Monarkia eta noblezia

Gartzea I.a Santxez

Gartzea I. Santxez (925-970). Iruñeko erregea, Ximenotarren dinastiako bigarren erregea, bere aita Antso I.aren ondotik.

Gartzea I Iruñeko erreinuko monarka izendatu zuten zazpi urte zituela, bere aita Antso I.a Gartzes hil ostean (925). Badirudi gizonezko ondorengo bakarra zela, nahiz eta ez izan halakorik adierazten duen dokumenturik. Erregealdiaren lehen urteetan bere osabak, Ximeno Gartzesek (Antso I.a erregearen anaia eta alargundutako Toda erreginaren koinatua) hartu zuen ardura. Penintsulako historian adin txikiko bati tronu-eskubidea onartzen zitzaion lehen aldia zen. Ez dago Ximenok egindako usurpazio-saiakerarik erakusten duen daturik. Dena den badirudi Antsoren anaia zaharrenak, Enneco Gartzesek eragozpenak jarri zituela. Ximeno 931n hil zen eta ez dira heriotzaren inguruko arrazoiak ezagutzen, eta hurrengo hiru urteetan jazotakoaren berri ere ez da inon ageri. Historialariek nahasmendu eta iraultza-saiakerak egon zirelako susmoa dute. Itxura batean Ximenoren anaia batek, Ennecok (horrenbestez Gartzea I.aren osaba) erregetza eskuratu nahi izan zuen edo agian erreinua bera, ilobaren eskubideei muzin eginez. Kontu jakina da bere semeetako bat bortizki hil zela Liedenan eta beste hiruk Kordobara alde egitea lortu zutela.

Behar bezala azaldu gabeko krisiak ez zuen luze iraun (931-933), eta Gartzea I.ak tronua mantendu eta sendotu ahal izan zuen amaren esku-hartzeari esker. Ama Toda erregina zen, hainbat urtetan erreinuko erregetza ukan zuena. Toda erregealdi horretako pertsonaia garrantzitsuena izan zen, bere trebetasun politiko eta diplomatikoei esker. Trebetasun hori argi ikus daiteke bere ezkontza-politikan. Bere esku-hartzeari esker, Iruñeko erreinua Penintsulako politikako ardatzetako bat izan zen hurrengo urteetan, hala Islamen aurkako borrokan nola Leongo erreinuaren ondorengotzari buruzko auzien ebazpenean. Bi ardatz horien inguruan garatu zen Iruñeko politika edo, hobeki esatera, Toda erreginaren politika. Bere lehen mugimendua Aragoiko konderria Iruñeko eremura urreratzea izan zen. Horretarako, Gartzea I.a eta Andregoto Galindezen (Galindo Aznar, Aragoiko konde titularraren alaba) ezkontza bideratu zuen. Ezkontza horren ondorioz jaio zen Iruñeko errege izango zena, Antso II.a Gartzes. Urte horietatik aurrera, Aragoiko konderriak Iruñeko erreinuaren jomugei jarraitu zien.

Kordobako botereari zegokionez, erregealdiaren hastapenean, familia-loturak argudiatuz (Abd al-Rahman III. Onnecaren biloba zen, zeina, era berean, Toda erreginaren ama zen), Kordobako subiranoak Iruñearen kontrola Gartzea I. Santxezen eskutan uztea onar zezala lortu zuen aipatu erreginak. Modu horretan, koroa 15 urteko baskoi gaztearen eskuetan geratzen zen. Horretarako adostutako tratatuan (934) neurri batean antzinako ituneko leialtasun- eta mendekotasun-klausulak berritu egin zen. Haatik, mendekotasun iraunkorra adierazten zuen urteko ordainketa ez zen aipatzen. 934an tratatu hori adostu arren, 937. urtean Iruñeko erreinua zigor-ekinaldi batek astindu zuen, Deio birrinduz.

Hala ere, hamarkada horretatik aurrera kalifaren boterearen aurkako borrokak ez zituen X. mendearen hastapenera arte zituen ezaugarriak. Goialdeko Eremuan ez zegoen Iruñearekin itundu zezakeen familia iraultzailerik, bere garaian Banukasitarrekin egin bezala; izan ere, 937. urterako kalifak bere agintea lurralde guztira hedatu zuen eta Tuterako plaza erabat hartu eta zehaztuta zegoen.

