Lekaide eta lekaimeak

Frantzisko Xabier, Santua (1506-1552)

Misiolari jesuita. Ekialdeko Asian eta Japonian burututako kanpaina ebanjelizatzaileengatik izan zen ezaguna eta hargatik Indietako Apostolu goitizena jarri zioten.

Xabierreko Gazteluan (Nafarroa) jaio zen 1506ko apirilaren 7an. Juan de Jaso, garai hartan Nafarroako Erret Kontseiluko presidente zena eta Maria de Azpilcueta izan zituen guraso. Ama, leinu noble txit entzutetsuko alaba zen, Martin de Azpilcueta doktore nafar ospetsua ere leinu hartako erroetan kokatzen da. Franciscoren haurtzaroan gerra eta indarkeria giroa arnasten zen bere jaiolekuan, Nafarroan. Sei urte besterik ez zituela, 1512an, Frantzia eta Espainiaren arteko gerra lehertu zen. Gerra haren uhinak Pirinioetako erreinu zahar eta kokagaitza harrapatu zuen. Miguel eta Juan anaia zaharrak Fadrique de Toledoren tropen aurka lehiatu ziren eta, aldi berean, bere aita, Juan de Jaso estuasun haietan Juan de Albret monarkari laguntza ematen aritu zen eta Irunberriko gotorlekurako ihesa prestatzen. Bederatzi urte bete berri zituela, 1515eko uztailaren 15ean, Franciscok bere etxean bertan ikusi zuen Nafarroaren azkena erreinu independente modura, ordutik aurrera Gaztelako Koroaren baitan geratu baitzen. Hurrengo urteak laido eta asaldura urteak izan ziren Franciscoren etxean. Porrota jasan eta gutxira Juan de Jaso atsekabeak eta etsiak jota hil zen bitartean, Xabierreko Gazteluan erreinu zaharraren askatasunaren alde borrokatzen zuten matxinoak elkartzen ziren. Baina altxamenduak porrot egin zuen eta leialak Erronkariko haranean azpiratu zituzten. Errepresalia modura, Xabierreko Gazteluko dorre gorenak moztu egin zituzten eta gazteluko lubanarroak bete egin zituzten (1516). Dirudienez, laido sakonak nagusi ziren garai hartan erabaki zuen Franciscok zientziaren esparrua landuz ospea izatea. Lau urte beranduago Enrique II erregearen aldekoek beste ekinaldi bat egin zuten. Liskar haietan ziren Juan eta Miguel, Iruñearen errekonkista burutu zuten tropetan eta 1521eko maiatzaren 20an Iñigo de Loyola kapitain gipuzkoarra zauritu zuten. Noianen porrot egin ondoren, Hondarribiako gazteluan indarra hartzen saiatu ziren berriz ere, horren ondorioz, "goi-mailako traizioaren errudun" modura Carlos Vak 1523ko abenduan nafarrei emandako amnisitia orokorretik kanpo utzi zituzten. Hilabete gutxiren buruan gaztelura itzuli zirenean dagoeneko Franciscok erabakia hartua zuen eta, ezerk, ez aitonone historiak ezta anaien ereduak ere, ez zuen atzera eginarazi: Sorbonora joango zen ikastera, Parisera. Aurretik, Franciscok Giza Zientziak ikasi zituen Leire, Tafalla eta Zangotzan dirudienez, eta Iruñean amaitu zituen ikasketa haiek, 1525eko irailean Parisera abiatu aurretik. Frantziako hiriburura iritsita Santa Barbara ikastetxean hartu zuen ostatu, iberiatik etorritako ikasleen ostatu nagusian. Han, batere eredugarri ez ziren adiskide artean, arima handiak ezagutzeko aukera izan zuen, Savoiako Pedro Fabrorena edo Iñigo de Loyola gipuzkoarrarena kasu. Franciscoren etorkizuneko bideak aintzat hartuz, arras garrantzitsua izan zen