Arkitektoak

Goikoa Barkaiztegi, Jose

Arkitektoa. Donostian jaio zen 1844ko apirilaren 10ean eta hiri horretan hil zen 1911ko uztailaren 9an.

Madrilen egin zituen arkitekturako ikasketak eta 1869an eskuratu zuen titulua. Hurrengo urtean, Donostiako Udalean hasi zen lanean garai hartan udal-arkitektoa zen Nemesio Barriocanal jaunaren laguntzaile gisa. Hura hil zenean, Jose Goikoa udal-arkitekto izendatua izan zen 1897ko abenduaren 1ean. Udal-arkitekto gisa egin zuen kudeaketa zabalari 1909ko apirilaren 26an eman zion amaiera, erretiroa eman zitzaionean.

Jose Goikoaren udal-jarduerak iraun zuen 39 urteetan hirigintzaren garapen esanguratsua gertatu zen, ez baita ahaztu behar 1863an harresiak bota zirela eta hiria zabaltzen hasi zela. Baldintza horien ondorioz, arkitekto honek Donostiako fisonomian aztarna esanguratsua utzi du, obra-zerrenda luzea proiektatu, zuzendu eta diseinatu baitzuen.

Goikoaren lana eklektizismo neurritsu eta klasizistaren testuinguruan biltzen da. Parte hartu zuen obra ugarien artean hauek azpimarra daitezke: 1879 eta 1885 artean Gipuzkoa plazan eraikitako foru aldundiaren jauregia, Amarako eskolak (1893), ekialdeko zabalguneko edo Zuloagako eskolak (1901), Polloeko hilerria (1876-1878), Selden Wornum-en proiektuaren gainean 1893an zuzendu zuen Miramar Jauregiaren eraikuntza, desagertutako Atotxako Zezen-plaza (1876), Antigua auzoko parrokia-eliza, Gipuzkoako Aurrezki Kutxaren egoitza nagusia, Matia zahar-etxea...

Donostiako hirigintza Goikoa arkitektoaren planteamenduekin markatuta geratu da zalantzarik gabe eta haren partaidetzak Gros eta Amarako zabalguneetan, Kontxako pasealekuaren diseinuan eta beste hainbat proiektutan, hiri turistiko, kultural eta zerbitzuen hiriaren ideiara hurbiltzen du Donostia, Goikoak beti defendatu izan zuena, Ramon Cortazar arkitektoak planteatutako hiri industrialarekin alderatuta.

Arte Ederren Errege Elkarteko presidente izan zen, 1905. urtean Alfonso XII.aren Ordena Zibileko zaldun izendatu zuten eta 1908an Elisabet Katolikoaren Ordenako komendadore izendatu zuten.