Antso I. Gartzesaren konkistaren ondotik, Abd al-Rhman III.ak Al-Andalusen finkatutako kalifatuaren (929) hegemonia eta botere militarrak gora egin zuen. Egoera horretan, Iruñeko monarkak joera erasokorra baretu egin behar izan zuen eta bere erreinu hasiberria eta hartako mugak babesteari ekin zion, bai armekin eta baita mugimendu diplomatikoekin ere.

Iruñea zorioneko zegoen, izan ere, Abd al-Rahman Kalifak Dueroko lurretan egin zituen eraso nabarmenenak. Horri esker, Gartzea I.ak Antso I.aren eskutik jasotako mugak mantendu ahal izan zituen. Hori ez zen oztopo izan 939an Gartzea I.ak bere ejertzitoa Leongo Ramiro II.a erregea laguntzera eraman eta Simancasen Kordobako tropak gainditzeko. Jazoera hori oso ezaguna izan zen eta nazioartean ere izan zuten haren berri. Dena den, Saint Galleko Analetan (Europa Erdialdeko kronika) jasotzen den izen bakarra Toda erreginarena da.

Laburbilduz, 940. urtera arte Abd al-Rahman III.aren nagusitasuna erabatekoa zen eta zigor-espedizio ugari bidali zituen erreinuaren muinera (920, 924, 937), nahiz eta bando kristauak ere erdietsi zuen garaipen bat edo beste, aurrez aipatutako 939ko Simancasekoa kasu. Testuetan ez denez deus aipatzen, pentsatzekoa da hurrengo hiru bosturtekoetan nolabaiteko barealdia izan zela mugetan, iruindarrentzat ere atsegingarri. Dena den, 961. urtetik aurrera Islamekiko egoerak okerrera egin zuen. Lehen urte horietan, ordea, musulmanekin izandako istiluak ez ziren oso ugariak izan Iruñeko mugetan. Leon eta Gaztelako mugetan, baina, egoera ez zen horren "lasaia".

Leongo erreinuarekiko harremanei zegokienez, Toda erreginaordeak lotura politiko eta familiakoak estutu zituen erregetzan zeuden leinuen arteko ezkontzen bitartez, lotura horiek Gaztela, Araba, Bizkaia eta Aragoiko kondeetara hedatuz. Todak aukera guztiak baliatu zituen bere alabak Leongo eta mugako konderri erabakigarrietan kokatzeko. Toda erreginaren ezkontza-politika burutsuari esker, X. mendearen hastapenean Pirinioetako mendialdetara mugatzen zen erreinua Penintsulako gainerako erreinu kristauen gainetik kokatu zuen mende bat igarota.

Erreginak Onneca alaba Leongo errege berriarekin, Alfontso IV.arekin (925-931) ezkontzea lortu zuen. Ondoren, beste alaba, Urraca (zenbait dokumentutan Teresa izenez ere agertzen da) aurrekoaren anaia eta oinordekoa zen Ramiro II.arekin ezkonarazi zuen (931-951). Aldi berean, Gartzea I. Santxez 941. urtean Ramiro II.aren alabarekin, Teresarekin ezkondu zen, lehen emazteari, Andregotori uko egin ostean. Gartzeak eta Teresak hiru seme-alaba izan zituzten gutxienez: Ramiro, Urraca eta Ximeno. Dena den, Iruñeko koroa Antso II.ak eskuratu zuen, lehen ezkontzaren ondorioz jaiotako seme zaharrenak. Beste alaba bat, Santxa izenekoa, Leongo Ordoño II.arekin ezkondu zen, zeina 924. urtean hil zen. Alargundu ostean Arabako kondea zen Alvaro Herramellizekin ezkondu zen, zeina 932. urtean zendu zen. Horrenbestez, azkenik, Fernan Gonzalezekin, Gaztelako kondearekin ezkondu zen hirugarrenez. Belasquita izeneko beste alaba bat Bizkaiko kondea zen Momorekin ezkondu zen lehenengo, ondoren Ribagorzako jauna zen Galindorekin eta, azkenik, Naiarako jauna zen Fortun Galindezekin. Bada Rodako Genealogietan aipatzen den beste alaba bat, Orbita izenekoa. Dena den ez da haren ezkontza eta ondorengotzari buruzko ezer aipatzen.