Loyolako kaparea ezagutzea, ordurako Jaungoikoaren bidean barneratua. "Sekula ez dut izan horren masa gogorrik esku artean" aitortu omen zuen urte batzuk beranduago, gizonen erraiak hain sakon ezagutzen zituen jesuiten sortzaileak. Itxuraz, luze jo zuen hura azpiratzeko ahaleginak eta ehunka tira-bira izan zituzten Francisco medean hartu eta amesten zuen helburua gauzatzeko bidean jarri zuen arte. Baina azkenik, 1533ko udaberrian Francisco Iñigo de Loyolaren mende geratu zen buru eta arima. Hala, Pedro Fabro, Simon Rodríguez, Diego Lainez, Alfonso Salmeron eta Nicolas Alfonso de Bobadillarekin batera, gerora Jesusen Konpainia izango zenaren hazia sortu zuten. 1534ko abuztuaren 15ean Montmartren pobretasun-eta garbitasun-botoen aitormena egin zuen bere adiskideekin batera. Horrez gain, beste boto bat ere aitortu zuen, Lurralde Santurako erromesaldia egitearena, hain zuzen. Berrogei egunez eta Ignacioren gidaritzapean Espirituzko Jardunkizunak jarraitu zituen; eta Loyola, osasun arazoak zirela eta Azpeitira itzuli zenean, Francisco Parisen geratu zen beste bi urtez teologia ikasten, gerora apaiztu asmoz. Ignaciok bere ikasle talde txikiarekin antolatu zuen bilkura 1537ko urtarrilean egin zen Venezian. Han Lurralde Santura abiatzeko itsasontzia hartuko zuten elkarrekin.

Urte bereko udaberrian Erromara joan ziren, Palestinarako erromesaldia burutzeko Aita Santuaren bedeinkapena eskatu asmoz. Bien bitartean, Turkia eta Veneziaren arteko gerra lehertu zen eta Leku Santuetara joateko bidaiak eten egin ziren denbora mugagabe batez. Horren ondorioz, Ignacioren eta bere adiskideen asmoak irauli egin ziren. Aita Santuaren indultua baliatuta, 1537ko ekainaren 24an aipaztu ziren guztiak Salmeron gaztea izan ezik. Hurrengo hilabetetan Lurralde Santura eramango zituen itsasontziaren zain zirela, Ferrara, Bolonia, Padua, Siena eta Erroman ebanjelizatzeak egin zituzten. Franciso y Bobadillari Bolonian egitea egokitu zitzaon. Sei hilabeteren buruan Erroman elkartu ziren ostera ere. Han, apostolu-zerbitzua betetzen zuten bitartean (haien era bitxian) Buldak eskuratu eta Jesusen Konpainia onartzeko kudeaketak egin zituzten. Denbora batera, Lurralde Santurantz abiatzeko aukera oro zazpuztuta, Aita Santuarengana jo zuten, hark nahi zuen lekura bidal zitzan beren buruak aurkeztera. Erromako auzoetako eskoletan kristau-ikasbidea irakasten denbora bat eman ostean, eta Erroman zegoen Portugaleko enbaxadoreak (Pedro de Mascareñas jauna) Juan IIaren izenean Ignaciori Ekialdeko Indietara bidaltzeko gizon batzuk eskatu zizkionean Francisco hautatu zuten Nicolas Bobadillaren ordez; izan ere, azken hori gaixorik zen eta azkenik Francisco izan zen bidaia hartan Simon Rodriguezekin batera abiatu zena. Francisco "Itsasoko Gorriko, Pertsiako eta Ozeaniako zein Ganges ibaiaren bi aldeetako bere ordezkari" izendatu zuen Paulo III Aita Santuak eta 1540ko martxoan Erromatik irten zen. Lisboarako bidean Azpeitian geldialdia egin zuen "bere arimaren aitaren" oinetxea ezagutzeko eta Beltran jaunari (etxeko jaun eta Iñigoren anaia) gomendiozko gutunak emateko asmoz.

