Auñamendi Eusko Entziklopedia
Fondo Bernardo Estornés Lasa

Buscador

Home > Auñamendi > Jentilak

Jentilak


toolbox

  • editions:
  • other languages:
    • ver en castellano
  • escuchar
  • share

Testuak

Jentilen ezaugarri nagusiok erakusten dituzten hainbat testu plazaratuko ditugu jarraian. Lehenik, Barandiaranen hiztegi mitologikotik erauzten dugu haien eraikuntza lanen zenbait berri:

"(...) lehen kristau elizen eraikuntzan lagundu zutenak euren indar harrigarriari esker. (Muxika, Ondarru, Markina, Elgeta, Zumarragako Antigua, Oñati, Opakua, Zurbano, Urdiain, Ataun Oiartzun,...); harrespilak egin zituztenak, eta horregatik Aranon "jentilbaratz" esaten zaie; trikuharriak eraiki zituztenak, Ataun-Burunda mendialdeko "Jentiletxeak" edo Aralarko "Jentilarriak" erakusten duten bezala; hainbat etxe ere eraiki zituztenak, hala nola Idiazabalgo Ojarbi, Animasagasti eta Maubi, etc." (Barandiaran, 1972-73) (Itzulpen moldatua gazteleratik).

Aipatzen direnak baino eliza gehiago ere jotzen dira jentilen obratzat. Izan ere, berez ia Euskal Herriko eliza guztiak lirateke jentilek eraikitakoak, jentilek egindakotzat jo ohi direlako kontalariaren ikuspuntutik bere inguruko gizakien ahalmenaz haratagokoak diren lan handi guztiak. Tamaina ikusgarriko edozein lan beraz, jentilek buruturikotzat jo ohi da, berdin eliz bat, trikuharri bat edo harlauza handiz egindako galtzada bat.

Jentilek lan handiak burutzen dituzte, baina haien kemen izugarriari esker, neke handirik gabe burutzen dituzte gainera. Atseden hartzeko premiarik ere apenas erakusten dute:

"Zeraingo Arrolako jentila Arabara joan omen zen gari bila. Idi-narru bat gari bizkarrean zuela zetorrela, bere alaba topatu omen zuen aurrez aurre Bostaitzetan, Zerain eta Zegamaren mugan.

-"Atseden egizu ura edan artean", esan omen zion alabak.

-"Jakin izan banin atsedetea zer den beste hainbeste gari ekarriko ninan".

Buruan zeukan erradatik (ontzitik) eskaini omen zion ura alabak, eta errabaldia (ontziaren tapa) urarekin irentsi omen zuen aitak.

-"Non dugu baldea (tapa)?" galdetzen omen du alabak. -"Samar bat irentsi ote dudan iruditu zaidan." (Barandiaran, 1972-73).

Lanerako erraztasun honi esker ez daude jolaserako beta faltan:

"Pelotari batzuk Murumendin pelotan omen zebiltzan. Eta jentil bat joan omen zitzaien eta galdetu omen zien:

-Zer egiten duzue hemen? -Pelotan jokatu, erantzun omen zioten. -Harri hau zertarako duzue? -Sakarritarako.

-Berau ere ez duk txarra peloten eran botatzeko.

Eta hartu eskuetan sakarria eta, berealdiko errun (indar handiz), Aralar aldera bota omen zuen. Eta harri hori halako urrinean (abiadura handiz) airez dijoala bi puska egin eta bat Gazteluko haizpera eta bestea Alotzara erori omen ziren. Alotzako puska erdiz erdi bide-zidor batean han dago, ez harri txantxetakoa hura ere. Hango artzaiek Saltarria esaten diote" (Barandiaran, 1972-73).

Eta jentilen lanak ikusgarri diren bezala, haien jolasek ere Alotzako Saltarria bezalako arrastoak utzi ohi dituzte paisaian:

"Urdiolako amildegian (Arrankudiagan) Urdiolako mendiaren eta Arakoldoko gazteluaren artean (non herriak moroen gaztelutzat jotzen duen gaztelu baten aztarnak ikusten baitira), badira bizpahiru harri borobil, bola antzekoak edo. Arrankudiagarrek diotenez, antzinako aspaldian jentilak bola-jokoan jardun ohi zuten mendi batetik bestera, baina behin bolak elkar aurrez jo eta amildegira jauzi ziren, gaur egun ere bertan daudelarik.

Orozkon diotenez, jentilak lauzpabost arroako harri borobilez jolastu ohi ziren pilotan, batzuk Untzueta mendian eta besteak Santa Marina mendian kokatuz. (...)

