Literatoak

Harriet, Bernard Maurice

Arestian adierazi den bezala, Harrietek hogeita hamar urte inguru igaro zituen bere hiztegi handia egiten, baina ez argitaratzea erabaki zuen, ez bera bizi zela, ez hil ondoren. Abbadia eta Daranatz lagunek hiztegiko zenbait atal argitaratzeko eskaintza egin zioten, baina haltsuarrak ezetza eman zien biei. Hil zenean, Harrietek Larresoroko komentuari utzi zizkion bere hiztegia eta liburutegia.

Zinez lan erraldoia da lapurtarrak egindakoa: 33 x 22 zentimetroko 3.500 orrialde baino gehiago ditu, eta informazio aski osoa ematen du. Hiztegi elebiduna da, eta hitzen sarrerak ordena alfabetikoari jarraiki emanda ageri dira, nahiz eta ordena horretan salbuespenak egon, badauden. Hitzen sarrerak eta azalpenak honako egitura honekin ageri dira batik bat: sarrera (euskaraz) + esanahiaren azalpena (frantsesez) + hitzaren erabilera-adibideak edo hitzaren erabilera jasotzen duten beste euskal egile batzuen aipuak + sinonimoak + etimologia edo hitzaren jatorriari buruzko azalpena + hiztegigilearen bestelako oharrak.

Hitz-sarrerak ematean, gorabeherak sumatzen dira letra batzuetatik bestera. Arantxa Hirigoyenek hiztegiko A, T eta K letrak aztertu zituenean, ikusi zuen A letran hitzak erroaren arabera daudela antolaturik, bereziki. Bestela esanda, sarrera nagusiaren menpe ageri dira sarreraren errotik eratorritako hitzak (adibideok Hirigoyenen lanetik atera dira):

  1. Aberea, abrea
    1. Aberechea
    2. Abereteguia
    3. Aberetasuna
    4. Aberezcoa, abrezcoa (Oyhenart)
    5. Abrildea, abrilcea (Larramendi)
  1. Achola
    1. Acholatia, acholduria
    2. Acholduritcea
    3. Ez acholatua, ez acholduria
    4. Ez acholatcea, ez acholtcea
    5. Ez acholduritcea
    6. Acholatsua
    7. Ez acholatasuna

T letrara joanda, aitzitik, Harrietek hitz guztiak maila berean eman zituela ikusi zuen Hirigoyenek:

  1. KHAMUTSA
  2. KHAMUSTEA
  3. KHAMUSCORRA
  4. KHAMUSDURA
  5. KHAMUSTASUNA
  6. KHARATSA
  7. KHARASDUNA
  8. KHARASDURA
  9. KHARASGARRIA
  10. KHARASTASUN
  11. KHARASTEA

Sarrera-hitzak emateko, izenak eta adjektiboak mugaturik eman zituen, eta aditzetarako, berriz, partizipioak ematea hautatu zuen (letra batzuetan partizipioen hiru formak ematea erabaki zuen):

Abiatcea: "se mettre en voie de..., se préparer, s'acheminer, commencer".

Aguertcea: "1- verbe transitif, découvrir, montrer, manifester - 2- verbe intransitif, apparaître, être clair, visible.

KHALDATCEA, khalda, khaldatu, khaldatcen: "1- v.act. Donner une chaude, une chauffe au feu de forge - 2- Souder un métal à lui même ou à un autre métal, après les avoir amollis au feu"

KHAMUSTEA, khamuts, khamustu, khamusten: "1- v.act. Emousser le tranchant, le fil, la pointe - 2- v.intransitif. S'émousser - 3- au fig. émousser, ou s'émousser, en parlant des sentiments, de facultés"

Adibideok ikusita, argi dago Harrieten hiztegia deskribatzailea eta arauemailea dela; izan ere, hitz bakoitzaren definizioa edo sinonimoak ematetik haratago, bestelako informazio osagarri interesgarria ere ematen du, bai eta, aldian-aldian, erabilera-gomendioak eta hausnarketak ere. Hain zuzen ere, Harrieten informazio osagarri hori da hiztegia hain interesgarri bihurtzen duena. Lehenengo eta behin, hitzen erabilerari buruzko adibideek eta aipuek hitzen euren jatortasunaren aldarrikapena dira, nola erabiltzen diren erakusten dute eta Harrieten ezagutzaren eta dokumentazio-lan handia islatzen dute.

Hiztegia ikertzeaz arduratu direnek nabarmendu dute, gainera, nahiz eta Harriet berez egile garbizalea izan, lapurtarrak, Larramendik eta Azkuek ez bezala, garbizaletasun hori baztertu egin zuela hiztegia egiteko. Are gehiago, hitz mailegatuak ageri direnean, mailegu horien balizko jatorriari (gaztelaniatikoa, frantsesetikoa, italieratikoa, etab.) buruzko azalpenak ematen ditu.

Informazio osagarriaren artean, bestalde, arestian aipatutako euskalkiei dagokiena dago: Harrietek ongi ezagutzen zituen Bidasoaren bi aldeetako hizkera nagusiak, eta guztiak hartu zituen aintzat hitzak leku batean edo bestean kokatzeko. Horretaz gain, noizean behin euskararen beraren baitako aldaerak ere eman zituen sinonimo gisa, baita hitzen ahoskeraren eta hedapenaren gaineko oharrak ere. Beste alde batetik, ez hain usu, baina lantzean behin, hitzak zein herritan baliatzen ziren ere zehaztu zuen.

Harrieten hiztegian Littré frantsesaren Dictionnaire de la langue française hiztegiaren eragina badela ondorioztatu dute ikertzaile batzuek. Euskal hiztegigileen eraginaz denaz bezainbatean, Larramendi, Pouvreau eta Sallaberry aipatu zituen Harrietek berak. Beste alde batetik, nahiz eta hiztegia argitaratu gabe gelditu zen, nabarmentzekoa da ondorengo hiztegigileengan izandako eragina: Lhande-ren hiztegiko iturri nagusia da, esate baterako.

Hiztegiarekin batera, Baionako apez-etxean ohar-liburuxkatxo bat aurkitu zen. 60 orrialde ditu eta hiztegien egitura dauka, A letratik Zra antolatuta baitago. Liburuxkan hitz-zerrenda bat ageri da, eta hitz bakoitzaren aldamenean sinonimoa edota hitzaren frantsesezko itzulpena ematen da. Liburuxka horretan ageri diren hitz guztiak ez dira Harrieten hiztegian agertzen, eta agertzen direnen kasuetan, batean eta bestean emandako adierak ez datoz beti bat; hortaz, pentsa liteke hiztegiaren ondoren edo hiztegiko zenbait atal egin ondoren egindako hitz-zerrenda eta ohar-sorta direla.