Sendagileak

Arriandiaga Larrinaga, José de

Joala.

Hastapeneko euskal nazionalismoko militante izan zen, euskal nazionalismoaren sortzaile Sabino de Aranaren lagun eta jarraitzailea zen eta haren anaia Luis ere ezagutu zuen. Mundakan mediku titularra zen eta ziur aski Sukarrietan ezagutuko zuen Sabino, 1896 inguruan.

Euskal idazlea zen eta politikagintza, ekonomia eta bestelako gaiak jorratu zituen mende hasieratik hil zen arte. Lehen aranismoko polemista zorrotzetako bat izan zen. Arana-Goirik haren gaitasun dialektikoa atsegin zuen Angel de Zabalari igorri zion gutun batean irakur daitekeenez. Gutun hori, preso egon ze nazken aldian idatz izuen, 1902ko uztailaren 28an: "Atseginez hartzen dira "Joalaren" artikulu polemikoak (...) "Esaiozu Joalari Herrani buruzko satira zorrotza plazara dezala berehala, jomuga bikaina bihurtzen ari baita" (Itzulpen moldatua gaztelaniatik).

Engracio de Aranzadik (Kizkitza) "polemista arras original eta, batez ere, ausart" gisa aurkezten zuen, "nazionalismoari buruzko bere ideiak herriren eskura jartzeko abilezia ikaragarria zuena". Oihartzun handia izaten zuten mota guztietako pertsonei buruzko (Herminio de Madinabeitia txeratsua, Resurreccion Mª de Azkue jakintsua edo Tomas Meabe sozialista) bere polemikek.

Concuera eta Oriberen arabera (Engracio Aranzadiren jarraitzaileak), La Patria egunkarian argitaratutako artikulu baten ondorioz (1901eko abenduak 1, 6. zenbakia) "euskalerriaco" Ulaciarekin izandako polemika bati esker egin zen ezagun. "El Catalanismo" izeneko artikulu hartan adierazten zuenez Kataluniak, Baskoniak ez bezala, ez zituen nazio bat izateko baldintzak betetzen. Haren izaerari buruzko xehetasun asko ezagutzen ditugu Aranzadiri esker eta Aberri astekarian agertutako nekrologikoari esker:

"Joala ordura arte hemen ezaguna ez bazen ere, garai hartan larunbateko irakurketa haiekin gazteetako nazionalismoa hauspotzen genuen guztion arreta erakarri zuen hasiera-hasieratik, modu saihestezinean. Aberriaren egiaz dirdira egiten zuen bere dialektika paregabeak menderakaitza zirudien eta, aldi berean, bere Herkulesen pareko indar zanpatzailearen eraginez irrikaz zoro ginen. Joala etsaiaren gainera erortzen zen kolpe zehatz eta bortitzeko mazoaren modura; apurtu egiten zuen, birrindu, haren errautsak haizatzen zituen eta, azken batean, galanki aurkezten zuen bere burua JEL (Jaungoikoa eta Lege zaharra) zerbitzua eskaintzeko".

Bitxia litzateke "Joalaren" idatzietan arakatzea, bertan gordetzen baita polemika paregabearen bertute zoragarria. Izan ere, kontuan izan behar da hainbat esparru landu zituela (historia, hizkuntza, soziologia, etnologia...), eta guztietan nabarmendu ohi zen zientziaren gaineko jakituria eta baita konbentzitzeko ahalmena eta argudiaketa itzela" (Itzulpen moldatua gaztelaniatik).

"Ez zuen soilik astekari nazionalistetan idazten. Noizean behin herriko egunkariren batean agertu ohi zen, edozein gitarra-kontzerturi buruzko kritika zorrotza eginez (garai hartan harridura sortu zuen), txertoaren aurka ausarki eginez eta Medikuntzako bere adiskide guztiei gaiari buruzko eztabaida egitera gonbidatuz; baina inork ez zuen erronka jasotzerik lortzen.

Bilboko institutuko Zientzia Akademian, 1905eko azaroaren 25ean, Kontzertu Ekonomikoei buruzko hitzaldia eman zuen eta oihartzun handia izan zuen. Hitzaldi hartan Arana-Goiritar Sabinen funtsezko bizpahiru ideia hartu (ustez "Alberdi Karlista eta Euskadiko eta Nafarroako foruak") eta logikari buruzko agerraldi nazionalista egin zuen. Hitzaldia oso zuzena eta liluragarria izan zen eta hura handik botatzera urreratu zen publiko heterogeneoa baitaratzea lortu zuen, inolako salbuespenik gabe. Gogoangarria da Gregorio Balparda jaunak gogotik txalotu zuela agerraldia eta hitzaldia eta hitzaldi-emailea biziki goraipatu zituela.

