Literatoak

Haranburu, Joannes

EHUko Euskara Institutuak argitaratua, Euskal Literaturaren Hiztegian.

Sara, ¿?-¿?.

Jaiolekuaz eta argitaratutako obra bakarraz landa, ezer gutxi dakigu Joannes Haranbururen bizitzaz. Bere jaiotza eta heriotza-datak ezagutzen ez baditugu ere, jakin badakigu Lapurdiko Saran jaio eta frantziskotarra zela. Liburu bakarra argitaratu zuen: Debocino escuarra, mirailla eta oracinoteguia, Bordelen 1635ean argitaratua non, Haranbururen beraren testuekin batera, Harizmendiren bertso batzuk ere ageri baitira.

Erlijio-obren artean, "ordu-liburua" da saratarrarena, esan nahi baita, edukia orduka egituraturik daukan liburua. Hiru zati nagusi ditu obrak, eta bere baitan garai hartan erlijio-obrak jorratzen zituzten autoreek zerabiltzaten gai beretsuak darabiltza Haranburuk: otoitzak, salmoak, abestiak, eresiak, letaniak, eta abar. Saratar idazleak, baina, liburua hutsetik asmatu baino, itzuli eta moldatu egin zuen: beste erlijio-obra batzuetatik edukia hartuta zabaldu eta moldatu egin zuen. Hala, liburuan zazpi salmoen eta Te Deum Laudamusaren itzulpenak ditugu, bestelako abesti eta eresien artean. Liburuaren hartzaileez denaz bezainbatean, San Frantziskoren hirugarren ordeneko kideez gain, garaiko beste liburu batzuetan bezalaxe -gogoratu dezagun Ziburuko Joannes Etxeberriren Manual devotionezcoa (Bordele, 1627), esaterako- marinelak edo itsasertzeko bizilagunak ere badira.

Harrerari dagokionez, azkenik, liburua arrakastatsu xamarra izan zela ematen du: XVII. mendean bertan beste bizpahirutan berrargitaratu zen, Oihenartek bere lanetan aipatu egiten du eta beste horrenbeste dagi Manuel Larramendik handik mende batera.

  • Armiarma. Literaturaren Zubitegia. "Joanes Haranburu". [Kontsulta data: 27-04-2012].
  • LÓPEZ GASENI, J.M. Historia de la literatura vasca. Madril: Acento, 2002.
  • MITXELENA, L. Historia de la literatura vasca. Madril: Minotauro, 1960.
  • RETOLAZA, Iratxe. "Debocino escuarra (1635)". Euskal Literaturaren Hiztegia. Euskara institutua-EHU, 2008. [Kontsulta data: 2012-04-27].
  • SALABERRI, P. Iraupena eta lekukotasuna. Euskal literatura idatzia 1900 arte. Donostia: Elkar, 2002.
  • VILLASANTE, L. Historia de la literatura vasca. Bilbo: Sendo, 1961.