Lisboan hilabete batzuk eman zituzten Indietara abiatu aurretik. Denbora horretan hiriko txiroen artean oso ezagun egin ziren burutu zituzten abnegatu lanak zirela eta. Erregeak atseginez hartu zuen misiolariek hiriburuan egin zuten lana eta bertan atxikitzeko irrika azaldu zuen. Dena den, azkenik etsi egin behar izan zuen eta bietako bat Indietara joateko baimena eman zuen. Javier hautatu zuten bidaia hura egiteko Ignaciok Erromatik hala aholkatu ostean. Espedizioa 1541eko apirilaren 7an abiatu zen Indietarantz. Bost hilabete nabigatzen eman ostean urte hartako irailaren 22an Mozambikera iritsi ziren eta Franciscok, derrigortuta, bertan egon behar izan zuen 1542ko otsailera arte. Hala eta guztiz ere, ez zen egonaldi hutsala izan, izan ere , ospitaleko gaixoen aldamenean misiolari lanak burutzeaz gain, han ezagutu zituen Portugaleko kolonizatzaileek indigenen aurka gauzatutako lehen jazarpenak eta, ondorioz, orduan hasi ziren portugaldarrekin izan zituen lehen liskarrak. Denbora batera, Melinde eta Socotoran geldialdiak egin ostean, Javierrek Indiako lurrak zapaldu zituen 1542ko maiatzaren 6an. Hain justu, Goan, India portugaldarraren hiriburuan, itsasoaz haraindiko inperio nagusietako batean. Kristau-ikasbide labur bat transkribatzea izan zen Javierren lehenengotako ardura. Lantegi horretarako Juan de Barrosek Lisboan argitaratutakoan oinarritu zen. Hura eskuan zuela kalera jo zuen haur eta ezjakinei doktrina irakasteko asmoz, eta, aldi berean apostoluaren betebeharrak gauzatzen zituen, hilzorian zeudenei laguntza emanez, espetxeko presoei bisita eginez eta txiroei laguntza emanez. Herrialdeko hizkuntza ikastea izan zen Javierrek izan zuen beste kezka bat, bere agintea eraginkorragoa izan zedin. Egonaldi hura amaitzean eta hiri hartan zegoen San Pablo Kolegio-Seminarioko zuzendari karguari uko egin ostean, Francisco arrantza irletara abiatu zen, 1542ko urriaren hasieran. Urtebete baino gehiago eman zuen han eta, oso baldintza txarretan, nagusiki perla arrantzatuz bizi ziren "parava" indioen artean sekulako lana egin zuen. Tuticorin, Trichendur, Manapar eta Combuture zenba daitezke Javierrek ebanjelizatutako herri garrantzitsuen artean. Eginkizun hartan etsai menderaezinak topatu zituen, eskualdeko pagoda ugarietan bizi ziren brahmandarren artean. Badakigu buru-belarri saiatu zela bertako hizkuntza ikasten (tamul) eta kristau-ikasbideko zatirik garrantzitsuenak hizkuntza hartara itzultzeko gai izan zela, zeruari eta infernuari buruzko hizketaldi batekin batera.

Ebanjelizazio eta katixima metodo zaharkituak erabili arren, Francisco herrixka osoak bataiatzeko gai izan zen. Garai horretan indartu zen, hagiografian agertzera eramango zuen taumaturgo ospea. Parava indioekin urtebete pasa ostean Franciscok Goara itzultzeko premia sentitu zuen, bertatik beste kanpaina batzuk zuzentzeko. 