Dorre kalean lekutzen zen zentro sozialistan emandako hitzaldiak ere oihartzun zabala izan zuen. "Joala" oso apain bertaratu zen lebita eta txapela luze altua jantzita, eta paper-orriak irakurtzen hasi aurretik aitarena egin zuen. Hitzaldia bi zatitan banatzen zen; baina ezinezkoa izan zen bigarrenarekin hastea, izan ere, teoria marxistei buruz eman zituen azalpenetan ez zuen ia eufemismorik erabili eta ehunka eten izan ondoren eta lehen zatia amaitu bezain laster, gehiengoa (sozialista, noski) ekitaldiaren aurka azaldu zen eta "Joala" bete kapera luzea oso-osorik zuela atera ahal izan zen, harekin batera bertaratu ziren alderdikideen sendotasunari esker.

Gure ustez idazle ospetsu haren trebetasun nagusia argudioak emateko zuen dohain bereziari edo maisutasunari esker irakurlearengan nolabaiteko lilura sortzea zen. Agian, zenbaitetan aldebakarreko begirada eragiten zuen irakurlearengan, arreta hari komeni zitzaion hartara bideratzeko nahikoa trebetasun baitzuen. Horri esker, berak aitortu zuenez, inoiz edo behin, babesten ez zituen arrazoiak defendatzea erdiesten zuen, buruzaletasunez edo polemika egiteko atseginez.

Eta apika gauzak aldebakarreko begirada horretatik hautemateko joera horren eta joera hori giza-arrazari buruz aldarrikatzen zituen ideia oso berezietan aplikatzearen eraginez, gure gogo-oinarri nazionalistetatik at geratu da.

Dena den, "Joalaren" izena sekula ez da ezabatuko aberriko doktrinen historiaren aro loriatsuan kateaturik geratu diren izen dirdiratsuenen artetik.

Joalak hainbat eta hainbat artikulu idatzi zituen astekari nazionalistetan: La Patria, Patria, Aberri, etab. Eta izaera anitzeko beste hainbat egunkari eta aldizkarietan ere haren sinadura ageri da: La Gaceta del Norte, El Pueblo Vasco, Novedades, La Baskonia, de Buenos Aires, etab. Polemista nekaezina zen eta garai hartako euskal idazle askorekin liskar ugari izan zituen: Ulaciarekin katalanismoari buruz, Tomas Meaberekin ideia sozialistei buruz, Campionekin, Labayrurekin, Unamunorekin, etab. Donostiako El Pueblo Vasco delakoan Herminio Madinabeitiarekin izandako liskarra epikotzat jo daiteke. 1903ko abenduaren 19an hasi ziren "Morazari buruzko" artikulu-sortak. Hiru egun beranduago honakoa adierazi zuen Engracio Aranzadiri igorritako gutunean: "Nire nahimen bakarra, gaur egun, Morazak euskal foruak zer ziren ez zekiela frogatzea da eta ondorioz haien babesle txarra izan zela". Aranzadiren arabera: Hark idatzitako zortzi artikulu (azkena 1904ko urtarrilaren 8an argitaratu zen) oinarritzat hartuz, bere arrazoiketaren ardatza eta bere pentsamendu informatzailea honetan zetzan: "Espainia ez zen aberri izan gipuzkoarrentzat, arabarrentzat, bizkaitarrentzat..." eta hori (Aranzadiren aburuz) matematikoki frogatzen zuen etnologia eta antropologiara joz; eta hori aski ez zenean, arbolazaintza eta abeltzaintza hartzen zituen oinarri. Nola ahaztu errege-sagarren eta sagar gezagozoen inguruko azterketa haiek" eta nola ahaztu arratoi-txakurren, erbi-txakurren eta txakur alpetarren ingurukoak"

Fundatzailea hil zenean uko egin zion bilakaera espainolista Sabinoren eldarnio batetik eratortzen zela zioten haiek babesteari. Hori argi ikus daiteke, 1903ko abenduaren 15eko zigiluarekin, Mundakatik anaiari igorri zion gutunean, Corcuera y Oribek erreproduzitu zuena:

"Luis Arana Goiri jauna.
Ustaritz
Luis adeitsua: Une honetan, iluntzeko zazpietan, zur eta lur geratu naiz Ispizuari entzun diodanean zure gutun bat jaso berri zuela eta bertan zentsuratu egiten zenuela zeuk Grijalbari, bilakaeraren kontua zela-eta, Sabino jauna erotuta zegoen ala ez galdetu zeniola esan zenidala.

Barka iezadazu zeuk Ispizuaren aipu horri eman diozun zentzua guztiz gaitzesten badut. Ez dago zentsurarako arrazoirik eta bai, aldiz, esker onerako.

Zuk ez zenuen hura anaia moduan esan, buruzagiari hitz egiten dion nazionalista moduan baizik; horrenbestez, ez zen adierazpen amultsu bat izan, politikoa baizik; eta ildo horretatik, Ispizuak bere eginbeharra bete zuen hura niri esaten eta, bestalde, niri soilik esan zidan eta ez beste inori.

