Ingeniariak

Goicoechea Omar, Alejandro

Ingeniari militar bizkaitarra. Elorrio, 1895eko martxoak 23 - Madril, 1984ko urtarrilak 30.

Euskal Herria XX. mendean makina eta tresna ugariren sorreraren lekuko izan bazen ere, gutxi izan dira herri-mailan "Talgo" izenaz edo "beldar-trena" ezizenaz ezagutzen denak utzitako urratsa itxi duenaren parekorik eta egia esan ideia iraultzaile bezain egingarri batekin lotura dauka: Alejandro Goicoecheak 1940ko hamarkadan diseinatutako trena, segurua eta azkarra izateaz gain, artikulatu eta arina izan zen. Prentsa frankistak, berriak puzteko joera zuenak, 1950ean Talgoaren inaugurazioa 'el más alto exponente de la tecnología española' bezala jo zuen.



Botikari baten semea, Urduñako Jesulagunen Ikastetxean ikasketak egin ondoren Armadaren Ingeniari Eskolan sartu zen. Guadalajaran izandako bere denboraldian, Armagintza eta Eraikuntza ingeniari eta teniente-graduak eskuratu zituen bere promozioko lehena izanez (1918). Hala ere, trenen munduak gehiago erakartzen zuen, eta Madrileko Trenbide erregimentuan, bi urtetan zehar, zerbitzua eskaini ondoren, 1920an, kapitain uniformea eskegi zuen. Urte bertsu horretan La Robla Trenbide Konpainian sartu zen, enpresa horretan hogei urtetan zehar lanean jardunaz, eta bere hasierako asmakuntzei zegozkien lehendabiziko ideiak garatu zituen tokia izanez.

Bere burua nahastuta aurkitu izan zuen lehen egoera eztabaidatsua guda zibilaren hasieran bando militarrez aldatzearena izan zen. Eusko Jaurlaritzak bere ideologiari buruzko zenbait zalantza izan zituen arren, Bilboko defentsaren buruzagitza esleitu zion. Geroago, bando frankistara aldatu zen besapean Bilboko munizio eta euskal armagintzaren inguruko informazio baliotsua eramateaz gain, burdinazko gerriko famatuko planoek ere eramanez, hori guztia ezbairik gabe matxinatuak menperatzeko lagungarria izan zela. Urte horietan zehar Francoren tropekin elkarlanean aritu zen baina bere bizitza guztiko obsesio nagusia izatera iritsitako ideia zena sakontzerik ere izan zuen: trenen pisua arintzea. 1983an Santanderreko Zientzia Kongresuan parte hartuz, bertan bere ideiak ezagutzera eman zituen.

Gerra amaitu ondoren, 1942an, Goicoecheak Jose Luis Oriol y Urigüen ( 1877-1972) euskal enpresaburuari 1920tik buruan zeukan tren arina eraikitzeko proiektua finantzatzeko eskatu zion. Oriolek proposamena aztertu zuen: atzerriko trenbide-adituengana jo zuen eta horiek uzkur azaldu ziren; dena dela aurkeztu zitzaion erronka, onartu egin zuen.

1942ko urriaren 28an, "Patentes TALGO" (Tren articulado Ligero Oriolen akronimoa) osatu zuten, honenbestez, atoian eramandako trenen eraikuntzarako teknologia bere kontura garatu zuen Espainiako lehen enpresa izan zen. Ekonomia-baldintzak erabat aurkakoak izan ziren herri baten, azpiegitura eta garraiobide ugari suntsituta zeudela, trenbideek kaltetuenetarikoak izanez, eta, agian larriena zena, Espainian trenbide-berrikuntza oso gutxi izan zen gizarte baten, Goikoetxearen erabakia, Oriolena bezala, ausarta izan zen.

TALGO trenaren funtsezko ideia pisua gutxitzearen oinarrian zetzan, ibilgailua arindu izatea errailetik irtetearen aurkako segurtasunarekin eta erosotasunarekin bateragarria zen ideian hain zuzen; material arina erabiliz (adibidez aluminioa), grabitate-zentroa beheratuz eta errodadura trenbideko inflexioetara egokituz horrelako emaitza posible zen. Azken aipatutako horretarako, Goicoecheak gurpil bakoitzaren biraketa askea ahalbidetzeko gurpil bananduen euskarri gisa hiruki isoszeleak erabili zituen artikulazio sistema berezia sortu zuen.