1543ko azaroan Javier Goan zen jadanik. Han Micer Paulo eta Mansilla adiskideekin elkartu zen. Hirira itzuli zenean dagoeneko ebanjelizatu zituen lurraldeetara misiolariak bidaltzeko helburu nagusia zuen. Hori zela eta, hiriko gotzainarengana jo zuen, anaia Juan de Alburquerque frantziskotarrarengana. Hark berehala 6 apaiz bidali zituen. Goan bi hilabeteko egonaldia egin ostean, Francisco arrantza-irletara itsasoratu zen berriz ere. Bidaia hartan, Cochin herrian egindako geldialdian idatzi zituen bere gutun ezagunenetako batzuk. Erroman zituen adiskideei idatzitakoa ere han moldatu zuen: "Ingurumaria hauetan asko dira kristautzeke geratzen direnak, haiek ebanjelizatzeaz arduratuko den inor ez dagoelako. Sarri askotan Unibertsitate horietara joateko gogoa sartzen zait erotuta dagoenaren moduan oihuka, Pariseko Unibertsitatera nagusiki, Sorbonan borondatea izan beharrean solasa baino ez dutenei esaka: haien axolagabekeriak eraginda zenbat arima joaten diren infernura loriara joan beharrean! Eta aurrerago: "Hainbeste jende aldatzen da Kristoren federa ingurumaria hauetan, zapaltzen ditudan lur hauetan, ezen askotan besoak hainbeste bataio ostean nekatu egiten baizaizkit, eta Kredoa eta aginduak nahiz bestelako otoitzak haien hizkuntzan hainbestetan errepikatzearen ondorioz hitz egin ezinda geratzen bainaiz" (gutuna Cochinen sinatzen da, 1544ko urtarrilaren l5ean). Arrantzategiaren kostaldera iritsita, katekistak ezarri zituen herrixka bakoitzean. Katekista haiek haurrei otoitzak erakutsi eta, neurri batean, misiolari lanak egiten zituzten. Ildo horretatik, adiskide bakoitzari lurralde bat esleitu zien herrixka kopuru jakin bat biltzen zuen barruti modura eta etengabe misioaren nondik norakoen berri emateko agindua eman zien. Arrantzategiko kostaldeko eginbeharrak modu horretan konponduta, Nafarroako misiolari sutsua Manapar eta Hegoaldeko barrutirantz abiatu zen. Hala, aparte samar zegoen Travancor kostaldera iritsi zen, "makua" arrantzaleak ebanjelizatzeko asmoz. Hilabeteko egonaldia egin zuen haien artean, baina nahikoa izan zen metodo zaharkituak erabiliz haiek ebanjelizatzeko eta tradizioak zioen modura, hamar mila bataio baino gehiago egiteko. Gainerakoan, 1544. urtea bidaia anitzez betetako urtea izan zen Javierrentzat. Hala, urte hartan, dakigunez, 20 joan-etorri baino gehiago egin zituen. Ceylan irlatik iritsi ziren albisteek ziotenez Jafnapataneko erregeak kristau neofito ugari exekutatzeko agindua eman zuen. Hura jakin ostean, Javierrek Cochinera itzuli behar izan zuen, handik Goara joateko. Han, gobernadoreari, Martin Alonso jaunari jakinarazi zion. Zigor-espedizio bat antolatu zen eta Javierrek espedizio hartan joateko erabakia hartu zuen. Interes materialak zirela medio, espedizio hura hasiera batean atzera bota eta gerora bertan behera geratu zenean Javierrek bere etsipena adierazi zuen. Edozein modutan ere, bertan behera utzitako espedizio horri esker, Javierrek Molucas irletan zeuden beharrizan espiritualei buruzko berri zehatzak izan zituen, eta berehala hara abiatu nahi izan zuen. Baldintza meteorologiko kaskarren ondorioz apur bat itxaron behar izan zuen. Bitartean iparralderantz abiatu zen, Santo Tome hiriraino, apostoluaren hilobia beneratzera. Handik gutxira irten zen Molucas aldera, 1545eko abuztuaren amaieran, Juan de Eiro lagun zuela, nafar eredugarriak fedetutako merkataria. Hilabete nabigatzen eman ondoren Malaca ukitu zuten. Han hiru hilabeteko egonaldia egin zuten. Javierrek Malaysia ekialdeko mundua bertatik ezagutzeko, malaysierako funtsezko lanabesak ikasteko eta bertako adituekin kristau-ikasbidearen zatirik garrantzitsuenak hizkuntza hartara itzultzeko baliatu zuen denbora hura.

