Historialariak

Apraiz Buesa, Odon

Odon Apraiz Buesa Gazteizen jaio zen, 1896ko martxoaren 5ean. 1984ko irailaren 12an hil zen, Gasteizen, gaixotasunak zeharo makalduta.

Bere gurasoak Fermin Odon eta Juliana ziren, eta aita Gasteizko alkate izatera heldu zen, foruzale liberal ideologiatik. Bikoteak bederatzi seme-alaba munduratu zituen, Odon bosgarrena zelarik. Literatura, medikuntza, arte eta arkitekturan arloetan goi mailako intelektualak eman zituen sendi luze bateko ondorengoetako bat. Azpimarratzekoa da Angel eta Odon anaien arteko harremana. Angelen eragina sakona izan zen Odonen ibilbide intelektualean, artean biak gazteak zirenetik. Ezaguna da Angelen esku hartze zuzena Eusko Ikaskuntzaren sorreran 1918an, baina aitortu behar da Odon ere anaia adinduaren itzalpean aritu zela I Kongresu haren antolakuntza lanetan.

Umetako ikasketak Santa Maria ikastetxean egin ondoren, 1905ean Gasteizko Institutura igaro zen Odon, bertako zuzendaria bere osaba Julian Apraiz zelarik. Irakasleen artean, besteak beste, Federico Baraibar eta Koldo Eleizalde euskaltzaleak izan zituen.

Hamaika urterekin, eta apraiztarren sorlekura eginiko bidai baten ostean, Odonek euskara ikasteari heldu zion gogo biziz. Beste testuren artean, Resurrección Maria de Azkueren "El Euskara o Bascuence en 120 lecciones" liburua izan zuen oinarri.

Mutikoak euskaltzaletasunaren ideia hari heldu zion eta kultura eta erlijioso talde gisa ziharduen Gasteizko Centro Vasco elkartera bazkidetu zen. Eta handik Odonek EAJ-PNVren Bizkaitarra eta Gipuzkoarra aldizkariak banatzen zituen. Hala ere, Odon ez zen inoiz alderdi politiko horretara afiliatu.

Unibertsitateko ibilaldiari 1912an ekin zion, Salamankan, Filosofia eta Letrak karreran. Angel bere anaia katedraduna zen gaztelar hiriburuko Unibertsitatean.

Ordurako Odonek bazituen bere lehen lantxoak idatzita, eta baita argitaratuta ere. EAJren Arabarra astekarian "Los jaimistas en Legutiano" artikulua publikatu zuenean hamasei urteko gaztetxo bat zen.

Karrerako lehen ikasturteko emaitza onaren nolabaiteko sari gisa, gurasoek baimena eman zioten ez ohiko ekintzaren bat burutzeko. Eta gazteak Aramaioko baserri batera joatea erabaki zuen 1913ko udan, euskararen ezkutuetan barrena egiteko. "Goiko Errota" baserria hautatu zuen.

Unibertsitateko ikasketak Deustun eta Madrilen osatu zituen. Eta espainiar hiriburuko Unibertsitatean Filosofia eta Letretan lizentziatu zen, Historia atalean, 1916ko ekainaren 16an.