Auñamendi Eusko Entziklopedia
Fondo Bernardo Estornés Lasa

Buscador

Home > Auñamendi > Jentilak

Jentilak


toolbox

  • editions:
  • other languages:
    • ver en castellano
  • escuchar
  • share

Interpretazioa

Jentilak ez dira beti ageri proposatu ditugun testuetan bezala. Sinkretismoaren ondorioz aurki daitezke haien deskribapen ezkorragoak, baina hemen azaldutakoak dira jatorrenak eta benetakoenak. Deskribapen horren araberako izakiak anitz izenez iritzi ohi ditu herriak, bai Euskal Herrian, bai eta hemendik kanpo ere. Bataiatzeko irizpiderik ohikoena, haien indarrari eta tamainari dagokion izenaren bat erabiltzea izan ohi da. Honela, gigantes ditugu Iberiar penintsulan, géants Frantzian, giants ingelesez , Riesen alemanieraz, eta risi, rise, Eskandinavian. Hau bezain ohiko edo agian ohikoago oraindik, zera da, atzerriko herri beldurgarriren baten izena ematea. Euskal Herrian mairu edo moroak erabili ohi da, Alemaniako eskualde gehienetan Hünen (hunoa edo hungariarra), eta herri eslaviarren artean Finn (finlandiarra) eta Avar (Avariarrak, Hunoen antzeko nazio asiarra) bezalako hitzak erabili ohi dira. Akulturazioak eta ondoriozko sinkretismoak berriz, esanahi ezkorreko beste anitz izen sorrarazi ditu han eta hemen. Euskal Herrian jentil izena nagusitu da, "ez kristau" edo "pagano" adierazi nahiz, ezaugarri oso ezkorra izena sortu zen garaiean. Halere okerragorik ere bada. Eskandinaviako jötunn eta thurs izenak, "enasa" edo "asegaitz" adierazten bide dute, jentilen gehiegizko jate eta edateak iradokiz. Alemaniako hainbat eskualdeetako Lübben izenak "traketsa" edo "motza" adierazten du, esparru bereko Dumme dutten (inozoak) bezala. Jentilek berez ez dute izen propiorik euren bertsio jatorrenean. Honako edo halako lekuko jentilak izan ohi dira. Akulturazioek ordea izen propioak zabaltzea dakarte. Jentil izen zerrenda luzeak aurki daitezke eskandinaviar edo britainiar mitologian. Gurean ez hainbeste, Errolanek eta Sansonek jentilartean sartzea erdietsi badute ere.

Jentilen mitologia indoeuropar aitzinekoa da eta beraz ez da berdin ageri kultura guztietan. Leku batzuetan akulturazioa oso bortitza izan da eta apenas aurki daiteke jentilen arrastorik. Beste batzuetan berriz aurki daitezke aztarnak, baina jentilen irudi ezkorra nabarmen nagusitzen da, edota bera da dagoen bakarra. Euskal Herrian berriz, akulturazio indoeuroparraren geruza meheagoa izaki, jentilak modu baikorrean gorde dira sarritan, eta kristauak baino kristau hobeak zirela topiko gisa gorde da egundaino hainbat eskualdetan. Halere, honelako irudi baikorra ez da Euskal Herriko esklusiboa. Harrigarri badirudi ere, indoeuropar hizkuntzetara aspaldian aldatutako Europako hainbat eskualdeetan ere, jentilen irudi baikorrak gorde ahal izan dira, bakanak baino ez badira ere.

Alemaniako Westfalian esate baterako, eta Oldenburg eskualdean bereziki, jentilaroko ikuspuntutik kontatutako jentil legendak bildu ahal izan zituen Jacob Grimm-ek XIX mendean. Euskal Herriko jentilen antzera hauek ere eredugarri portatzen dira auzokideekin, baina jentilen folklorea aberastea dakarren hemengoa ez bezalako beste modu batean. Honatx albiste batzuk.