Amboino eta Ternate irletara abiatu aurretik, Argibide batzuk prestatu zituen Jesusen Konpainiako kateskistentzat. Aldi berean, Txinara misiolari gisa bidaiatzeko desira piztu zitzaion lehen aldiz. 1546ko urtarrileko lehen egunetan abiatu zen Amboinora. Hilabete eta erdi nabigatzen eman ostean eta Sumatra, Java eta Borneo irlak atzean utzi ondoren, jomugara iritsi zen. Han eta alboko irletan misiolari lanetan aritu zen Javier lau hilabetez. Tradizio elizkoiak dioenez irla horietako batean, Baranula delakoan (Ceran), itsas bidaian zehar gertatutako erauntsi batean Javierrek galdutako gurutzea hondartzara ekarri zuen karramarro batek matxarda artean. Urte horretako ekainean Ternate irlara abiatu zen, ardatz lurrintsuaren merkatalgune eta Ekialde Urruneko portugaldarren azken jabetza. Bertan hiru hilabeteko egonaldia egin ostean Moro irletako kristauengana jo zuen. Han ere hiru hilabetez egon zen ebanjelizazio eta bataiatze lanetan. Ondoren, Indiarako itzulera bidaia egin zuen. Itsasketa luze eta nekeza izan zen eta hainbat geldialdi tarteko (Ternate, Amboino eta Malaca), 1548ko urtarrilaren 13an iritsi zen Cochinera. Japonian lekutu zuen misiolari nafar nekaezinak hurrengo ametsa. Baina hara joan aurretik, Indian eta Molucasen egon zen urtebete eta hiru hilabetez. Egonaldi luze hori misiolari postuak berregituratzen eta bere mendekoen eta apostolutzako adiskideen barne-bizitza antolatzen eman zuen. Javierren arima misiolaria etsia sakonak hartu zuela islatzen da garai horietan idatzitako gutunetan, Portugaleko funtzionario askok erakusten zuten berekoikeriaren eta jesuiten arteko adiskideren batek erakusten zuen ahuleziaren eraginez. Edozein kasutan ere, hori izan zen, zalantzarik gabe, Javierrek misiolari modura bizi izan zuen unerik gogorrenetako bat, nork usu (esate baterako, adiskide jesuita batzuen kanporatzean) bere izaera gogor eta apur bat muturrekoari men egin baitzion. Horrek guztiorrek eta bere izaera kartsuak eraginda, hainbat hilabetez misiolari nafarraren irrika zirikatu zuen Japoniaren xarma eta misterioa ezagutzeko, irla haietara bidaia bat egiteko ideia azalarazi zen apostoluaren ariman. Indian konpondu beharrekoak konpondu ondoren, Javier eta bere adiskideak 1549ko Erramu-igandean atera ziren Japoniako inperiorantz. Itsas bidaia gorabeheratsua izan zen, baina, Cochin eta Malacako kaietan geldialdia egin ostean, 1549ko abuztuaren 15ean ukitu zuten Japoniako lurra, Cangoximan hain justu, Japonia hegoaldeko erreinuaren hiriburuan. Bi urte eta hiru hilabetez lanean jo eta ke aritu zen Javier Japoniako irletan. Denbora horretan, zibilizazio arras berria ezagutu zuen; Mendebaldeko zibilizazioarekin antzik ez izateaz gain, Indiako zibilizazioarekin ere batere antzik ez zuena. Javierek urtebete pasatxo pasa zuen Cangoxima. Alde batetik, japoniera apur bat ikasten (sekula lardaskatu ez zuena) eta, beste alde batetik, jakin-mina zuten japoniarrei fedearen bidea erakutsiz, horretarako Pablo de Santa Feren laguntza izan zuen, Indiatik berekin ekarri zuen natiboa. Javierrek fedeko artikuluen Deklarazioa japonierara itzultzeko agindua eman zuen. Deklarazio hori goitik behera buruz zekien Javierrek eta bazter guztietan errezitatu ohi zuen, eta interprete baten laguntza izaten zuen jendeak jakin-minez luzatzen zizkion galderei erantzuteko. Jende gutxi fedetu zuen eta oso urriak izan ziren egin zituen bataioak. Horrek eta bontzoen jazarpenak eraginda, Javierrek Japoniako erregearekin aurrez aurre elkartzea erabaki zuen, izan ere, erregea katolizismora eramanez berehala erreinu guztian zehar hedatuko zela uste zuen (pentsamendu hori ohikoa zen "cuius regio, illius est religio" delakoak agintzen zuen garai hartan). 