Instrumentugilea

Guelbenzu Fernandez, Juan Maria

1819ko abenduaren 27an Iruñean jaiotako pianista eta konpositorea. 1886ko urtarrilaren 8an Madrilen hil zen.

Lehen musika ikasketak bere aita zen Jose Ramon Guelbenzuren eskutik jaso zituen. Gero Parisera joan zen bere heziketa Prudent, Zimmermann eta Alkanekin hobetzeko eta interprete bezala ospe handia lortu zuen.

Han Chopin, Thalberg eta Liszt bezalakoak entzuteko aukera izan zuen, mugimentu erromantikoko protagonistekin erlazionatu zelarik, batez ere, piano-jole arloan. 1841ean Maria Cristina erreginaren piano irakaslea izendatua izan zen, harreman estu honen bidez Errege Kaperako bigarren organista izendatu zuten eta Pedro Albeniz titularra hildakoan, bera gelditu zen lehen organista plazarekin 1855ean. Bere lana izugarria izan zen pianorako musika nahiz zarzuela eta operako, baita kamera-musikan ere, batez ere Jesus Monasteriorekin batera Laukoteen Elkartea sortu zuenean 1863an. Garaiko musika-elkarte garrantzitsuenetako kidea izan zen, La España musical eta Espainiako Orfeoia bezalakoena. XIX. mendeko piano-jole azpimarragarrienetakoa izan zen, Beethovenen lana Espainian sartu zuena, San Fernado Arte Ederretako Akademiako kide eta Carlos III. Ordenaren Zalduna.

Bere lana askotan intimista da. Berari egozten zaio hitzen gabeko, melodia abesgarri eta bizigarria, birtuosismo errez eta elegantearen erromantza generoa Espainian sartu izana. Dohain hauek, bere garaikideek diotenez, beste konpositoreen obrak interpretatzeko moduarekin bat zetozen. Chopinen lanen interprete hoberena izan zela esan zen. Bere lanak ezaugarri aurre-abertzaleak dauzka, lau zortzikoak bezalaxe. Lau ahots eta orkestrarako Misa idatzi zuen, Errege Kaperan mahiz interpretatzen zena, zenbait motete eta Hojas de Otoño izeneko album batean biltzea pentsatzen zuen formatu txikiko lan batzuk ere. Ez zen argitaratzera iritsi.



  • PÉREZ OLLO, Fernando. "Guelbenzu Fernández, Juan María". Non: Gran Enciclopedia Navarra. Iruñea: CAN, 1990. 5. t., 430 or.
  • SALAS VILLAR, Gemma. "Guelbenzu Fernández, Juan María". Non: Casares, E. (zuz.): Diccionario de la Música Española e Hispanoamericano. [Madril]: Egile eta Editoreen Elkartea, 1999. 6. t., 15-7 orr.
  • Bere lan batzuk Eresbileko artxiboan daude.