"Nettelstädt-en gainean dagoen Hünenbrink-en aspaldian bizi izan ziren jentilek oso harreman onak zituzten Stell-en (handik 4 km.-etara) bizi ziren jentil lagunekin. Batzuk ogia egosten jarduten zuten bitartean besteek barra bat nahi izanez gero, haiek jaurtiki egiten zieten hauei.

Aintzira Beltzeko hegoaldeko ertzeko Hilverdingsen-en bizi zen jentil batek eta iparraldeko ertzeko Hille-n bizi zen beste batek ogia elkarrekin egosi ohi zuten. (...).

Altehüffen-en bizi ziren jentilek laban bakarra baino ez zuten guztientzat. Herriaren erdian zegoen zuhaitz baten enborrean sarturik egon ohi zen, eta nornahik hura behar izanez gero bertatik hartu eta bukatutakoan bere lekuan utzi ohi zuen. Zuhaitza egon zeneko lekua erakusten dute gaur egun oraindik" (Hartsuaga, 2004).

Ogia elkarrekin egostearen antzeko ereduak badira Euskal Herrian, jentilen bat auzoko beste guztiekin etxeren batean biltzen denean auzolanean egin ohi den lanen bat burutzera, esate baterako, arto-zuriketa. Baina ogi egosi berriak mendi batetik bestera jaurtikitzea edo lanabes bakarra denon artean modu horretan erabiltzea bezalako ereduak ez daude euskal mitologian, eta bereziki politak gertatzen dira, jentilen mitologia osatu eta aberasteko, hangoek eta hemengoek eredu bera erakusten baitigute: jentilak auzokide zintzo gisa jokatzen dute elkarren errespetuan, elkarren laguntzan eta adiskidantzan.

Eskandinavian ere gorde da honelako zerbait, nahiz eta salbuespen modura izan, Alemanian ere salbuespena den bezala. Eskandinaviar mitologian jentilak jainko indoeuroparren etsai nagusiak dira eta etengabeko liskarrean bizi dira batzuk eta besteak. Indoeuropar garaileen ikuspuntutik begiraturik jentilak zabarrak dira, enasak, onean onak baina kontrolik gabeko jenio txarrekoak, harroak eta inozo samarrak, engainatzeko errazak. Panorama honen erdian berriz, salbuespena. Inozoak bai, baina zintzotasunetik datorren inozotasuna da haiena. Eta inozoak bai, baina ez ergelak, munduan hain aspalditik egonda ezaguera askoren jabe egiteko behar hainbat beta izan baitute. Nabardura hauetaz aparte, jentilen zintzotasunaren aipamena XIII. mendeko Egilssaga-n jasota dago, baina baita XIX. mendean ere Färoe Irletako folklore bilduma batean (trur sum trödlir = jentilak bezain zintzo edo egiatia).

Britainiar Irletan aurki daitekeen argazkia ez da hobea. Han ere akulturazioaren indarra handia da eta jentilen irudia ohiko topikoen arabera ematen zaigu: zabar eta zikinak, itsusiak eta inozoak. Gainera bertan bi akulturazio geruza daude, gaelikoa eta germaniarra, eta honek areago zailtzen du ikerketa. Bada han ere salbuespenik, baina eremu "ez gaelikoan" gertatzen denez, aurretik ikusi dugun tradizio germaniar berekoa ez ote den susma daiteke. Dena den, eredua jentilen mitologiarekin koherentea da eta aurrekoak bezain polita, doluzko ezbeharrez amaitzen bada ere.

