Elkarteak

Eusko Ikaskuntza

Oñatin 1918ko irailean zehar (Gipuzkoa) ospatutako Lehen Euskal Ikaskuntzen Kongresuan Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako Aldundien babespean eratutako euskal kultur elkartea da. Bere jarduera 1936ko uztailera arte, gudak eztanda egin zuen arte, garatu zituen, berriro 1978an hasteari ekinaz. Aipatutako Kongresuan honela definitzen da: "una entidad que, constituida por todos los amantes de la tierra vasca, diese permanencia a la labor del Congreso y perdurase como unificadora y directriz del renacimiento de nuestra cultura" Ikurtzat haritza hartzen du eta ezaugarri bezala "Asmoz ta Jakitez".

Eusko Ikaskuntzen I. Kongresua eta sorrera

I. Mundu Gerra bukatu zenean, 1918an, Erdialdeko Inperioen porrotak kontinentearen mapa berregituratzea ekarri zuen. Ondorioz, Europako gutxiengo nazionalen errealitate politiko, etniko eta kulturalak aurrera egin zuen nazioarteko agendan. Euskal Herriaren kasuan, arazo politiko bat genuen: lehen agerpena Diputazioen Mezuarekin etorri zen, 1917aren bukaeran, eskubide historikoen esparruan foruak berrezartzeko edo eskumenak birbanatzeko eskatu ziotenean diputazioek erresumako gobernuari. Eta arazo politiko horri industrializazioak eragindako azkartze historikoa gehitu zitzaion; izan ere, garapen material eta ekonomikoa ekarri arren, herrialdean gizartearen, hezkuntzaren eta kulturaren alorretan zeuden gabezia larriak nabarmendu zituen. Euskal Herria Estatuko eskualde bakarra zen unibertsitate publikorik gabe eta hizkuntza eta identitatea zainduko zituen erakunde ofizialik gabe.

Aipatutako arazoen aurrean, hainbat sektore kontzientzia hartuz joan ziren, eta azken karlistaldiaren ostean sortutako erregimenaren krisiak baldintza egokiak sortu zituen, Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako diputazioek Eusko Ikaskuntzaren Kongresua deitzeko. Hitzordua Oñatin izan zen, 1918ko irailean, eta, deialdian zioenez, «Herriaren nortasuna berreskuratzea eta kultura biziagotzea, nahitaezko baldintza baita helburu hori lortzeko» xedetzat harturik lanean ziharduten guztiei luzatu zitzaien deia.

Eusko Ikaskuntza sortzea izan zen Kongresuaren emaitza nagusia; Donostian eratu zen, 1918ko abenduaren 22an. Euskal historian lehen aldiz, sinbiosi-ahalegin bat egin zen lurralde, gizarte-klase, prestakuntza-maila, ideologia eta interes intelektual guztietako gizon-emakumeen artean, kultura-ondarea ikertu, babestu eta sustatzeko, eta identitate historikoa berreskuratzeko. Oinarri horien gainean, ezagutza sustatu zuen Eusko Ikaskuntzak, eta Euskal Herriaren asmoei forma eta zehaztapena eman zien, lehentasunezko bi alorretan: unibertsitatea eta autonomia politikoa. Azpimarratzekoa da, halaber, eusko ikaskuntzak (beren askotariko ikuspegi eta diziplinetan) baliozkotu egin zirela nazioartean, 1907an Julio de Urquijoren Revista Internacional de los Estudios Vascos - Eusko Ikaskuntzen Nazioarteko Aldizkariak, RIEVek, irekitako arrastoari jarraituz.

Lehen etapa: 1918-1936

1918an sortu zenetik 1936an Gerra Zibila piztu zen arte, Sozietateak kongresuak eta batzarrak antolatu zituen, gai ekonomiko-sozialei, udal-administrazioari, zientziei, historiari eta arteari buruz, besteak beste. Irakaskuntzak eta bere arazoek presentzia izan zuten Eusko Ikaskuntzaren zenbait kongresutan. Hezkuntzaren autonomia izan zen aldarrikapen handienetakoa; alegia, elebitasun ofiziala errebindikatzea eta euskara hezkuntza-sistemaren lehen mailetatik goi-mailako irakaskuntzaraino txertatzea. Eusko Ikaskuntzak erein zuen etorkizuneko ikastola-sare nazionalerako hazia, lagundu zuen bertako irakasleak prestatzen eta argitaratu zituen euskarazko lehen eskola-eskuliburuak.