Eta bete egin duela diot, izan ere, horri esker zuk bete zenuen akatsa konponduta geratuko da, hots, bilakaera horren ernamuina espetxean hazi zela pentsatzearen akatsa.

Asko harritu zidan Sabino jaunak argitaratu aurretik zuri ez jakinarazi izana, hori dela eta, honakoa pentsatu nuen: ni naiz Sabino jaunak espetxeratu baino 4 edo 6 hilabete aurretik bilakaera buruan zuela dakidan bakarra; ondoren mundu guztiak amore eman zuela usten du, ahula izan zela, nazionalismoaren aurretik espetxetik irten eta aurrerantzean lasai bizitzea lehenetsi zuela. Zer-nolako eragina izango du halako akatsak" Bere ohorea apaldu egingo dela, eta bestela, 2 edo 4 hilabete igaro aurretik ikusiko dugu nola Chimbok edo besteren batek esango duen adorearen eta irmotasunaren kontua eta nazionalismoaren aldeko bizitza utzi zuenekoa gezur hutsa direla, bilakaeraren ideiak argi eta garbi uzten baitu hori.

Abiapuntu okerra hartu duzu: Sabino jaunaren anaia izatearen ustetik, baina hori ez da horrela; ez da inondik ere horrela, izan ere, zuk adierazpen hori ez zenuen zure anaiari buruz egin, politikariari buruz baizik. Uste dut zerorrek, Aranzadik, Ispizuak, Angelek eta nik honakoa jendaurrera zabaltzeko eginkizuna dugula: Sabino jaunak bilakaeraren ideia buruan zuela dagoeneko, arimaren koldarkeria alde batera utzita, izan ere, niri esan zidanean ez zuen inondik inora sumatzen espetxeratu egingo zutenik.

Eta hori egiten badugu zuk hura esan zenuelako eta Ispizuak niri esan zidalako izango da. Eta hori zuk esateak Sabino jaunaren ohorea haziko du, nik ohore hori baliatuko nuke gaizkiulertuak hasi aurretik egia ezagutarazteko gaitasuna izate aldera.

Haren alderdikidea Jaungoikoa eta Lege zaharrari dagokionez"" (itzulpen moldatua gaztelaniatik).

1904an espainolista bati emandako erantzuna barneratzen duen liburuxka bat argitaratu zuen Mexikon. Lehen zatia Patria egunkarian agertutako artikulu-bilduma batez osatzen zen eta "Cartas a un bizkaitarra furibundo" izenekoari erantzun nahi zion. 1904ko abenduan espetxean sartu zuten Angel de Zabalarekin batera. Urtarrilaren amaierara arte egon ziren bertan, orduan Sotak bien indultua lortu zuen.

Desbiazionismo ororen aurka zegoen eta 1906an Euskal Alderdi Jertzalea utzi zuen Kontzertu Ekonomikoa berritzeari buruz euskal politikariek (tartean bere alderdiko batzuk) aliantza santua adostu zutelako, eta bera horren aurka zegoelako; izan ere, horrek Euzkadi Espainiarekin lotzen baitzuen nolabait. Dena den, argitaratzen eta polemika sortzen jarraitu zuen, harik eta 1921ean bereizitako gazte batzuengan bere ideiekin bat egiten zuen taldea topatu zuen arte. Aberriren orrietatik polemika sutsuak izan zituen Engracio de Arantzadirekin (Kizkitza) 1921-1922 bitartean. Joalak Euzkadi aldizkaritik erantzuten zion, hura baitzen talde berriaren bozgorailua.

"Altua zen, kokospekoduna eta kapera sakona eramaten zuen. Zezenketen aurka zegoen erabat. Medikuntza naturalaren aldekoa. Musikari aparta. Polemika irrigarriaren zale sutsua zen eta bere itxurak ere eztabaida sortzen zuen, izan ere, Joalaren oinetakoak ortopediko batek egindako zientziaren ondorio ziruditen herriko zapatariak egindako oinetakoak baino gehiago. Joalak ez zuen xaboia erabiltzen, produktu artifiziotsua eta alferrikakoa zela uste zuelako, garbitasunaren betebehar zorrotzenak haren beharrik gabe bete zitezkeela uste baitzuen. Berokia erabiltzen zuen udan berotik babesteko eta negu gorrian arin-arin joaten zen. (itzulpen moldatua. Jatorrizkoa: Iñigo Camino, Batzokis...).

1923ko uztailaren 8an, 67 urte zituela, hil zen bere jaioterrian, Mundakan. Dirudienez naturismoari itsu lotzeagatik, edozein medikuren azterketari uko egin ondoren. 1907ko uztailan alargun geratu zen Eustasia de Longa hil zenean. Hiru seme-alaba izan zituzten: Jaime, Julen (Sabino Aranaren seme besoetakoa) eta Prudencia. Bigarren aldiz ezkondu zen Eulalia Aldamizechevarriarekin; ez zuten seme-alabarik izan.