"Cormoran eta Trecobben muinoko jentila adiskide onak ziren eta auzo-lagunak, eta elkarri utzi ohi zioten batek izan eta besteak behar zezakeen edozein lanabes, harreman onean dauden auzokideek egin ohi duten modura. Behin Cormoran botak konpontzeko mailuaren premian zegoen, baina mailua Trecobben-ean egon (bakarra zuten bientzat). Beraz kanpora atera eta deiadar egin zuen: Eeeup hi! Botazak mailua! Behar zituztenak honelaxe bota ohi zioten elkarri. Seguru egoteko, Treccoben-goak ere bulla egin zion: "Baziak hortxe! Harrapazak! Cornelian, Cormoran-en arreba, hainbesteko zarata entzunda bat batean irten zen etxeko ilunpetik egun argitara zer ote zen ikustera eta eguzkiak itsututa ez zuen ikusi mailutzarra nola zetorkion gainera eta danba! jo zuen begitartean kolpe izugarriaz" (Quiller Couch, 1914) (Itzulpen moldatua ingelesetik).

Eredutasunaren auzia tartean ez dagoenean, akulturazioak ez dio apenas eragiten pertsonaien nortasunari. Horregatik jentilak berdin dira indartsu bere agertoki guztietan, eta berdin burutzen dituzte han eta hemen paisaia aldatzen duten lan eskergak. Jentil zintzo eta adiskidetsuen arrastorik ez dagoen tokietan ere, erdi munstro erdi ogro bihurturiko jentilek lan harrigarriak burutzen jarraitzen dute. Euskal Herrian elizak, zubiak, etxe eta jauregiak, galtzadak eta horrelakoak dira gehienbat, paisaian nabarmen dauden harkaitz eta harritzarrak ere aipatzen diren arren. Euskal Herritik kanpo berriz, jentilen lanak zerrendatzerakoan, paisaiaren elementuak nagusitzen zaizkio gizakien eraikinei: aintzirak, muinoak, irlak eta tankera honetako paisaiako hainbat elementu jentilen jardun ohardun edo oharkabekoren ondoriotzat jo ohi dira Europa osoan zehar. Jentilen mitologiaren bidez, Naturaren interpretazio kulturala egiten da, Naturari protagonismoa kenduz eta paisaia lanaren ondoriotzat ulerbideratuz.

Hein berean ongi gorde da jentilen harriekiko lotura pertsonai hauek ageri diren leku guzietan. Tokian tokiko beste hainbat loturen gainetik, esteka megalitikoa orokorra da. Elizak eraikitzen, pilotan eta bola-jokoan jolasean, edo sailak ixteko harrizko itxiturak prestatzen, jentilak beti eta nonahi harritzarrak maneiatzen ikusiko ditugu salbuespenik gabe. Harritzar horiekin egiten duten lan nagusietako bat euren hilobiak prestatzea da, trikuharriak. Euskal Herrian Jentiletxe eta Jentilarri bezalako izena duten trikuharriek erakusten digute jentilak eta dolmenen arteko lotura. Baina Euskal Herritik kanpo ere lotura horren berri argi eta garbia aurkitzen dugu, gurean baino garbiago batzuetan, dokumentuak aspaldikoak direlako, edo besterik gabe gordekorrago izan direlako. Irlandako urtekari zaharretan jentilek euren hilobiak (trikuharriak) nola eraiki zituzten kontatzen zaigu, eta Holanda eta Ipar Alemanian, trikuharrien izenik ohikoenak Hünengrab (jentil-hilobi) eta Hünenbed (jentil-ohea) dira.

Jentilen funtzioa mitologian, eredu emaile izatea da. Bizitzarako eredua eskaintzen dute eurena lanean emanez, nekerik gabeko lan eredu ideala erakutsiz. Gizarte harremanetarako eredua ematen dute, auzokidetza ohituretan aitzindari eta kunplitzaile ezin hobeak azalduz. Eta azkenik, bere eredutasuna arlo guztietara zabalduz, bizitza erlijiosoaren ardatza den hildakoen kultua erakusten dute, jentilen akaberaren mitoaren bidez.

