Musika taldeak

Agate Deuna

Ageda Deuna orokorki, Agate edo Gadea izenez ere ezagutzen da: Ama Birjina eta martiria. Hagiografiari kasu eginez Sizilian jaio zen 230. urtean. Decioren jazarpenean zehar Palermon bizi zen. Dena den Catanian egin zuten martir (bi herriak Siziliakoak dira). Quincianok berarekin ezkontzea nahi zuen, baina Agatek, kristaua izaki, muzin egin zion harekin ezkontzeari. Hori izan zen, hain zuzen, bere martiriaren arrazoia. 251. urteko otsailaren 5ean hil zen espetxean. Kristauek egun Cataniako katedralak hartzen zuen lekuan ehortzi zuten. Elizak otsailaren 5ean haren omenezko jaialdia ospatzen du.

Abesti eta elezahar ugari dago bere biografia eta zoritxarreko heriotzari buruz.

Jose Maria Iribarrenek ahanzturatik berreskuratutako Nafarroako kantu herrikoi batek hala dio:

"Etsairik gabeko santuen Agate Deun Txit Loriatsua, nola mozten den ogia halaxe moztu baitzizkioten bularrak"; (Itzulpen moldatua gaztelaniatik).

Jarraian agertzen den erlijio-erromantzearen azken bi lerroaldetan krudeltasun hori ageri da. Bertsioa Jose Camon Aznarrena da:

"Agueda que no quisiste
a los dioses adorar;
en prueba de tu constancia
las tetas te han de cortar;
y le respondió la santa
con afecto singular;
-que cuerten por donde quieran,
que cuerten si han de cuertar-.

Y le cuertaron las tetas
como aquel que cuerta pan".

Hainbat mendez Agate Deunari dei egin zaio bularretako gaixotasunak sendatze aldera. Ez da harritzekoa inude eta galdatzaileen zaindaria izatea. Suaren eta erreduren aurkako babesa eskatzen zaio eta emakumeek bularretako gaitzen aurkakoa.

Santu hori oso ospetsua izan da Euskal Herrian; horren erakusgarri dira haren omenez eraikitako ermita ugariak.

Gurutze Arregik jaso zuenez, bularretan arazoak zituzten edo esne gutxi zuten Bizkaiko emakumeek Dimako Agate Deunaren ermitara joaten ziren. Gerriko minak izaten zituzten gizonezkoak ere hara joaten ziren babes eske.

Halaber, Bidanian (Gipuzkoa) emakumeak bertako Agate Deunaren ermitara joan ohi ziren, erditze ona eta bularretako gaitzen aurkako babesa eskatuz. Era berean, Soraluzeko Agate Deunaren ermitara (Gipuzkoa) joaten ziren beren haurrei bularra emateko arazoak zituzten amak. Otoitz egin, kandela piztu eta zegokion limosna uzten zuten.

Antzuolako Agate Deunaren ermita oso estimatua da garatxoak sendatzeko ahalmena dela medio. Horretarako, ermita askotan ohikoa den prozedura bat jarraitzen da, hots, txanpon batekin garatxoa igurtzi eta, ondoren, txanpon hori limosna modura utzi, otoitza egin aurretik.

On Joxe Migel Barandiaranek kontatzen zuenez, Alonsotegiko (Bizkaia) Agate Deunaren ermitan santu hori irudikatzen zuen marmol zuriko irudi bat zegoen, burua gorputz-enborretik bereizia zuena. Buruko mina pairatzen zutenak sakristiaren ate batetik sartzen ziren, santuaren burua eskuetan hartu eta beste atetik irteten ziren. Hori hiru aldiz jarraian eginez sendatu egiten ziren.

Resurreccion Maria de Azkuek elezahar hau jaso zuen Barkoxe herrian (Zuberoa):

"Agate Deunaren eguna izan arren, etxekoandreak labea jarri zuen. Katu batek ogi-orearen zati bat jan zion.

- Kendu hortik, katua -esan zuen berak-, eta orduan Agate Deunak bere erantzuna bota zuen:

"Ez naiz katua, bai aldiz Agate Deuna (Ageda), eta atzera begiratu zuen eta, gero etxea sutan zetzala ikusi zuen. Horregatik, Agate Deuna egunez hemen ez zen laberik ipintzen eta, garbiketarik ere ez zen egiten"; (itzulpen moldatua gaztelaniatik)

Urzainkin (Nafarroa), ahuntza bere baratzean azak jaten harrapatu zuen gizonari gertatutakoa kontatzen zen. Makila batekin astintzeko gerturatu zenean ahuntza zutik jarri eta Agate Deuna zela esan zion.

Oraindik orain herri askotan, egun horren bezperan ezkilak sutsuki eta luze jotzen dira, beste edozein jaiegunetan baino nabarmenago.

Mariano Estornes Lasak argitaratu zuenez, Izaban, Erronkariko bailaran (Nafarroa), mutikoek ezkilak jo eta kalez kale ibiltzen ziren eskean, zera oihukatuz: "Agate Deuna harroa eta iharra". Egileak dioenez, oihu horrekin ezkilen soinua antzeratzen zuten.

Arabako zenbait lekutan neskek arratsaldeko ordu bietatik lauetara jotzen zituzten ezkilak eta mutikoek iluntzeko zazpietatik zortzietara eta gaueko hamaiketatik gauerdira arte.

Azkenik, Estornesen arabera, 1933an, artean, Ablitasen (Nafarroa) sutzar txiki bat pizten zen kanpandorrean. Ez da harritzeko kontua, izan ere, guk jakin dugunez, beste leku batzuetan ezkilak jotzeaz arduratzen ziren mutilek gaztainak erre ohi zituzten kanpandorrean bertan. Dirudienez, hori eginda udako ekaitzak baretzea lortzen zuten.

Berriro Resurreccion Maria de Azkue hartuz, Bizkaian Agate Deunaren bezperan parrokia eta ermitetako ezkilak jotzen zirela kontatzen zuen, ilunabarrean hasi eta gauerdira bitartean. Eta, itxura batean, egun horretan (otsailak 4) eskale-multzoak "ibiltzen dira auzo guztietan etxez etxe, ezkilak jotzeaz arduratzen direnentzat dirua jasotzeko".

Antzinako eskeetan eskaleek elikagaiak jasotzen zituzten: arrautzak, lukainkak, etab. Ondoren, askari edo afari legea eginez jaten zuten guztia. Zenbaitetan, neskatoak gonbidatzen zituzten askari edo afari horietara.

Kripanen (Araba) mutilak kapaz jantzita joaten ziren mezara eta egun horretarako alkatea izendatzen zuten eta, baita aguazilak ere.