Argazkilariak

Garcia Dean, Aquilino

Nafarroako argazkilari hau Iruñean jaio zen 1864an, eta bertan hil zen 1948an.

Lehenengo argazkiak 1885ean egin zituen, baina ekoizpenaren gehiengoa galduta edo dokumentatu gabe dago. Argazki gehienetan, Iruñeako kaleak eta auzoak erretratatu zituen, eta garaiko aldizkarietan eta argitalpenetan agertu ziren. Horri esker, artistaren bilakaera jarraitu ahal izan dugu. Arte erredaktore gisa lankidetzan aritu zen lehenengo aldizkaria Iruñeako Biblioteca Catolico Propagandistica-ren La Avalancha izan zen, Errotxapea auzoan sortutakoa. 1898an, Aquilino Garcia Iruñeako Udaleko zinegotzia izan zen. Horrek probintzia guztian bidaiak egiteko aukera eman zion, eta hori aprobetxatuz, hainbat herritako argazkiak atera zituen, obra gehienek Iruñea eszenatoki badute ere.

Carlos Canovas egileak Apuntes para una historia de la fotografia en Navarra liburuan idatzi zuen bezala, Garcia Dean argazkilariaren argazki gehienak eta kalitate onenekoak 1898tik 1925ra artekoak dira. Album monografikoak egin zituen, eta horietako asko eta asko Iruñeako Udalari dohaintzan eman zizkion. Horien artean aipagarriak dira Takonerako Lorategien edo hiriburuaren kanpoaldeko kaleen argazkiak.

Argazkigintza dokumentala zen berea, ez artistikoa, hiriak jasaten zituen aldaketak jasota uztea baitzen bere helburua. Ezaugarri teknikoei dagokienez, honela idatzi zuen Canovas autoreak:

"autodidakta izanik, zehaztasun teknikoa harrigarria du. Gizon zorrotza izan zen, eta haren irudiak argazkia hartu aurreko hausnarketa-ahalegin baten ondorio zuzena dira. 13 x 18 cm-ko formatu handiak erabiltzen zituen beti, garai hartan jada ohikoa zen bezala. Gainera, asko zaintzen zituen kamera erabiltzeko modua, modu zuzenean bistaratzea, eremuaren sakontasuna, etab. Horri erantsi behar zaio argazkiek ez dutela beren dokumentu izaera alda dezakeen kutsu erromantikorik. Argazkien beste alderdi garrantzitsu bat da irudietan pertsonaiak agertzen direla".

(Itzulpen moldatua gaztelaniatik)

  • CANOVAS, Carlos. Apuntes para una Historia de la fotografía en Navarra. Panorama bilduma. [Iruña]: Vianako Printzea Erakundea, 1989, 44-55 orr.