Jentilen akaberaren mitoak, Euskal Herriko bertsio gehienetan, testuinguru kristauak eragindako deformazioaz, jentilen paganismoa eta kristautasunaren arteko borrokaren itxura hartzera iritsi bada ere, ez du berez gai horrekin zer ikusirik. Legendaren euskal bertsio jatorrenak eta Europan zehar aurkitu ahal izan diren hainbat aztarna ikertuz, kontakizun zaharra berreraiki ahal izan da eta haren funtzioa argitu. Legendaren gertakari hurrenkera zaharra zera da: mundua sortu zenean jentilak izan ziren bertan bizi izan ziren lehen izakiak. Behin Jentilarte osoa lekuren batean bildurik zegoen festa eginez edo. Halako batean, laino marismea (laino mehar ganduzkoa) ikusi zuten oskarbian. Jakin, bazekiten, laino mota hori izurriteak zabaldu ohi dituen horietakoa zela. Izuturik, igarlea ekartzea erabaki zuten, lainoari begiratu eta zein ondorio izango zituen esan ziezaien. Igarleari, betazalak gorantz bihurritutakoan, trantzea etorri zitzaion, ohi bezala, eta orduan ikusi ahal izan zuen etorkizun beltza. Jentilarte osoaren galbidea zekarren laino marismean gordetako izurrite hark. Igarlea amil arazi, eta aurrez eraikita zuten trikuharrian hobiratu ziren jentil guztiak betirako. Ondoren, mundua hutsik egon zen hainbat urtez.

Jentilen akabera benetako mundu-akabera bat da, Bibliako Euritea edo indoeuropar Eskatologiak (Ragnarökr, Kuruksetra) bezala. Baina jentilen akaberaren kontakizunean, horietan ez bezala, ez ogena, ez kutsatutasuna, ez auzia, ez eta zigorraren ideia ere inondik inora ez dira ageri. Eta hutsune hauei dagokienez bertsio eta aztarna guztiek azaltzen duten adostasunak ezinezkoa bihurtzen du, ideia hauek garai batean bertan egon ondoren, ahantzi izanaren posibilitateari buruz egin litekeen edozein espekulazio. Bestalde, euskal mitologiak jentilen izaerari buruz jakinarazten digunaren arabera, hauek kristauak baino zintzotasun handi eta garbiagoaz horniturik daude, zeren eta "kristauak ez badira ere" (herriak zurigarri esan ohi duenez), haien jarrera eta joerak eredugarriak baitira, errukiortasuna, lagun-beratasuna eta langiletasunari dagokienez, eta herriak sarritan esana da, jentilak kristauak berak baino kristau hobeak zirela. Gehiagotasun etiko hau erabat kontraesanean dago mundu hobearen sorkundea adierazten duen berrikuntzaren ideiarekin, jentilen akaberak eta honek zabaltzen duen gizazkoen garaiaren hastapenak hain zuzen ere munduan bizi den gizartearen kalitate moralaren atzerakada ekarriko baitu.

Gainera, mundu berriaren igeltsero izanen diren mundu zaharreko zintzoenen iraupenaren ideiak ere (Noé, Baldr,Pariksit),- bi munduen arteko jarraipena eta loturaren ikurra den ideiak-, huts egiten du erraldoien akaberaren kontakizunean, akabera honek erabateko etena sorrarazten baitu suntsitzen den jentilartea eta mundu gainean darraikion gizartearen artean. Azken kontraesan hau zeharo ados dago aurrekoarekin, zeren eta jentilen akaberak munduko biztanleriaren moraltasunaren kaskartzea ekartzen badu mundu hobearen eraikuntza ahalbideratu beharrean, zintzoenen iraupenaren ideiak ez du bertan noski inolako zentzurik.

