Arkitektoak

Guimon Eguiguren, Pedro

Arkitektoa. Ondarroa, ?; Bilbo, ?.

Arkitekto bizkaitarra XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran Bizkaiko lurraldean arkitekto garrantzitsua izan zen. Alde batetik, modernismoa izeneko estiloaren ordezkari nagusienetako bat izan zen eta, bestetik, bere ibilbidearen amaieran modernotasuna eta arrazionalismoaren aldeko apustua ere egin zuen.

Nahiz eta ikertzaileek oraindik Pedro Guimon Eguigurenen inguruan datu asko jaso ez badituzte ere -bere jaiotza eta heriotza datak, adibidez-, aurkitutakoak eta bere lanaren zenbait emaitza aztertu ondoren -zenbait kasutan bere eraikinak tamalez eraitsiak izan baitira-,XIX. eta XX. mende aldaketa garrantzitsuan eta zehazki Bizkaiko testuinguruan, arkitekto esanguratsua eta ezagunetakoena izan zela baieztatu daiteke. Tamalez bere lan asko desagertu badira ere -bereziki XX. mendearen lehen bi hamarkadetan egin zituenak-,nabarmendu beharreko arkitektoa da, bereziki bere apustu estilistikoa nahiko bitxia izan zelako. Historizismoa eta ondorioz eklektizismoa nagusiak ziren garai batean, Guimon eta garaiko beste arkitekto bizkaitar batzuk -Mario Camiña, Teodoro Anasagasti, Emiliano Calixto Amann, Severino Achucarro, Ismael Gorostiza edota Ricardo Bastida, Pedro Guimonen lehengusua- ildo honetatik atera eta Europan arrakastatsua izaten ari zen estilo berri baten aldeko apustua egitea nahiago izan zuten. Modernismoa zen estilo hori, gure artean jarraitzaile gehiegirik izan ez zuena. Gainera, garaian modernismo desberdinak izanik -batzuk organikoagoak, Belgikan, Frantzian eta Katalunian garatu ziren bezalakoak, eta besteak, arrazionalagoak, Austrian edota Eskozian garatutakoak-, Guimonek, aipatu ditugun beste arkitekto bizkaitarrak ez bezala, lehenengoaren aldeko apustua egin zuen, hasieran behintzat. Besteek modernismo austriarra, vienarra edo sezesioa izenekoa nahiago izan zuten, printzipioz sinplena eta soilena, baina Guimonek , modernismo organikoago bat garatu zuen, nahiz eta apainketaren aldeko joera bera ere modu soilean ulertu zuen.

Hala ere Pedro Guimonen ibilbidea, garaiko Euskal Herriko beste arkitektoekin gertatu zen bezala, ezin da modernismoarekin soilik lotu nahiz eta bere ibilbidearen hasiera estilo honekin harremanetan jarri. Berez, Guimonek arkitektura estilo desberdinez osatutako hizkuntza anitz bat bezala ulertzen zuen eta, ikuspuntu horren ondorioz, batzuetan modernismoaren alde egin bazuen ere (bereziki bere hasieran), bestetan eklektizismoa eta historizismoa jorratu zituen, beste batzuetan neoeuskalduna estiloarekiko apustua ere eginez, eta azkenik, aniztasuna borobiltzeko asmotan, bere ibilbideko azken lanak berrogeigarren hamarkadan modernotasuna eta arrazionalismoan egiteko ausardia izanez.

