Dantza

Kontrapasa

Kontrapasa batez ere txistularien errepertorioko genero bat da. 4/4ko edo batzuetan 2/4ko konpasean idatzirik, XVIII. mendearen erdialdeko deituriko estilo adeitsuaren ezaugarriak betetzen ditu: esaldi oso erregularrak aurrekaria eta atzekariarekin, apaindura asko, bukaera femeninoak, eskala eta kromatismo ugariak...

Ezuagarri hauek eta bere abiadura ez oso arinak -partituran tempo aipatzekotan allegretto moduan agertzen da- nahi eta nahiez ematen dio lotura bai minuetoarekin bai 2/4 zortzikoarekin. Ezaugarri hauek guztiak oso garbi adierazten dira dudarik gabe kontrapas ospetsuenean, gaur egun aurreskuarekin identifikatzen dugun honetan:

Kontrapasaren hitzaren jatorria ezezaguna da, nahiz eta irudi osoz erderazkoa izan. Kataluinan, adibidez, tradizio handiko dantzatzen den contrapà s bat dago (Martí 1999:427), eta bere izenak, antza denez zerikusi handia du egiten diren pausoekin, txandaka egiten baitira noranzko bakoitzean. Baina bere erritmoak -6/8 edo batzuetan 3/4 konpasean idatzita- eta nortasun erlijiosozkoak printzipioz gutxienez ez du erlazio handirik euskal kontrapasarekin. Horrelako zerbait gertatzen da euskal kulturaren beste bi adierazpenekin: Bernat Etxeparek Linguae Vasconum Primitiae 1545ean euskaraz argitaraturiko lehen liburuaren poema baten izenburua Contrapas dugu, eta leloa eta bertso motz eta arinak dituela kontutan hartuta ez da zentzugabe pentsatzea XVI. mendean hain arruntak ziren dantza kantatuekin zerikusia zuela. Bigarren kasua Zuberoako branlean aurkitzen dugu, bere lehen zatia 2/4ko konpaseko doinu sinple bezain eder batekin dantzatzen baita, Kontrapas edo antzeko izen batzuekin ezagutzen dena. Hala eta guztiz ere, ez dirudi ez batak ez besteak zerikusi handi duenik txistularien kontrapas honekin.

Gure kontrapas honen lehen erreferentzia idatzita XIX. mendeko hasierakoak dira, eta Humboldt paperak deituriko dokumentuan agertzen dira. Izan ere, Wilhelm von Humboldtek eskatu omen zituen gutxi gorabehera 1802an euskal musikazko erreferentziak eta egile anonimo batek -ustez, Juan Antonio Mogelek- bidali omen zion eskuizkribu bat, De la Música en el País Vascongado izenekoa, adibide musikal batzuekin batera. Hor agertzen diren adierazpenen arabera, egileak oso ongi ezagutzen zuen txistua eta bere giroa (adibidez, partiturak ez zituen altuera errealean idatzi, txistuaren erlatiboan baizik), baita musika eruditoaren ezaugarriak ere, eta beraz oso irizpide interesgarriak ematen dizkigu gai honi buruz. Dokumentu honetan kontrapasa definitzen da modu honetan: bi edo lau zatiko martxaren antzeko zerbait, zortzina konpas bakoitzak, lautar denboratan idatzita (XX 1994: 1531). Agian harrigarriena da berari buruz esaten zela, zortzikoaz batera, bakarrik Herri horren doinua zela, nahiz eta, azken hau ez bezala, estilo musikal erabat berezkoa ez izan.

Aipaturiko adhibide musikalen artean lau kontrapas agertzen dira, eta arestian esan dugun bezala, horietan XVIII. mendearen erdialdeko musika instrumentalaren ezaugarri haiek aurkitzen ditugu. Ezaugarri hauek oso ezagunak izan behar zirela eskuizkribuaren egile anonimoarentzat kontutan hartuta, harrigarria da kontrapas berezkotzat jotzea, eta horrela pentsatzeko berezitasun bakarra 4/4ko konpas izan omen zen, gure ikuspuntutik argudio aski ahula iruditu arren. Txisturako errepertorioan garai honetan askotan gertatzen den bezala, lau adibide hauek konpaseko azken zatian hasten dira, eta ezaugarri hau ere mantendu egin da gero kontrapas gehienetan. Egitura bitxia dute adibide hauek: Paper beraietan agertzen diren zortzikoak bi txisturako idatzita baldin badaude, irudiz kontrapas hauek tekla instrumentu batentzat agertzen dira idatzita, eskuineko eskuak doinua eta ezkerrekoak oso oinarrizkoa den akonpainamendu bat eginez. Hona hemen horietako bat:

Hauetaz aparte, bostgarren pieza bat agertzen da Contrapas antiguo llamado Nafarchu izenarekin, bakarlarirako eta txistuaren tesituran, eta aski ezberdina, esaldiak irregularrak eta estilo adeitsuaren ezaugarririk gabe. Doinu beraren beste bertsio bat, gainera, Napartxo izenaren pean deskribatu zuen Iztuetak bere Gipuzkoako dantza gogoangarriak liburu famatuan, baita partituren koadernoan (1826: 28-9) testu batekin eta guzti agertuz, beti, halere, soinu zahartzat hartuta. Beraz, dirudienez gutxienez ez dago arrazoi handirik kontrapastzat jotzeko.

Iztuetak, izan ere, irekitzen du liburu hau bere garaiko dantza arruntenei euskarazko izenak jartzen (bere hitzetan lenago zituzten izen egoki chit berenkiekin, nahiz eta guretako ziur aski honek errealitatearekin zerikusi gutxi izan), eta contrapasari, andre-en dantzara deieco soñua deitzen dio (1824:48). Orrialde batzuk geroago, halere, bere garaiko danbolinteroriei leporatzen zizkien gauzen artean, aipatzen du nola haiek kontrapasa prozesioetan ere interpretatzen zutela ez-dute bada beste-soñu-motaric jotzen dembora donati edo sagradu artan (112 orr.) esanez. Ustezkoa da, beraz, XIX. mendean minuetoarekin egiten zen bezala, kontrapasa ere protokolozko lanerako erabiltzen zela. Hala eta guztiz, Iztuetak ez zuen doinuen koadernoan (1826) ez andreen dantzara deitzeko soinua ez kontrapas izeneko adibiderik. Kontrapasa, dirudienez, ez zen beste genero berri batzuk (hala nola fandangoa edo soka-dantzaren bukaera) bezain problematikoa, eta horregatik haiei baino denbora askoz ere murritzagoa ematen dio.