Beraz, jentilen akabera, "munduaren akabera" sinple baten eredutzat ezin da hartu, besteak beste jentilen akaberak inondik inora ez duelako, bera argi edo bidezko edo beharrezko bihur dezakeen ulerbiderik: ez dago ogenik, ez dago jainkozko goren batek igorritako zigorren baten aipamenik, eta are okerrago oraindik, jentilen akaberak, esker txarrekoago eta berekoiago den gizarte batera garamatza. Izan ere, erraldoien akabera hau arrunt agatiko eta bidegabea deneko sentipena ezin dugu burutik kendu. Halere, aipatu sentipen honek bultzatzen gaitu hain zuzen, erraldoien akaberaren beharrezkotasunaz hausnartzera. Konklusioa zera da, arrazoi ezezagunen bat dela eta, erraldoien akabera beharrezko izan behar dela ikuspegi teologiko batetik. Ulergaitza eta bidegabea bada, orduan ezinbestekoa izan behar da, erraldoien erlijioaren barruan funtzioren bat bete behar du, jentilak garai mitikoen hasiera hasieran hiltzera behartzen dituen funtzioren bat. Eta ezinbestekotasunaren konklusio hau da hain zuzen, mitoa ulertzeko bide zuzenean barrena sartzen gaituena.

Erraldoein akaberari lotzen zaion gertakaririk nabarmenena zera da, haien lurperaketa hilobi megalitikoetan: euskal jentilak, Jentilarria deritzan trikuharriaren azpira sartzen dira, eta Irlandako jentilak berriz, beraiek hondeatzen dituzte hilobiak hildakoak lurperatzeko. Ipar Alemaniako erraldoiak berriz, dagozkien hünengräber-etan (jentil hilobietan, hots, trikuharrietan) ehortzirik aurkitzen ditugu. Hau guztiari, zera gaineratzen badiogu, alegia, euskaldunen betekizun erlijioso nagusia etxeko hildakoei eskainitako kultua izan ohi dela (haien erlijio zaharretik datorrela kristaugoaren itxura berrien azpian bizirik iraun duen kultua), konklusioa bistan agertzen da: jentilen akabera zererako da beharrezkoa, alegia, norberaren hildakoak ehortzi eta hilobien gainean haien oroigarri izanen diren monumentuak eraikitzeko ohitura eratzeko. Hildakoen kultuaren lehen eta ezinbesteko oinarria den ohitura hori eratzeko, honen ondoan noski kultu horren beste zenbait aspekturi dagozkion ohitura lagunak,- opariak, otoitzak, e.a.-, badaude ere. Hona erraldoien akabera zeharo beharrezkoa bihurtzen duen arrazoia,- hasieratik txunditu gaituen bidegabekeria eta arrazoi etikorik ezaren argigarri-, akabera hau garai mitikoen hasiera hasieran gertatzea ere ezinbestekoa egiten duen arrazoia, erraldoien kultura indar indarrean dagoen aldi berean erraldoiak hilik egotearen logika borobila ulertarazten digun arrazoia. Jainkozkoak baldin badira beti gizakiei jarraitu beharreko gizarte eta erlijio jokabide ereduak erakusten dizkietenak, hildakoen kultua eratu nahi duen erlijioak bere jainkozkoak hilarazi behar ditu ezinbestean. Jesukristo hil eta piztu egiten da, eta gertakari hauek direla bide, kristauek heriotzaren ondorengo pizkundearen promesa jasotzen dute. Jentilak hil, eta eraikuntza gogoangarri baten azpian ehorzten dira (ehortziak izateko hiltzen dira hain zuzen) eta gertakari honetan ikasten dute gizakiek beren hildakoekin beste horrenbeste egin behar dutela: lurperatu eta haien oroitzapenari eutsi.

Jentilen mitologia beraz, trikuharrien kulturaren mitologia da. Duela ia zazpi mila urte bizitzaren ardatzean lana, elkartasuna eta hildakoen kultua ipini zituen erlijio megalitikoaren muina.

Juan Inazio Hartsuaga Uranga
2011


Images

Our Sponsors