Literaturakoak

Peru Abarka

Peru Abarka Pizkundea izeneko mugimendu euskalzaleari esker argitaratua izan zen, XIX. mende bukaeran. Argitaratu zenetik, euskal literaturako klasikotzat eta bizkaierazko liburu garrantzitsuentzat hartua izan da. G. Arruek gipuzkerara itzuli zuen XIX. mendean (haren zati bat argitaratu zuen F. Arozenak 1948-1949an). R. M. Azkue eta S. Arana-Goiri garbizaleek harrera ona egin zioten Peru Abarkari. Azkuek berrargitaratu zuen (Euskalzale, 1899), gaztelaniazko itzulpenarekin, hau J. C. Kortazarrek egina, eta bere hiztegian baliatu zuen (Diccionario Vasco-Español-Francés, 1905-1906). S. Arana-Goirik atal batzuk argitaratu zituen (Bizkaitarra, 1894). Ordea, haren jarraitzaile Zabala Aranak, Peruren euskarari aski garbia ez iritzita, garbitu egin zuen.

XX. mendean Mogel eta Peru Abarka are estimatuagoak izan dira. 1936ko gerra baino lehen J. Garatek Mogel eta haren obren ikerketei bultzada eman zien (La época de J. A. Moguel y P. P. Astarloa, 1936). Mendearen azkenetan, ikerketa aukera hobeei esker, Peru Abarkaren hizkuntza- eta literatura-ikerketa, eta orobat egilearen biografiarena sakondu da, eta Peru Abarka eta Mogelen beste obra batzuk argitaratu dira, horietako zenbait lehen aldiz. XXI. mende hasieran, V. Sarkisianek armenieraz itzuli du Peru Abarka (2002).