"Amil" da, Mutrikuko beste lurralde baten izena, itsasbazterrean. Bertan, itsasgorak inguratzen duen haitz bat ikus daiteke. Esaera denez, jentilek jaurtiki zuten Arno menditik pilotan jolasten ari zirelarik" (Barandiaran, 1972-73) (Itzulpen moldatua gazteleratik).

Nekerik gabeko langile indartsuak eta jolas-zale izateaz aparte, jentilak izaki jatorrak dira berez. Auzoko ohitura onak erakusten aurren aurrenekoak dira. Esate baterako auzokidea hil hurren dagoenean hari bisita egitera joan ohi dira, eta gainera ez doaz esku hutsik. Lastima kristau batzuk hain zikoitz eta esker txarreko izatea:

"Lehenago Jentilbaratzan jentilak bizi izaten omen ziren. Askotan gauez Agerrera jaitsi ohi omen ziren eta han jokoan aritzen omen ziren egunsentian oilarrak kukurruku jo artean.

Behin Agerreko nagusia gaizkitu egin omen zen eta elizakoak egitera omen zihoan. Hau jentilek jakin zutenean, kristauak ez izanagatik, urrezko sobrekama Agerrera jaitsi omen zuten, eta berarekin gaixoaren ohea elizakoak joaterako jantzi omen zuten.

Agerrekoek jentilen sobrekamaren gura izan nonbait ere eta hala iltzez oheari josi omen zioten, eta baita geroxeago oilarrari kukurruku joarazi ere. Jentilak oilar kantua aditu zutenean heldu beren sobrekamari eta berealdiko "errun" (ziztuan) abiatu omen ziren; baina sobrekama puska bat ohearen ertzari josita geratu omen zitzaien. Orduan jentilek deiadar egin omen zuten, Agerre Agerre zen bitartean ez zela etxe hartan eririk edo makirik faltako. Eta harrez gero eria edo makia beti izan omen da Agerren" (Barandiaran 1972-73).

Beraiek direnean auzokideren baten laguntza jasotzen dutenak, beste gizalegea erakusten dute eta laguntzera etorritakoak ez du haienetik esku-hutsik alde egiten:

"Antzinan, Santimamiñeko kueban jentilak bizi ziren, eta emakumezko bat egon zen seina (umea) egiteko eta Lezikako andreari abisatu zioten seingintzan (umeaz erditzen) laguntzeko. Eta jentil andrea libratu zenean eman zioten berari jaten, eta ogi zuria ikusi zuenean zati bat gorde egin zuen etxean erakusteko, eta etxerako altxatzen hasi zenean ezin altxatu omen zen eta jentilek esan zioten: Andrea, zuk hemengo gauzaren bat daukazu. Eta andreak ezetz eta besteak baietz. Eta andreak gero esan zien baietz, ogi zati bat etxean erakusteko hartu zuela. Eta orduan jentilek esan zioten uzteko bertan han hartu zuen ogi zatia eta eman zioten etxerako ogi osoa" (Barandiaran 1972-73).

Jentilak modu honetan bizi izan ziren urte luzaz, denbora nekerik gabeko lanean eta jolasean emanez, eta auzo bizitzarako elkartasun eredu izanez. Halako batean berriz, hara zer gertatu zitzaien, Barandiaran beraren hitzetan, hark amarengandik jaso zituen bezala:

"...Ataunen nire haurtzaroan maiz entzun nuen bertsio baten arabera, behin jentilak Aralarko Argaintxabaleta zelaian jolasean ari zirelarik, beraiengana zetorren laino argidun bat somatu zuten Ekialdetik. Agerkundeak izuturik, zahar jakintsu bati hots egin eta haien artera ekarri zuten, laino harrigarria ikus zezan eta haren esanahia argi ziezaien. Zaharrak zera esan zuen: "Kixmia jaio duk eta gure arrazaren denbora joan duk! Amil nazazue mailo horretan behera!". Besteek bertan amilarazi zuten, eta lainoa atzetik zutela,-lainoari iheska alegia-, mendebalderantz jo zuten lasterka estuan, eta Arraztarango harantxora heldu zirelarik, anabasan sartu ziren denak batera geroztik Jentilarri deritzan harlauza handi baten azpira: Jentilarri hau, zenbait urte beranduago Arantzadi eta Eguren doktoreekin batera miatu nuen ganbara bikoizko trikuharria da. Honela egin zuen jentilenak, leiendak dioskunez" (Barandiaran 1972-73) (Itzulpen moldatua gazteleratik).

Juan Inazio Hartsuaga Uranga
2011


Images

Our Sponsors