Beste aitzindari batzuk ere, egia da, egon zirena esan daiteke baina TALGOK trenbide garraio klasikoko aro berriari ( abiadura handikoa eta tara gutxikoa) hasiera eman zion. Beste proiektu batzuk behatuz gero- esaterako Tokaido eta Sanyo ( 1964) tren japoniarrak, Iparramerikako turbo-trenak, (1962), ETG frantsesa ( 1967) eta APT britainiarra (1964)- argi ikus daitezke horien guztien aurrerapausoak material arinetan eta propultsioan oinarrituta daudena. Ardatzen gidatzeak, gurpilen arteko menpekotasuna ezabatzeak eta egituran teknika aeronautikoak txertatzeak TALGOa tren berezi batean bilakatu zuten.

Oraindik esperimentu urratsean zirauen Patentes TALGO eratu ondorengo hamarkadan, Goicoecheak bere ideia iraultzaileak, lehendabizi Talgo I-ekin burutu zituen (beldar-trena izenez ezagutzen zena) eta 1945etik aurrera Talgo IIarekin, europar tren arruntekin alderatuz eserleku etzangarria, aire girotua eta abioietan diren gisako kafetegiak bezalako erosotasun berrikuntza nabarmenak ezarri zizkion lehendabiziko modelo komertziala zenarekin.

Talgo IIa. AEBtako American Car & Foundry -n eraiki behar izan zuten, Europan guda zela eta ezin eraiki baitzen. 1950eko martxoan, Francok Madril-Valladolid linea inauguratu zuen eta Espainiako prentsak "espainiar teknologiaren adierazgarririk gorena" laudorioaz bataiatu zuen, garaiko gertaera ospetsuenetako bat izanez. Trenak izan zuen arrakastaren berri, inaugurazio egunean bertan Espainian bataz besteko abiadura marka hautsi izanak ematen digu; 1962an Talgo berriek Espainiako eta Europako hiriburuak lotu zituzten. Bere beste lorpen batzuen artean honakoak aipa daitezke: Espainia eta Frantziako trenbideen zabalera ezberdinera egokitu zitekeen errodadura sistema mugikorra (1967), Espainia eta Maroko Gibraltarko Itsasartearen bitartez lotzeko proiektua, Jet-C erreakziodun trena eta zenbait tren ultra arin.

1984an, Goicoechearen heriotza zela eta egindako adierazpenen artean, Lucas Oriol, konpainiako ondorengoetako batek ingeniariari, beti aitortua izan ez zitzaion bere ideia iraultzaileen ekarpenarekiko esker ona agertu zuen. Honela zioan Honela zion:

"Bere sistema iraultzailea hiru baldintzatan oinarritzen zen: arina zen, grabitate-gune baxua eta trenbide-gaineko sistema-gida. Hiru baldintzotatik, 1980tik zerbitzuan ari den Talgo Pendularrera iritsi arte garatu izan ditugun baldintzotatik aldaketarik gehien izan dituena gidatze-sistema izan da." (M.R.E., 1984).

Alejandrok bere azkeneko egunera arte Gibraltarko itsasartea lotzeko konponbidea bilatzeari ekin zion, hiri barneko trafikoaren arazoa konpontzeko orno gisako artikulazio sistema zeukan trena garatzen jardunaz. Hala ere, ez zen hori trenbide eraberritzaile bakarra: beste zenbait sistemek (Alweg alemana, Aérotrain frantsesa , Hovertrain britainiarra etab...) ere antzeko ezaugarriak zituzten: ez zeukaten mugimendu pendularrik eta grabitate-zentroak sostengu planoarekin bat egiten zuen. Aldiz, bizkaitarraren trena komertzializatzeko gai zen. Izatez, konpainia bat sortu zuen eta 1970ean hainbat saiakuntza baikor egin zituen Santikurutze Kanpezun. Egun, Abiadura Handiko Trenak erakutsi bide du bere sen zorrotza ez zela bide zidorretatik ibili bide onetik zihoala.