Eskultoreak

Guraya, Juan de

1893an Bilbon jaio eta 1965eko abenduaren 19an Areetan (Getxo) hildako eskultorea.

Bilboko Arte Aplikatu eta Lanbide Artistikoen Eskolan egin zituen ikasketak. Han jasotako eskolak beste eskultore batzuekin batera (Quintín Torre, Moisés Huerta edo Higinio Basterra) egindako lanekin uztartu zituen.

Madrilera mugitu eta Lorenzo Coullaut Valera, Miguel Blay eta Mateo Inurriarekin batera lan egin zuen bertan. Beranduago Bizkaiko hiriburura itzuli zen. Ondoren, Parisera bidaiatzea erabaki zuen. Hiri hartan denbora gutxi eman zuen, izan ere, Bilbora itzuli zen berezko lantegia irekitzeko asmoz.

1924an Amerikara bidaiatu eta Habanan lan egin zuen, eta Moises Huertasekin lankidetzan Maximo Gomez Jeneralaren omenezko monumentua egin zuen. Halaber, Kapitolioko lanetan aritu zen lanean eta erlijiozko tailuak zizelkatu zituen, besteak beste, komentu frantziskotarrerako.

Bilbora itzuli zelarik, hainbat enkargu jasotzen zituen artean, gehienak erlijio kutsukoak. Tradizioa zuen oinarri bere estiloak, modeloak errealismo handiz landuz.

Bere lanen artean hauek nabarmendu daitezke: Deustuko Hirutasunaren Amako Komenturako Hirutasun guztiz santua izeneko multzoa, zurez landua; Coineko (Malaga) parrokia-elizarako San Jose estatua; San Frantzisko Asiskoaren Estigmatizazioa izeneko eskultura-multzoa, zurez landua; San Francisco yacente, Antonio Gonzalez jaunaren familia-panteoirako Bilbon, kareharria eta marmola erabiliz; San Juan Bosco eta María Auxiliadora, Bilboko Aita Salestarren ikastetxerako, harria erabiliz. Valladolideko Afari Sainduaren Kofradiarako pasioko paso bi zizelkatu zituen, zehazki, Jesús de la Esperanza (1946) eta La Sagrada Cena (1958).

Izaera zibileko obren artean, dagoeneko aipatu ditugun Habanan egindakoez gain, Donostian egindako Monumento a la reina María Cristina nabarmendu daiteke, Leon de Barrenechearekin lankidetzan egin zuena eta 1919an inauguratu zena; edo Merkataritza-ontziari egindako monumentua, hori ere Kubako hiriburuan.