Bartzelonako Arkitektura Eskolan 1902an titulua jaso ondoren -irakasleen artean Lluis Domenech i Montaner arkitekto katalana izan zuen, Kataluniako modernismoaren ordezkari nagusienetako bat Antoni Gaudirekin batera-, Guimonek Bizkaiko Diputazioko beka bat lortu zuen Euskal Herriko baserrietako eraikinak aztertzeko. Hausnarketa horretatik jasotako ondorioak arkitektura garaikidean aplikatzea zen asmoa; banakako etxebizitzetan baserri euskaldun hauen forma estetikoak eta apainketak txertatuz. Gainera, beka hau izan zuen bitartean -1902tik 1906 arte- Guimonek hainbat bidai egin zituen Europan zehar, Alemania, Austria, Suiza, Belgika, Holanda, Italia eta Erresuma Batua bisitatuz. Bide batez, bere hasierako modernismoa, Kataluniako Eskolako eraginpean garatu zuena, austriarra, vienarra edo sezesioa izeneko modernismoarekin ordezkatu zuen. Estilo honetan altxatuko ditu bai bere lehen banakako etxeak, bai etxe multzoak ere. Ondarroan eta Bilbon egindako lanak nabarmetzen dira, Ondarroan Badiako Hotela -geroago Vega Hotela izango dena-, baina baita beste herrietan egindakoak ere. Izan ere, XX. mendearen lehen hamarkada honetan Zumaian Zuloaga Etxea altxatuko du, kasu honetan aipatutako neoeuskaldunaren aldeko apustu argia eginez. Estilo honek hurrengo hamarkadan arrakasta handia izango duenez , eta estilo honetan Bizkaia eta Gipuzkoako kostako hainbat herrietan eraikiko dituen etxebizitzak gero eta gehiago izango direnez, Guimonek modernismoa baztertzen hasiko da. Hori bai, 1910ean oraindik beste lan interesgarri bat eraikiko du Logroñon estilo horri jarraituz, Oribe Laborategiak, oraingoan ere Austriako sezesioaren aldeko apustu dotorea eginez.

Hogeigarren hamarkadan, Guimonek bere ibilbide arkitektonikoan beste fase bat hasi nahiko du. Oraingoan arlo teorikoan baserriak baztertu eta langileen etxeekiko atxikimendua erakutsiko du -baserrien kasuan bezala garaiko hainbat aldizkarietan Guimonek gai hauen inguruan artikuluak argitaratuko ditu-. Horrela, bere lanbidean eklektizismoa eta historizismoa jorratuko ditu bi proiektu garrantzitsu burutuz, nahiz eta bietako bat soilik arlo teorikoan: Chicago Tribune eraikinaren lehiaketan (1922) eta burututako Bilboko Bankuaren egoitza nagusia (1919) Bilboko Diego Lopez de Haro Kale Nagusian. Bi eraikin hauetan Guimonek bezeroaren arabera arkitekturaren estilo desberdinetan lan egiteko zuen gaitasuna eta maisutasuna erakutsi zuen. Bi eraikinak monumentalak eta handikiak badira ere, orekatuak direla onartu beharra dago. Bai proportzioaren aldetik, bai eskalarekiko orekaz diseinatuta daude, estilo desberdinetan arazorik gabe lan egin ahal zuela erakutsiz, nahiz eta estilo hau berpizkundeko arkitekturarekin edo barrokoarekin harremana izan.

Hurrengo urtetan hainbat eraikin altxatuko ditu, tamalez gehienak desagertu badira ere: Bilbon Begoñako Batzokia eta Artxandako Kasinoa, Bergaran Idarreta Hotela, Ondarroan Arrantzaleen Kofradia edota Algortan Trinitarioen eliza. Eraikin guzti hauetan Guimonek beharren arabera estiloaz aldatzen zuen, bezeroaren nahiak eta eraikin motaren ezaugarriak ere (funtzioarekiko eta adierazkortasunarekiko) kontutan hartuz. Zenbait eraikinetan ausarta izango da, eklektizismoaren sena jarraituz estilo desberdinak konbinatuko baititu. Horren adibide da Bilboko La Salve garagardo etxerako egin zuen lantegia. Bertan estilio euskalduna eta andaluza nahasiko ditu, printzipioz baserri itxura zuen lantegi honetan -egun desagertuta- detaile askotan Andaluziako arkitekturan -bereziki arabiarra- jatorria zuten elementuak txertatuz.

Gerra Zibila ondoren Pedro Gimonek arkitektura esparruan izan zuen parte hartzea txikitu bazen ere, azken eraikin batzuk bukatuta utziko ditu. Horien artean Bilboko erdiguneko zabalgunetan eraikiko dituen etxebizitza multzoak nabarmendu daitezke eta, zehazki, Licenciado Pozas kalean altxatuko duena. Honako honetan guztiz modernoa eta arrazionala izango da eta, neurri batean ere adierazkorra, fatxadan forma kurbadunak erabiliko baititu.