1550eko irailaren amaieran iparralderantz abiatu zen, Hiradoko irlara bidean. Han kristau-elkarte txiki bat sortu zuen; dena den, ez zuen denbora gehiegi eman bertan, Meacorantz jarraitu nahi baitzuen, erregearekin izateko asmoz. Irlaz irla eta hiriz hiri ibili ondoren, bere adiskideekin batera Yamaguchi hiri jendetsu eta aristokratikora iritsi zen. Handik, itzelezko hamaika ahalegin egin eta emaitza antzuak besterik ez zituela jasotzen ikusita, merkataritza-gune garrantzitsua zen Sakaira abiatu zen. Handik Meacorako bidaiarekin jarraitu zuen. Baina erregearekin solasaldia izateko desirak ere porrot egin zuen. Porrot horren ostean eta beste arrazoi batzuk zirela medio hiriburuan misioa gauzatzea ezinezkoa zela erabaki zuen. Horrenbestez, Yamaguchira zuzendu zen. Han, Japoniako printze ahaltsuena zen nagusi, halaxe zioten behintzat jaso zituen erreferentziek. Printzeak kristautzeko erabakia hartzen zuten mendekoak errespetatu egingo zituela zin egin zuen. Ondorioz, Javierrek apostolu-lan zirraragarriari ekin zion hainbat hilabetez eta hainbat pertsona fedetu zituen, batez ere samurai kasta gerlarien artean. Baina, beste leku batzutan gertatu bezala, hemen ere bontzoen jazarpena pairatu behar izan zuen, eta horrek asko zaildu zuen kristautze lana. Yamaguchin kristau-elkartea egonkortu egin zen. Elkarte hark, bere txikitasunean lehenengo kristau-elkarteen suharra zuen; egoera hartan, 1551ko irailean Bungoko printzearen deia jaso zuen Javierrek. Hala, ahal izan zuen bezain pronto irlara abiatu zen. Irlan oso aurreikuspen itxaropentsuekin hasi zen lanean, nahiz eta oraindik bontzoak atzetik zituen; hala ere, Indiako misioetan jazotzen ari ziren gertakari lazgarrien berri izan eta hilabeteren buruan hara itzultzea erabaki zuen auzi haiek konpontzeko. Hala, Bungon bakan batzuk baino ez ziren kristautasunera aldatu. 1551ko azaroan atera zen hiru adiskiderekin, eta Canton irletan geldialdia egin ostean, Malacantz itsasoratu zen Diego Pereira kapitainaren Santa Cruz ontzian. Pereirak Txinako erregearekin elkarrizketa bat izateko iradoki zion, Portugaleko erregearen izenean bake-negozioazioei ekiteko. Malacan zela Javierrek Indiako probintzial izendatu zutela jakin zuen, Portugaleko jesuiten probintzia independente. 1552ko urtarrilaren 24an Cochinera heldu zen eta hilabeteko egonaldia egin zuen bertan; denbora horretan mendekoen arazoak konpontzen saiatu zen. Urte horretako otsailaren 18an Goan zen dagoeneko. Han bi hilabete eskas eman zituen Indiako misiolariak antolatzen eta bere azken ametsa prestatzen: Txinarako bidaia. 1552ko apirilaren 14an atera zen Goatik Aita Gago, Alvaro Ferreira anaia, Antonio de Santa Fe izeneko txinatarra eta Cristobal izeneko mirabe bat lagun zituela. Itsas bidaia gorabeheratsu baten ostean maiatzaren amaieran Malacara iritsi ziren. Javierrek bi hilabete luzez egon behar izan zuen bertan, izan ere, Malacako itsasoan kapitain lanetan aritu zen Alvaro de Altaide kapitainak kontra egin zien burugogor, harrotasunak eta erresuminak hartuta. Azkenik, Javierrek Cantoneko irletarako norabidea hartu ahal izan zuen, baina Diego Pereira gabe, izan ere, Alvaro jaunak aukeratutako kapitain batek hartu zuen Santa Cruz ontziaren gidaritza. Sanchon inguruan geratu zuten itsasontzia 1552ko abuztuaren amaiera aldera. Irla bakarti haietan, Txinako etas Portugaleko merkatarien topagune hartan, hil zen Nafarroako apostolu handia urte hartako abenduaren 3an, hainbat hilabetez isilpean kontinentera eramango zuen jungu txinatarraren zain alfer-alferrik egon ostean. Tradizioan jasotzen denez, agoniaren amildegian zela Javierrek esan zituen azken hitzak Jaungoikoari egindako otoitz xume batzuk izan ziren, bere ama hizkuintzan, euskaraz... Apostoluaren gorpua Goara eraman zuten l554ko udaberrian. Han gaur arte beneratu dute apostolu nafarra. Francisco Javier 1622an egin zuten santu, Teresa de Jesus eta Ignacio de Loyola bezalaxe. 1748an Buena Esperanza lurmuturreko lurralde guztietako patroi izendatu zuten. 1904an Fedearen Zabalkundearen patroi eta 1927an Santa Teresa Jesusenaren misio guztietako patroi.