Auñamendi Eusko Entziklopedia
Fondo Bernardo Estornés Lasa

Buscador

Home > Auñamendi > Dultzaina

Dultzaina


toolbox

  • editions:
  • other languages:
    • ver en castellano
  • escuchar
  • share

Hau da, Euskal Herrian ezagutzen diren mihi bikoitzeko (oboe motako) soinu-tresnen artean, eboluzionatuena eta ezagunena. Mota honen barruan, gure herrian aldaera edo bariante hauek aurkitzen ditugu: azalez egindako sunprinua eta tronpeta, Zubero aldeko txanbela eta hegoaldean dultzaina eta gaita izenekin ezagutzen direnak.

Azkeneko biak itxuraz ez dute ia diferentziarik, izenez ere bereizketa ez dago batere garbi, Nafarroan nahasten baitira gaita eta dultzaina izenak; baina erabilpenaren eta ematen duten musikaren aldetik desberdintasun nabarmenak dituzte. Ezin dugu ahaztu XVIII. mendean Larramendik soinu-tresna hau euskaraz izendatzeko erabiltzen duen bolingozo hitza eta izendapen hau dela Juan Inazio Iztuetak 1824an idatzitako "Guipuzcoaco Dantza Gogoangarriak" liburuan gaztelerazko bertsioan "dulzaina" eta "dulzainero" hitzak euskaraz "bolin-gozo" eta "boligozo jotzalle" agertzen direla.

Aipatzeko beste bariantea, Arabako Errioxan mende honen hasieratik hirurogeigarren hamarkada bitartean jole batzuek erabili dituzten giltza mekanismoa duten dultzainak. Hauek Gaztelatik ekarritakoak ziren (1970. hamarkadan Gasteizko J. M. L. de Elorriaga soinu-tresna egileak Laguardiako zaharren kopia batzuk egin zituen, aurretik ez dugu ezagutzen ez Arabako Errioxan ez Euskal Herriko beste inon halako tresnarik egin denik) eta gure ustez hango dultzaineroen influentziagatik garai horretan Errioxan ere erabili izan da. Gaur egun, inguru horretan berriz giltza gabeko gaita-dultzaina erabiltzen da.

Dultzaina-gaitaren osagaiak:

  • Mihi bikoitzeko pita. Kanaberazko bi mihi metalezko tudel izeneko tututxo bati lotuak. Tudela dultzainaren tutu muturrean sartzen da, mihiak eta tutua lotuz eta hauen hots bibrazioak dultzainaren tutura bideratuz.
  • Tutua. Konizidade irregularreko formarekin (zenbat eta beherago konizidade handiago). Gehienetan zurezkoak izaten dira eta ezpela izan da zur erabiliena. Joan den mendearen bukaeran Bizkaia eta Gipuzkoan metalezkoak egiten hasi ziren. Hauek arrakasta handia izan zuten (bereziki Bizkaian), horregatik gaur egun jende askorentzat metalezko dultzaina, Bizkaiko dultzainaren sinonimoa da.
    Tonu aldaketarako zortzi zulo ditu: zazpi aurrealdean eta bat goiko atzealdean. Behatz txikiarekin ixten den behealdean dagoen lehena, erosotasunagatik pixka bat alboratua (dultzaina zahar batzuek ez dute zulo hau eta horregatik nota bat gutxiago ematen dute).
    Dultzaina guztiek behealdean beste bi zulo dituzte alboetan, biak parean, hots-tutuaren luzera finkatzen dutenak. Hauetatik bukaerara dagoen tutu zatiak bozgorailu funtzioa betetzen du.
  • Katea-txapa. Dultzaina-gaitek kasu askotan, tutua (behealdetik) eta muturreko pita lotzen dituen txapadun katea izaten dute. Gaur egun estetikoa besterik ez bada ere, gure ustez lehen beste bi arrazoirengatik erabiliko zen:
    Bata, pita babesteko. Kontuan hartu behar dugu garai batean tudela eta tutuaren arteko lotura ez zela gaur egun bezain sendoa, eta pita atera, lurrera erori eta puskatzeko arrisku handia zegoen. Katearekin pita zintzilikaturik geratzen da lurrera iritsi gabe.
    Bestea, pita heltzen duen txapa. Gure ustez, garai batean txapa honek munduko beste tokietan gaur egun halako soinu-tresna jotzaileek ematen dioten funtzio bera izango zuen. Hau da, ezpainetako tope eta euspena.

