Auñamendi Eusko Entziklopedia
Fondo Bernardo Estornés Lasa

Buscador

Home > Auñamendi > Mayi Ariztia

Mayi Ariztia


toolbox

  • editions:
  • other languages:
  • escuchar
  • share

Sara, 1887-1972.

Marie Diharassarri Sarako Lehetxipian jaio zen 1887ko uztailaren 28an eta 23 urte zituelarik, 1910. urtean, Baztango Pedro Ariztiarekin ezkondu. Laurent Diharassarri apaizaren iloba izateaz gain Aita Donostia eta Joxemiel Barandiaranekin ere harremanik izan zuen elizaren ohituretan hezia dugun idazle hau. 9 seme-alaba izanda ere irakurtzeko eta idazteko astia izan zuen; 1933an hitzaldi bat eman zuen Donostian uda-ikastaroetan "Uskal-etche Zaharrak" gaiaz eta ondorengo urteetan hainbat ipuin idatzi. Gure Herria aldizkarian plazaratu zituen asko 1950eko hamarkadan zehar, bai eta Anuario de la Sociedad de Eusko Folklore (1934, XIII, 93-129 or.) argitalpenean "Leyendas laburdinas" izenarekin eta 1949an Egan aldizkarian "Bi ohoinen ixtoria" izeneko ipuina ere; baina bere lanik garrantzitsuena 1934an kaleratutako Amattoren uzta ipuin bilduma dugu.

1972ko irailean hil zen.

Amattoren uzta liburua dugu, beraz, idazle honen lanik nagusia, etxean bere seme-alabek herri ipuinak entzutean zuten jarrera bultzaturik animatu zen ipuinok liburu batean jasotzera, 1934an plazaraturiko liburuaren hitzaurrean adierazten duen bezala:

"Oharturik nere haurrak zein prestuki egoten ziren, lorietan, choratuak, ichotorio aditzen, etcheko neskatoek kontatzen ziozkatelarik, gogoatu zitzaidan behar nituela ichtoria zahar horiek, eskribuz eman, beldurrez eta ahantz.

Eta gero, nire haurrek erran detzozten beren haurreri, hek, ttikitan, horren gochoki entzun zituzten ichtorio berak.

Baziren, ranko, neroenk, harrean, aditu nituenak, eta zein gogotik, entzuten nituen berriz!

Hola bildu nuen beraz ichtorio andana bat.

Geroztik, Aita Donostiak sustaturik, egin ahalak egin ditut ichotrio multchu hori emendatzeko." (5.or.)

Hainbat kontalariren ipuinak batu zituen Maddi Ariztik, eta jasotze lan hori ahalik eta zehatzena izan zedin kontalariei behin eta berriro ipuina kontarazteko esaten zien:

"Harritzeko da ze memorioa izaten duten, batere irakurtzen eta eskribatzen ez dakiten horiek: libruuetan deusik ezin ikas, eta bethi orhoitzen beren aintzinekuen ganik aditu dituztenez!

Ichtorio horiek hartzeko, lehenik erranarazi dizkatet behin erraileri. Gero, erran nauzkite berritz, emeki-emeki, puchkaka-puchkaka, hek erran ahala, nik markatzeko gisan, hitz bakar bat ere kanbiatu gabe. (...) Eta dena izanen da gure Eskuararen onetan, haren maitarazteko eta hedarazteko, Jainko maiteak hala nahi duelarik!" (7. Or.)

Hitzaurrean aitortzen duen bezala, Itsasuko artzain batengandik jaso zituen ipuin asko, baita Sarako sendagile zahar batengandik ere, baina Saran sortua eta Zugarramurdin bizi zen 82 urteko agure "ichtorio erraile gaitz" bati zor dizkio ipuin gehienak Ariztiak. Etxez etxe, arto zuritzetan, auzo guztiak elkarturik ibilarazten zuten agurea istorioak kontatzen.