Gartzea I.ak esku-hartze zuzena izan zuen Leongo erreinuaren politikan, bereziki 951. urtetik aurrera, Ordoño III.ak Leongo erregetza eskuratu zuenean. 952. urtean Leonera abiatu zen bere ejertzitoarekin Ordoño erregetzatik kendu eta haren ordez Antso anaiordea (iruindarraren iloba eta Todaren biloba) jartzeko. Ordoñok, ordea, artez erantzun zion erasoari eta ejertzitoa kanporatu zuen. Hala ere, Leongo erregea handik gutxira hil zen (956) eta Antso Leongo errege izendatu zuten. 957an Leondik alde egin eta Iruñean ezkutatu zen Galiziako kondeen eta Fernan Gonzalezen erasoaren ondotik. Leonen Ordoño IV.a izendatu zuten errege, hori ere Todaren biloba. Egoera horretan iruindarrak Leonetik irten beharrean izan ziren. Haatik, Gartzea I.a Abd al-Rhaman kalifarekin jarri zen harremanetan Ordoño IV.a Leongo tronutik kendu eta Antso berriro ere koroatzen lagun ziezaion. Esan beharrik ez dago kalifak abegi onez egin ziola Gartzea I.ari harrera eta proposatutako helburuak 960. urtean gauzatu ziren. Aldi berean, Iruñeko erregeak Gaztelako Fernan Gonzalez atxilo hartu eta Iruñera eraman zuen.

Alabaina, 961. urtean Abd al-Rahman III kalifa hil egin zen eta Al-Hakam II.ak hartu zuen haren lekua (961-976). Egoera horretan Gartzea I.ak Fernan Gonzalez aske utzi zuen, zeina iruindarraren alaba batekin, Urracarekin ezkondu baitzen. Iruindarrak Gaztela eta Leonekin aliantza lortu nahi izan zuen Kordobako botere berriari aurre egiteko. Al-Hakamek banan-banako erasoak eginez erantzun zuen. 963an Zaragozako gobernadoreak Gartzeari erasoa egin eta gainditu egin zuen. Beranduxeago Kalagorri konkistatu zuten (968) eta, aldi berean, Huescako gobernadorea erreinuan barneratu zen, altxorra eta presoak hartuta ateratzeko. Gartzea I.ak gotzain eta konde ugariz osatutako enbaxada bat bidali behar izan zuen Kordobara, bakea eskatuz.

970. urtean Gartzea I. Santxez hil zenean, Iruñeko erreinua nagusi zen Penintsulako lurralde kristauetan, baina Islamekiko gutxiagotasuna nabarmena zen. Desoreka hori areagotu egin zen mendearen azken herenean.

Lehen emaztearekin izandako seme bat eta bigarrenarekin izandako hiru seme-alaba utzi zituen ondorengo modura. Horien artetik, Antso II.a, semea zaharrena izan zen Iruñeko tronua bereganatu zuena. Hori dela eta, garrantzitsua da azpimarratzea monarkia berri hartako ezaugarrietako bat erreinua ez desegiteko irizpideari jarraitzea zela, hau da, oinordekoari eskuratutako lurralde guztiak helarazi behar zitzaizkion aldez edo moldez. Asturias eta Leonen ez zen halako jarrerarik eta ideia zatitzaileak nagusitu ziren, seme-alaben artean banatu zirelarik. Horrela, tronuaren ondorengotza gorabeherarik gabe burutu zen eta Gartzea I.a Santxezek bere seme Antso II.a Gartzes Abarkari (Bere lehen emaztea izan zen Andregotorekin izandako semea) helarazi ahal izan zion lurraldeko ondasun oro, urritze eta zatiketarik gabe.