Gainera, Julián Elorza buru zuelarik, hainbeste desiratzen zen Euskal Unibertsitatearen aldeko izapideak zuzendu zituen erakundeak, eta, hura noiz gauzatuko zain, hutsunea bete zuen, ikerkuntza, prestakuntza eta jendarteratzea sustatuz hainbat bitartekorekin: batetik, bere atal zientifikoak eta, bestetik, udako ikastaroak antolatuz 1927az geroztik (Espainian zaharrenak diren Zaragozako Unibertsitatearen ikastaroen garaikideak izan ziren, beraz). Era berean, etorkizuneko Zientzien Fakultatearen plataforma gisa, Centro de Estudios Científicos de San Sebastián (Donostiako Ikasketa Zientifikoen Zentroa) fundatzen lagundu zuen 1932an, zeina gerraostera arte egon zen martxan.

1919an, Euskaltzaindiaren sorrera babestu zuen, eta laguntza eta finantzaketa eskaini zizkion erabat sendotu arte.

Bigarren Errepublika aldarrikatu zenean, herrialdeko pertsona gailenak inplikatu zituen Eusko Ikaskuntzak, euskal lurraldeak juridikoki eta politikoki egituratzeko oinarri erkideak azter zitzaten. Horrela, Hego Euskal Herriko Autonomia Estatutua prestatu zen 1931n, historikoki Eusko Ikaskuntzen Estatutua izenarekin ezagutuko zen proiektua.

Hauxe zen Sozietatearen beste kezka bat: garaiko eskakizun teoriko eta metodologikoekin homologagarria izango zen Historia Orokorrik ez izatea. Hortaz, 1932an, hura idaztea agindu zion Bonifacio de Echegarayri, baina ez zuen bukatzetik izan. Iturrien, dokumentazioaren eta artxiboen arloko gabeziak arindu nahian, txostenak, hustuketak, katalogazioak eta ikerketak egiteko bekak eman ziren. Hutsune horri erantzuteko sortu zen lehen Euskal Liburutegia ere, eta Gipuzkoako Diputazioaren jauregian kokatu zen.

VII. Kongresuak ematen zuen bi hamarkadetan zehar egindako ahalegin etengabe horren mugarria, azterketa historikoak hartu baitzituen gai monografikotzat. Baina, 1936ko udarako aurreikusita zegoenez, uztaileko estatu-kolpeak zapuztu egin zuen kongresua, eta, are gehiago, haren ondorioz, Eusko Ikaskuntzaren jarduerak berrogei urtez debekatu ziren penintsulan.

Aipatzekoa da, orobat, Eusko Ikaskuntza aitzindaria izan zela emakumeei euskal kulturaren eta zientziaren ateak irekitzen, nahiz eta, lehen garai hartan, Sozietatearen zuzendaritza-organoetan gizonek bakarrik parte hartu.

Berreraikuntza eta ziklo berria

Nahiz eta ofizialki etenda eta erakunde-egiturarik gabe egon, Sozietateko kideek Eusko Ikaskuntzen bi kongresu egin ahal izan zituzten Ipar Euskal Herrian (Biarritzen, 1948an, eta Baiona-Ustaritzen, 1952an). Haiei esker, erbestean zeuden intelektualak elkartu egin ahal izan ziren Euskal Herrian jarraitzen zuten gutxi batzuekin, XX. mendearen erdialdeko kultura- eta gizarte-errealitatearen egoeraz hausnartzeko.

Diktaduraren negu luzearen ostean, 1978ko irailean berragertu zen Eusko Ikaskuntza, legitimotasun historikoa oso-osorik zuela. Gerraurreko Batzorde Iraunkorreko azken kide biziak ziren legitimotasun horren gordailuzainak, Jose Migel Barandiaran buru zutela, lehendakari hautatu baitzuten. Lau hamarraldi igaroak ziren, eta testuingurua goitik behera zegoen aldatua. Herriak bazuen unibertsitate-sistema bat: bi unibertsitate konfesionalak, UNED eta hari lotutako hiru ikastetxeak eta eraikitze-bidean zegoen Euskal Herriko Unibertsitatea. Horrez gain, zenbait aditu-elkarte sortuak ziren diktaduran zehar, Eusko Ikaskuntzak utzitako hutsunea betetzeko; adibidez, Vianako Printzea Erakundea, Nafarroan 1940an sortua, eta Euskalerriaren Adiskideen Elkarte berreraikia, zeinaren baitan Aranzadi Zientzia Elkartea sortu baitzen 1947an. Bestalde, administrazio demokratiko gazteak (gobernu autonomoak, foru-aldundiak, udalak…) beren gain hartzen hasi ziren lehenago gizarte zibil antolatuak egituratutako eginkizun eta zeregin asko.

