Literatoak

Genua, Enkarni

Idazlea eta txontxongilolaria. Donostian jaio zen Enkarni Genua 1942ko ekainaren 15ean.

Deustuko Unibertsitatean Filosofia eta Letretan lizentziatua da.

Txikitatik antzezpena gustuko izan du eta txotxongiloen mundua guztiz barneratuta dauka.

Manolo Gomez kide zuela, Donostiako Txotxongillo Taldea sortu zuen 1971an. Urte hartantxe eman zuten bere aurreneko ikuskizuna; Txispa eta bere lagunak ikastolan zuen izena. Ordutik, makina bat ikuskizun taularatu dituzte, besteen artean daude Txispa eta Kattarina txanogorritxoaren ipuinan (1972),. Altxa Felipe tru la rai (1973), Joxepa eta Jaxinto (1974), Erreka Mari Euskalerriko azken lamina (1978), Printze txikia (1983), Ipurtargi (1985), Erreka Mari (1990), Sugea, gizona eta azeria (1976 eta 1990), Herensugea (1993 eta 1994), Galtzagorriak (1994) zein Kattalin txiki (1999).

1982. urtean Tolosako CITeko partaide batzuekin, Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Jaialdia sortu zuen. Ekitaldiaren antolaketan laguntzaile izaten jarraitzen du, TOPIC proiektuarekin ere lanean aritzen delarik (Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Zentroan).

Haur eta gazte literaturan ere Altxor bat patrikan (1987), Eman eta gero (1996), Ku-ku ku-ku aitonaren erlojua (1998), Elurrezko panpina (2005), Katu gaiztoak ez dira gaizto (2005), Altxor bat esku artean : txotxongiloak (2009) edo Mahatsak eta neskatilak ondu zireneko uda (2010), bezalako tituluak argitaratu ditu besteak beste.

Kulturgintzan egindako lana aitortu izan zaio emakume honi behin baino gehiagotan. Esaterako, Erreka Mari obrarekin, Bilboko Udalak Ercilla Saria eman zion 1980an. Nafarroako Antzerki Eskolak, berriz, Umeentzako antzerki testuen lehiaketako saria eman zion 1997an Gerta daiteke lanagatik. Gainera, bere jaioterriko, Donostiako Hiria Literatur Saria ere eskuratu zuen 2001ean Ostiralero afaria liburuagatik. 2007an Victoria Eugenia saria eman zioten.

Donostiako Udalak hiritar merezimenduaren domina eman zion Txotxongilo taldeari 2013. urtean.