Soinu-tresna honek bi "zortzidun" osoa eman ditzake, baina bere errepertorioan, gehienez "zortzidun" gehi "bostun" bateko doinuak aurki ditzakegu. Berez, posizio naturalekin eskala diatonikoa ematen du, baina haize-mutur presio eta "zejillazko" ala zulo-erdiko digitazioaren bidez, eskala kromatikoa lortu daiteke. Honela lortzen da modu "maior" eta "minor"ean edo tonu ezberdinetan jo ahal izatea.

Dokumentu zaharretan ikus dezakegun bezala, dultzaina-gaita aspaldidanik Euskal Herri osoan erabili izan da. Idatzitako dokumentu horietan, ez da beti garbi geratzen "gaita" hitzaren azpian zein soinu-tresna dagoen; dultzaina ala Xirolarrua (aire poltsa duen gaita). Horregatik, hemen soilik argi dagoen dokumentazioa erabiliko dugu.



Soinu-tresna hau talde mota ezberdinak osatuz agertzen da:

Dultzaina-gaita bat eta danborra izan da toki eta urte askotan gehien ikusten zena. Panderoa ere agertzen da taldean, eta hala osatutako taldeari buruz A. Donostiak idatzitako "Instrumentos Musicales Populares Vascos" liburuan, hau ikus dezakegu:

"Al dulzainero acompaña una mujer que canta (ordinariamente había unos interludios de dulzaina alternando con el canto). Suelen tocar dos dulzainas y un tambor: les acompaña también una pandereta. Los que tocan lo saben por tradición. Entre estas cantoras populares hay algunas improvisadoras muy hábiles; por ejemplo, lo demostraron en ocasión de un ahorcado en Azpeitia, cuyo relato fue hecho en verso."

Soinu txikia hasi zenetik, honen laguntzarekin ere osatu du taldea. Gaur egun, bi dultzaina-gaita (bi ahotsetan joaz) eta danborrak osaturiko taldea da arruntena.

A. Donostiak bildutako dokumentu zaharren artean beste hau aurkitzen da:

"Las dulzainas acompañan al Viático, en el siglo XVIII. "le viatique est pécedé de porturs de cierges, de six hautbois maures, appelé (sic) Donzainas, et quelquefois d'un petit tambour qui s'acorde très bien avec cet instrument. Ils entrent, tant qu'ils peuvent, dans la chambre du malade, qui doit avoir la tête bien forte pour à ce bruit."

Jesus Ramosen "Materiales para la elaboración ..." artikuluan, XVIII. mendean Iruñako festetara joandako musikarien zerrendan, dultzaina eta gaita askotan agertzen dira. Badakigu, kasu askotan dultzaina eta gaita hitzek tresna bera adierazten dutela, baina bestetan ez gaude hain ziur eta agertzen den gaita, xirolarrua izan daitekeela pentsatzen dugu. Hona hemen, gai honi buruz egileak esaten duena:

"A lo largo de este trabajo mantendremos la diferenciación de términos dulzaina y gaita, transcribiendo en todos los casos la denominación que aparezca en los textos originales. No descartamos en absoluto la posibilidad de que en algún caso se haya usado en el pasado -como se hace en la actualidad- la voz gaita para llamar a una dulzaina, pero lo que es evidente es que si siempre que encontremos la palabra gaita la vamos a interpretar como dulzaina, sin plantearnos otra posibilidad, lo que conseguiríamos sería hacer desaparecer de la instrumentación del pasado en nuestra geografía a la gaita (instrumento de doble lengüeta no aplicada a los labios y con reservorio de cuero para el aire) y esto sería algo completamente erróneo. Pero es que además, ocurre que en las series documentales manejadas existen pasajes que nos muestran que se distinguía un instrumento de otro, y pondremos como ejemplo la cita referida a Gregorio Arrieta, cuando en 1778 se dice que tocó "dulzaina y gaita" (es decir, que tocó dos instrumentos, diferenciados cada uno por su respectivo nombre) ..."

