvira Zipitria, Muñoa ikastolako andereñoa izandakoa, Donostiara itzuli zen Sarako (Lapurdi) bere erbestealdiaren ondoren. Izaera kementsua eta ikastola eta irakaskuntzarekin izugarrizko lotura zuen emakumea zen Elvira Zipitria. Guraso talde baten laguntzarekin batera 1943an euskarazko irakaskuntzari ekin zion ekintza honetako partehartzailetako famili baten etxean ikastola txiki bat antolatuz. Ekintza honen klandestinitatea erabatekoa zen guda osteko urteetan baitzeuden. Elvira eta guraso talde honek buruturiko proiektuaren itxurazko xumetasunaren aurrean garrantzi handiko gaiak azaleratu ziren. Lehenik, Elvira Zipitria, 1936 urte aurreko ikastolen mugimenduan pertsonaia esanguratsua izateaz gain, gudaren gorabeheren gainetik ikastolaren garra bizturik mantendu eta guda osteko belaunaldiaren artean zabaldu zuen pertsonaia izan zen. Bigarrenik, gaur egungo ikastolen mugimenduaren hazia garai hartan hasitako lanean dago, nahiz eta egoera zentzu guztietan ezegonkorra izan. Azkenean, Elvira Zipitriak Donostiako Parte Zaharreko bere etxean jarri zuen ikastola eta hain zen zuhur eta soila leku hura ez zirudiela eskolaren egoitza zenik. Elvira andereñoak erabateko diskrezioz garatzen zuen bere lana. Ikasle taldeak hamarrekoak ziren asko jota eta klaseak bi ordutakoak izaten ziren. Gainerako jardunaldia Felitxu Erasok ematen zituen frantsesezko eskola eta beste ekintza aske batzuekin betetzen zuten. 50ko hamarkadan beste andereño batzuk ere ireki zituzten ikastolak Donostian. Aldiz, Bilboko ibilbidea 1957 urtean hasi zen, Iruñakoa 1963an, Gasteizkoa 1966an eta Lapurdikoa 1969an.

Elvira Zipitriak ezarritako arauak ikuspuntu pedagogikotik ikusirik leialki mantendu ziren 60ko hamarkada arte. Azken urte hauetan ikastolaren hedapena izugarrizkoa izan zen eta hori dela eta, antolakuntza, ideologi eta pedagogia mailan garrantzizko aldaketa eman ziren. Elvira Zipitriak erabiltzen zuen metodologiari buruz ez zuen ezer idatzirik utzi, ezta inspiratzen zioten autore eta materialei buruz ere. Bera hil ondoren metodologia hau berreraikitzeko ahalik eta material gehiena bildu eta antolatu behar izan da. Guzti horretarako bere inguruan trebatu ziren andereño, ikasle, hauen guraso eta berarekin harreman estua eduki zuten euskal kulturako pertsonalitateen oroipen, bizipen, oharrak, gutunak, lan liburuxkak... bildu behar izan dira. Bere liburutegi pertsonalaren azterketaren bidez bere inspirazio iturriak ezagutu ditugu, bai "txotxa" bidez eginiko irakurketa-idazkera ikasketa sistemarako erabilitakoak eta baita matematiken irakaskuntzan jarraitzen zuen sistemarakoak. Bi sistema hauek hemen erabat originalak eta eraginkorrak izan ziren. Eskola edukiak lau sail handitan biltzen ziren: euskara, matematika, erlijioa eta esperientziak. Hizkuntza herri-folkloko edo "Orixe" eta "Lizardi" bezalako idazleen lanetatik aukeraturiko abesti, olerki, ipuin eta alegien... bidez lantzen zen. Matematikak aurrerago aipaturiko metodologiaren bidez lantzen ziren eta esperientzia saila aldiz, umearen bizi eta inguruan oinarrituz. Ikasleen erlijio heziketak arreta berezia merezi zuen atala zen. Elvira Zipitriaren ideietan pentsaezina zen sail hau jasoko ez zuen ikastola. Elvira Zipitriak argi eta garbi zeukan bere buru eta bihotzean ikastolak, herri euskaldunaren eskola gisa, izan behar zuenaren ikuskera. Hala ere, bere ideiak garaiko aldaketen arabera garatu ziren. Esan beharra dago Elvira Zipitriaren nortasun eta lanak beti gogoangarriak izango direla herri honetako Pedagogiaren Historian.

MGL