Auñamendi Eusko Entziklopedia
Fondo Bernardo Estornés Lasa

Buscador

Home > Auñamendi > Justo Garate Arriola

Justo Garate Arriola

Eneko, Eneko Mitxelena, Eneko Zilueta, Elo, Elorregi, Txeru Arriola


toolbox

  • editions:
  • other languages:
    • ver en castellano
  • escuchar
  • share

Bergaran (Gipuzkoa) 1900eko abuztuaren 5ean jaio zen autore polifazetikoa. Argentinako Mendozan hil zen 1994ko uztailaren 2an.

Madril eta Argentinako La Platako Unibertsitateetan Medikuntzan doktoratu zen. Espezializazio ikasketak Friburgon (1924), Parisen (1925), Berlinen (1926), Heidelbergen (1927) eta Munichen egin zituen. Medikuntza lanbidea Bilbon eta Argentinako Tandil eta Mendoza hirietan bete zuen, eta irakaskuntzan aritu zen bitartean, Basurtoko Hospitaleko Unibertsital Eskolako irakaslea eta Mendozako Unibertsitatean Medikuntza Fakultateko Klinika-Medikako Katedratikoa izan zen. 1936an Bilboko Medikuntza fakultatearen sortzaileetako bat izan zen.

Intelektual konprometitua, gerraurreko garaian euskal kulturaren suspertzearen ardatza izan zen Eusko Ikaskuntza erakundeko partaidea izan zen Justo Garate. 1932tik, Eusko Ikaskuntzako Medikuntza saileko kide egin zenetik, Batzorde Iraunkorreko kidea izan zen.

Espainiako gerra zibila hasi zenean Argentinan erbesteratu zen, 1940. urtean, Tandil herrian lehenengo Euskal Jaiak antolatu zituen euskal erbesteratuentzat dirua lortzeko. Argentinan ere erbesteko Euskal Kulturaren giltzarrietako bat bihurtu zen Garate, bere idatzizko produkzioa areagotzean eta 1950ean Buenos Airesen Ameriketara joandako euskal ikerlari eta kultur gizonak bilduko zituen "Instituto Americano de Estudios Vascos" erakundea sortzean.

Atzerriko hizkuntzetan zuen zaletasuna eta horiek oso ondo menderatzen zituen (9 hizkuntza menderatzen baitzituen), eta horietaz baliatuz, Thoreau filosofo estatubatuarraren, Humboldt filologoaren eta Goethe poetaren itzultzaile izan zen Garate. Dena dela, bere jaioterria zeraman bihotzean eta hala ikus daiteke bere obra guztian zehar.

Egia esan, ez zuen asko idatzi euskaraz Garatek: han-hemenka sakabanatutako artikuluak gehienbat; Euzkadi egunkarian eta Eusko Ikaskuntzaren Deya aldizkarian gerra aurretik; eta Gernika eta Euzko Gogoa aldizkarietan gerra ondoren. Baina euskararen inguruan, gaztelaniaz batik bat, moldatu zituen lanen zerrenda ia amaiezina da. Filologiaren eremuetan aritzen zen gustura, Toponimia, Etimologia eta Lexikografiaren sailetan batez ere.

Aldizkari espezializatuetan ohiko kolaboratzaile izan zen, hala nola, Revista Internacional de los Estudios Vascos, Boletín Americano de los Estudios Vascos, Eusko Jakintza, Munibe, Gernika, Principe de Viana, Fontes, Bol. Soc. Vascongada de Amigos del País eta abar.

Bere lanen artean azpimarratzekoak dira Los estudios de Medicina en el País Vasco (1929), Eusko Ikaskuntzako udako ikastaroetan irakurritako hitzaldia; Guillermo de Humboldt. Estudio de sus trabajos sobre Vasconia (Bilbao, 1933); Ensayos euskarianos (Bilbao, 1935); La época de Pablo de Astarloa y Juan Antonio Moguel (Bilbao, 1936); El viaje español de Guillermo de Humboldt (1799-1800) (Buenos Aires, 1946); Viajeros extranjeros en Vasconia (Buenos Aires, 1942); Cultura biológica y arte de traducir (Buenos Aires, 1943); eta El carlismo de los vascos (Donostia, 1980).

1931an Eusko Abertzale Ekintzaren hautagai zerrendan egon zen -alderdi honetako kide izan zen 1936 arte- errepublikar-sozialisten elkarketaren hautagaitzan. Goetheana Argentinar Elkartearen Grupo Mendozako lehendakaria izan zen.

Justo Garate bergararraren nortasun zientifikoa, bere obra osoaren balioa eta Euskal Kulturari egindako ekarpena onetsi dute erakunde desberdin askok: 1978an ohorezko euskaltzain izendatu zuten eta Bilboko Medikuntza Zientzietako Akademiako Ohorezko kide; 1987an Eusko Ikaskuntzako Manuel Lekuona saria eskuratu zuen edota Euskal Herriko Unibertsitateko Honoris Causa Doktorea izendatua izan zen 1982an.

Auñamendi Eusko Entziklopedia
2015


Images

Our Sponsors