Hona hemen gaita izenarekin agertzen diren dokumentu zaharren zalantza horiek argitzeko beste erizpidea:

"Todos sabemos que la dulzaina es un instrumento muy duro para tocar seguido, sin silencios que permitan recuperarse. El gaitero-dulzainero es difícil encontrarlo sin acompañamiento, no se conoce haya sido tocado sin el soporte del tambor, pues es evidente que necesita la ayuda y el acompañamiento del tambor que además de marcar el ritmo, con su sonido continuo permite que el gaitero-dulzainero haga sus silencios para respirar y descansar. Tenemos en Europa tres casos muy conocidos de instrumentos populares del tipo dulzaina que habitualmente se tocan sin acompañamiento de tambor: La Bombarda en Bretaña y la Ciaramella en la región de Molise (Italia) y el Piffero en Lombardia (norte de Italia). En los tres casos son acompañados por otro instrumento, los dos primeros por cornamusas y el último por el acordeón: a la bombarda acompaña esa pequeña y aguda cornamusa llamada "biniou", a la ciaramella la "zampogna molisana" y al piffero el acordeón. En los tres casos los "gaitero-dulzaineros" hacen sus silencios y reposos mientras sus compañeros mantienen el sonido continuo.
Sin embargo, los gaiteros de "bota" es común que toquen solos, no tienen ese problema. Ellos llenan el espacio sonoro de forma continua, con el continuo "soplar" del saco no se producen silencios ni cortes. Su puntero hace la melodía y el roncón pone esa nota pedal soporte armónico dando entre los dos tubos (o más) a su vez ese efecto polifónico." (Beltran, 2005).

Noizkoa den ez badakigu ere, txistuaren kasuan ikusi dugun bezala, honetan ere gutxienez azkeneko bi mendeetan bi motako musikariak aurkitzen ditugu: Baserritar-eskola musikal gabekoak eta kaletarrak-musika eskoladunak.

Baserritar ingurukoak belarriz ikasten eta jotzen zuten, erromeria eta herri txikietan. Errepertorioa, garaiko dantza doinu batzuen salbuespen gutxi ezik, fandango-jota, arin arin-porrusalda, martxaz eta herri kantuz osaturik dago.

Etxeko edo inguruko dultzaineroak entzunez ikasten zuten. Geroago ere, jotzen aritzen zirenean, belarriz ikasten zituzten pieza berriak.

Azkoitiako Jose Sodupe "Montte"k esaten zigun bezala, erromerian beste dultzainero bati pieza berria entzun eta erromeria bukatu ondoren etxerako bidean ikasten saiatzen ziren eta etxera iristerako ikasia zeukaten pieza berri hori, hurrengo erromerian jotzeko prest.

XIX mendearen bukaeran eta XX mendearen hasieran erromerietara musikari asko azaltzen ziren. Ez zeukaten kontraturik: azaldu, toki bat hartu eta jotzen hasten ziren. Ohizkoa izaten zen "martxa" batekin hastea, jendea berengana hurbildu zedin. Korroa biltzen zutenean "saioa"ri ekiten zioten, fandangoa eta buelta (arin arin) joaz. Saioa dantzatzeagatik bikote bakoitzeko mutilak ordaintzen zuen.

Juan Aiesta Bediako dultzainero zaharrak esaten zigunez:

"hasieran (mende honen hasieran) txakur txikerra eta gero txakur handie, orduan zerbait ateratzen zen."

Hori bai, erromeria eta festa batzuetan jo ahal izateko dultzaineroek ordaindu egin behar zuten ferianteek bezala. Ateratzen zuten dirua ez zen etekin garbia izaten beraz. Saio asko jo behar ziren eta jendea asko bildu arratsalde edo egun batean "jornala" ateratzeko, eta han izaten zen konpetentziarekin ez zen erraza izaten.

"Montte"k zioenez, garai batean dultzaineroak binaka ibiltzen ziren, atabalari batekin, baita soinujole batekin ere. Baina dirua gehiagoren artean banatu behar zela eta, gero eta ugariago ikusten ziren dultzainero-atabalari bikoteak.

