Erakundeak

Eusko Jaurlaritza

Legebiltzarraren eta euskal exekutiboaren arteko harremana -konstituzioan aurreikusitakoaren garapenean Euskal Herriko Autonomia Estatutuan zein 7/1981 Legean adierazitako arauditik abiatuta- nola gauzatzen den aztertu izanak Euskal Herriko Autonomia Erkidegoak gobernu parlamentariodun sistemaren alde egin duela baieztatzea ahalbidetzen digu.

Bide horri jarraituz, Saiz Arnaizek Euskal Herriko gobernu-sistemaren definizio parlamentarioa hurrengo hiru arlo hauetan zutabetzen dela adierazten du: Legebiltzarrari jaurlaritza-ekimenaren kontrol eta bultzadaren eginkizuna egoztea; legebiltzarraren konfiantza galdu izatekotan Jaurlaritzaren beharrezko dimisioa; eta, Legebiltzarraren aurrean Jaurlaritzakide guztiek duten erantzukizun politiko kolektiboa eta banakakoa (Saiz Arnaiz, 1995: 41).

Euskal Herriaren kasuan legebiltzartasunaren arlo garrantzitsuak hurrengo hiru hauekin identifikatu daitezke: usteonaren-galdea; gaitzespen-adierazpena eta Eusko Legebiltzarraren ezabapena. Beste era batera esanda, esandako horiek dira gobernuaren era parlamentarioa identifikatzeko balio diguten Eusko Legebiltzarraren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko harremanaren hiru bide klasikoek.

Ondoren laburbilduta eurotariko bakoitza zertan datzan azalduko dugu. Eta tresna horiek era egokian ulertu ahal izateko komenigarria da Legebiltzarraren eta Betearazlearen artean, edozein sistema parlamentariotan izan behar duen usteoneko harremanaren hasiera dakarren Eusko Legebiltzarrak Lehendakaria hautatu izatearen egitatetik abiaraztea. Usteonezko harremana beraz, behin aurreko hiru bideetariko bat egikaritzean, legegintzaldiak irauten duen epealdian zehar mantendu edota arbuiatu daitekeena izanez.

Usteoneko galdearen bitartez Eusko Jaurlaritzak bere Gobernu programa egikaritzeko edo politika nagusiaren arloan, garrantzi berezia duen gobernu-erabaki bezala ulertuz, aldarrikapena egiteko Eusko Legebiltzarraren babesik izaten jarraitzen duen egiaztatzeko aurrea hartzen du. Hain zuzen ere, Lehendakaria da aldez aurretik Gobernu Kontseiluarekin eztabaidatu ondoren, usteoneko galdea aurkeztu dezakeena. Eta Legebiltzarraren usteona berriztatutzat joko da baldin eta Legebiltzarreko bozken gehiengo soila lortzen baldin bada. Hau da, aldeko bozken kopurua aurkako bozken kopurua baino gehiago izan dadinean, J.A.Ardanza Lehendakariak PNV-PSOE-EE hirukoaren programarekiko usteoneko galdea Legebiltzarraren aurrera 1991.eko urrian ekarri zuenean gertatu zen bezala. Aldiz, aipatutako gehiengoa lortu izango ez balitz, Lehendakariak bere dimisioa aurkeztu beharko luke eta beste berri baten izendapena burutu beharko litzateke, ekimen horrek, ezinbestean, jaurlaritzaren sailburukide guztien kargu uztea ekarriz.

Bestalde, gaitzespen-adierazpena Montero eta García Morilloren ustez "el máximo instrumento para sancionar el ejercicio del control parlamentario sobre el Gobierno y para hacer efectivo el principio de la responsabilidad política de los gobernantes" da. (Montero y García Morillo, 1984: 151). Beraz, legebiltzarkideen kopuru jakin baten eskariz -gutxienez seiren batek- erabateko gehiengoak gaitzespen-adierazpena onartu izanak Lehendakariaren hautaketa unean ezarritako Legebiltzarraren eta Betearazlearen arteko usteoneko lokarriaren etena ekarriko luke. Eta ondorioz, gobernuaren aldaketa. Euskal Herriaren kasuan gaitzespen-adierazpen eraikitzailearen ereduaren alde ekin dela aipatu beharra dago, Jaurlaritzaren Lehendakaritzarako hautagai bat adierazi beharra baitago. Horretara gaitzespen-adierazpenak Jaurlaritza uztea baino Jaurlaritza bat beste bategatik ordeztu izatearen esanahia du. Zehatzago esanez, gaitzespen-adierazpen baten ondorioak honako hauek dira: Lehendakariak bere dimisioa aurkezten du Legebiltzarreko Lehendakariaren aurrean eta Lehendakari bezala gaitzespenean aipatutako hautagaia izendatzen da.

Aipatutako guztiari Eusko Legebiltzarrak, halaber, erabateko gehiengoz gaitzespen-adierazpen ez eraikitzailearen bitartez Lehen Lehendakariordeari, Sailburuei banaka edota Behin behineko Lehendakariari banakako erantzukizun politikoa eskatu ahal izango liekeenarekiko aukera gehitu beharko genioke. Horrela banakako gaitzespen-adierazpen baten onarpenak, berez, ez luke Jaurlaritzaren kargu uzterik sorraraziko.

Beraz, aurreratutako datuek hurrengo balioztatzea egitea ahalbidetzen digute: Lehendakaria hautatzeko edo legebiltzarraren usteona berriztatua izan dena ulertzeko gehiengo soila nahikoa den bitartean, Jaurlaritza erortzeko erabateko gehiengoa da beharrezkoa. Baieztatutakoak, gure ustez, gutxiengoan dagoen jaurlaritzen babesle den sistema parlamentarioa ezarri dela islatzen digu.

Azkenik, Lehendakariak bideratutako Legebiltzarraren litekeen aurretiazko ezabatzeaz jardun behar dugu. Legebiltzarrari bereganako usteona kentzeko Legebiltzarraren agintearekiko Jaurlaritzaren esku dagoen kontrapartida gisa azaltzen den ahalmena dugu (Pizzorusso, 1994:118-119). Ahalmen horrek Jaurlaritzaren aldez aurreko eztabaida behar duen arren, ezabatzea Lehendakariaren erantzukizun bakarra dela jakinarazi beharra dagoela azpimarratu behar da, inola ere Lehendakariak ahalmen hori gaitzespen-adierazpen eraikitzaileren bat bidean litzatekeen bitartean erabili izaterik ez izanez. Edozein kasutan, aurretiazko ezabatzea Lehendakariaren Dekretu bidez egingo da, araubide horretan deialdiaren data eta hauteskunde berriak ospatuko daitezen eguna azalduz. Adibide gisa, egoki deritzagu Legegintzaldiaren urte bi ozta ozta besterik igaro ez zirela 1986ko irailaren 30ean J.A. Ardanza Lehendakariak Dekretatutako Eusko Legebiltzarraren aurretiazko ezabatzea gogora ekartzea.