Kontzeptua

Aatxe

"Zekorra". Beigorri edo Aatexegorri ere deitua. "Txahal gorri".

Euskal mitologian garrantzi berezia dute animalia itxura hartzen duten hainbat jeinuk, nagusiki animalia hauen ar-itxura hartzen dutenak: zaldia, zezena, behia, akerra, aharia, ardia, txerria eta txakurra. Herrialdeko kobazuloetan bizi ohi dira. Numen beraren (Mari) formak baino ez dira izaten.

Lezian (Sarako leizea) bizi den zezen- edo behi-itxurako jeinua zulo zabal hartako zaindaria da. Zenbait kasutan gizon-itxura hartzen du, eta hala, iraindu dutenak zigortzen saiatzen da. Zalantzarik gabe, horregatik deitzen dute inguruetan Etsai, "arerio" edo "deabru" esan nahi duena. Leziako bizilekuan irakasten zituen Etsaik bere arte eta zientziak. (J.M. Barandiaran: Axular'en itzala, Gure-Herria, 1957).

Erromatarren garaian oso zabalduta edo indarrean egongo zen lurrazpiko mitologia Baskonian; izan ere, Isturitz, Goikolau, Santimamiñe, Sagastigorri, Covairada eta Solacueva leizeetan erromatar garaiko moneta ugari topatu ditugu. Garaiko ohiturei jarraiki, leku horietara botako ziren leizeetako jeinuen babesa lortzeko.

Azpimarratu beharra dago zezenak, bisonteak, zaldiak, oreinak, ahuntzak, basurdeak... agertzen diren grabatu eta pintura paleolitikoak dituzten leizeetan (Isturitzeko Laminazilo, Sarako Lezia, Zugarramurdiko Akelarre, Oreretako Aitzbitarte, Abadiñoko Bolikoba, Kortezubiko Santimamiñe eta Dimako Balzola) edo garai haietako material arkeologikoak dituzten lekuetan bizi zela Aatxe. Hau da, euskal mitologiak leizeetan kokatzen dituen irudi berak dira, madeleine garaiko eta geroagoko gizakiek pintatuta eta grabatuta Euskadiko hainbat leizeetako paretetan eta objektuetan agertzen direnak.