"Montte" berak kontatu zigun ondoko hau:

"Abadinotik Urolaldeko erromerietara, dultzainero oso on eta ospetsu bat, Julian Azurmendi, etortzen omen zen, bere emazte, seme eta alabarekin. Talde honek honela funtzionatzen omen zuen: aitak dultzaina jo, semeak atabala, alaba beste aldetik jendea aitaren korrora ekartzen eta emaztea berriz diruzain, saio bakoitza bukatutakoan kobratzen. Ikusten denez, ondo montatua zuen hark negozioa."

Honelakoa izan da musikari hauen ingurua eta (gero eta gutxiago bada ere) bereziki Gipuzkoa eta Bizkaiko baserritar inguruko mota guztietako festetan aritu dira azken garaietan.

Gipuzkoa eta Bizkaian salbuespen gutxi ezik, dultzaineroak musika ofizialetatik urruti aritu badira, Araba eta Nafarroan gehienetan "musika-eskola"dun musikoak izan dira, eta kasu askotan banda edo orkestrako beste soinu-tresnaren bat ere jo izan dutenak.

Inguru horretako herri eta hirietan entzuten da soinu-tresna honen hotsa festetako goiz-soinua ematen, erraldoi eta buruhandien konpartsak mugitzen, plazetan kontzertuak eta dantzarako musika eskaintzen.... Antzinako erritual edo ospakizunetako dantza askotan erabiltzen dela ere aipatu behar da.

Nafarroako dultzainero-gaiteroak aspaldidanik ezagunak dira beraien lurraldeetatik kanpo. Gipuzkoako eta Bizkaiko kaletar inguruetan esate baterako, nahiz eta inguruan eduki bertako "herri-dultzaineroak", festa handi eta nagusietarako Nafarroako edo Lizarrakoak ekartzen zituzten.

Musikari hauen errepertorioa txistulari kaletarren kasuan bezala oso bariatua eta garaiko estiloetakoa da. Azkar asko nabarmentzen da gaiteroak kanpotik etorritako eta modan zeuden doinu eta dantzak bereak egiten zituztela. Horrela, bertako herri musika eta erritmoez gain, sonatak, polkak, mazurkak, habanerak, rigodoiak, pasodobleak, schotisak etabar dira beraien errepertorioa osatzen dutenak.

Jotzeko eraren teknika maila altuena XIX. mendean lortu zen Lizarrako Julian Romano (1831-1899) gaiteroaren partiturek erakusten dutenez.

XX. mendearen hasieran atzerakada hasten da eta mende erdialderako mota honetako oso dultzainero-gaitero gutxi geratzen dira; Lizarra aldean besterik ez ia-ia. Hirurogeigarren hamarkadan nafar familiako Bilbon bizi ziren Lakunza anaiek hasi zuten gero gaitaren berreskuratzea izango zena. Urte luzeetan soinu-tresna honi buruz ikasi eta bildutakoarekin, erakusten hasi ziren, talde berriak bultzatuz. Bestalde, 1968. urtean errepertorio bilduma, jotzen ikasteko ariketak, bai eta ere soinu-tresnak (gaita, danborra) egiteko planoak eta pitak egiteko teknikaz osaturiko "Método de Gaita Navarra" liburua argitaratu zuten.

Anai bikote hori hirurogeita hamargarren hamarkadan Iruñera joan zen eta Javier Lakunzaren eskutik "Iruñeko Gaiteroak" taldea sortu zen. Talde honek urte hauetan jotzea eta erakusteaz gain, musika errepertorioa, gaita-gaiteroei buruzko ikerketak eta ikasteko metodo berriak argitaratu ditu.

Gaur egun lan talde, elkarte eta eskola asko daude Euskal Herrian. Honen ondorioz talde berriak sortu dira, mota ezberdinetako musika talde askotan erabiltzen da soinu-tresna hau, euskal folklore munduan eta bereziki Dantza taldeetan normalizatu egin da bere erabilpena, diskografia ugaritu egin da eta orokorrean gure artean dultzaina-gaitaren presentziak garrantzia handia lortu du.

Juan Mari Beltrán Argiñena
2008


Images

Our Sponsors