"Harek ichtorioak erran, eta bertzek, entzun, ernerik, loaletu gabe, beren lana gisa hortan aiseago eta gehiago egiteko, omore hobean!" (6. Or.)

Eta hori ikusirik, Maddi Ariztiak bere etxera eraman zuen agurea ipuin kontalari:

"Pasatu zituen bi egun; ez nuen atchikitzen ahal izan gehiago: sobera grina zuen etchean utziak zituen bere iloba ttiki umechurtchez.

Ikustekoa zen, zein gochoki eta eztiki kontatzen zituen bere ichtorioak(...) su pazterrrean jarririk, kapelua khendu eta belaun punttan emanik, begiak erne, urrunerat begira.

Zer horen gochoak iragan ditudan harekin." (6-7. Or.)

Liburuan 1923tik 1931 bitartean jasotako hamasei ipuin biltzen dira "guntiz, poliki, errez eta xarmant aundiz, , umetxoentzat atsegingarri", Santi Onaindiaren hitzetan. 1982an Elkar argitaletxeak plazaraturiko edizio berrian liburua, euskaraz eta frantsesez agertzen zaigu, ezker aldean euskarazko bertsioa eta eskuinekoan itzulpena; Pierre Lafittek liburuaren hitzaurrean dioen bezala:

"Le texte basque est accompagné d'une traduction littérale en français. Elle sera utile aux étrangers peu habitués au labourdin et désireux d'étudier notre langue millénaire..." (Ariztia 1982: 3).

Euskarari buruzko kezkaz gain, bada P. Laffiteren hitzaurrean folklorearen gaineko aipamenik ere:

"Au nom de tous les amis du folklore, nous remercions Madame Ariztia de l'oeuvre si consciencieuse et si intéressante qu'elle vient de mener ? bout...." (op. cit.: 3).

Euskal Herriko herri literaturan sarri gertatu ohi den bezala, oraingo ipuin bilduma honetan ere erlijioak eragin handia izan zuen. Hasierako ipuinetik hasita, "Mutil baten ixtorioa" izeneko ipuinetik, erlijio kristauaren eragina nabaria da. Ama Birjina agertuko zaie protagonistei eta gero hauen jokabidea komentatzerakoan honelako adierazpenak dauzkagu: "Gure Jainkoak, beti, xuxen dabilana, ongi gidatzen baitu, suertatu zen konde hori,..."(op. cit.: 16) eta ipuina Jainkoaren graziari buruzko aipamen batekin amaitzen da: "Jainkoaren grazia gaitziru bat urre baino hobea izan zuen"(op. cit.: 16). Ondorengo ipuinak Axular apaizari buruzkoak dira, honen alde onak eta bertuteak goraipatuz. "Axularren Aroa" izenez ezagun den kontakizun mota genuke.

Izpiritu kristauaren eragina beste ipuin batzuetako izenburuetan ere nabari da: "Mutil gaizo baten eta Birjina Maria neskatxaren ixtorioa", "Fede ukatu baten ixtorioa",... baina hauen ondoan baditugu antzinako tradiziotik jasotako bestelako herri ipuinak ere. "Arotxaren ixtorioa", esate baterako, J. M. Barandiaranek jaso zuen "Patxi Errementaria" ipuin ezagunaren beste bertsio bat dugu; gauza bera esan genezake Mayi Ariztiaren "Arttoren ixtorioa" eta Barandiaranen "Peru gezurtia"-ri buruz.

Gizonezkoa zen mundu batean, folklorea biltzen aritzen ziren eliza gizonen ondoan, azpimarratzeko moduko lana dugu Maddi Ariztiak eginikoa. Euskal herri ipuinek xaramelaturik, jaso eta ondorengo belaunaldiei pasa, horregatik bakarrik merezi du emakume honek euskal ipuin biltzaileen artean leku aparta.

Xabier Etxaniz Erle
2012


Images

Our Sponsors