Nolanahi ere, ordurako eusko ikaskuntzek askoz oinarri sendoagoak zituzten, Eusko Ikaskuntza ezer gutxi ez zuen herrialde batean denetarik egiten saiatzen zenean baino. Orduan, gogoeta-prozesuen kate luze bati ekin zion Sozietateak: lehendakaritza-ziklo bakoitzean gogoeta batean murgildu zen. Horrek agerian utzi zuen egiaztatuta duen onura publikotik bere funtsezko posizioa aldarrikatzen zuen erakunde honen dinamismoa eta autokritika-gaitasuna. Posizio horrek bi oinarri ditu. Lehenik eta behin, lurraldean duen ezarpena: Euskaltzaindiarekin batera, Euskal Herri osoan aintzatespen ofiziala duen erakunde bakarra da, administrazio guztiek solaskide dutena, bai Hegoaldekoek eta bai Iparraldekoek. Bigarrenik, sentsibilitate, ideologia eta lurralde guztietako pertsonak batzeko eta zientziaren, kulturalaren, gizarte-berrikuntzaren eta aurrerapen kolektiboaren alde baterako konpromisoz lanean jartzeko duen gaitasun paregabea.

Diziplinartekotasuna, lurralde-ezarpena, katalizazio-gaitasuna, ikuspegi integratzailea, parte hartzeko metodologia... Eusko Ikaskuntza laborategi gisa joan zen gorpuzten, XX. mendearen amaieratik; hain zuzen ere, askotariko gaiei eman beharreko erantzunak aztertzeko eta zabaltzeko eta horien inguruan prestatzeko eta lan egiteko elkartzen zen gizarte zibilaren laborategi gisa, beharrezkoak aurrera egin zezan premiazkoaren eta garrantzizkoaren artetik.

Lehendakaritzak (1991-2021)

1990eko hamarkadan estatutuak aldatu ondoren, egitura presidentzialista hartu zuen erakundeak. Hori dela eta, Batzarrak izendatuta ziklo bakoitzean Sozietatearen ardura nagusia izan duten lehendakariak aipatuko ditugu laburpen honetan.

Gregorio Monrealen lehendakaritza (1992-1996). Jose Migel Barandiaran hil ondoren, Gregorio Monreal EHUko errektore ohiak hartu zuen Sozietatearen gidaritza, erreformak sustatu eta erakundea eguneratzeko konpromisoarekin. Bitartekoak eta prozedurak berritu egin ziren, eta bazkide-oinarria eta aliantzak zabaldu. Orientabide estrategiko berriaren ondorioz, erakundeak 1918tik zituen inertzia asko hautsi behar izan ziren. 1992ko azken egunetan, Eusko Ikaskuntza-Société d’Études Basques eratu zen Ipar Euskal Herrian.

Juan Jose Goiriena de Gandariasen lehendakaritza (1997-2002). Epealdi horretan, euskal zientziari eta kulturari buruzko edukien sareko sorreran aitzindari izateagatik nabarmendu zen Eusko Ikaskuntza. Erakundeak ondare-, historia- eta gizarte-balio handiko sekulako informazio-bolumena jarri zien eskura ikertzaile, ikasle eta internautei, bitarteko hauek erabiliz: Auñamendi Entziklopedia-Estornes Funtsa digitalizatuz eta eguneratuz, onlineko lehen euskal liburutegia sortuz, Internet bidezko hezkuntza-programak eskainiz eta, 1998tik aurrera, Euskonews aldizkaria argitaratuz. Halaber, hainbat udalekin sinatutako hitzarmenei esker, Euskal Herri osora zabaldu zuen Eusko Ikaskuntzak bere jarduera-sarea.

Xabier Retegiren lehendakaritza (2003-2008). Xabier Retegiren eta bere taldearen seiurtekoan, ekonomiaren egoera aldekoa zela, inoiz ez bezalako jarduera-maila lortu zuen Sozietateak, orotariko baliabideak eta euskarriak erabiliz. Asmoz eta Euskomedia fundazioak sortu zituzten eta, haiei esker, erakundeak hezkuntza- eta zabalkunde-lanak bideratu ahal izan zituen, plataforma digitalen bidez. Norabide askotako jarduera haren osagarri, XXI. mendearen hasierako erakunde-ereduari buruzko gogoetak ere egin zituen Eusko Ikaskuntzak, gizarte- eta kultura-aurrerabidearen zerbitzuan jarraitzeko xedez.

Jose Maria Muñoaren lehendakaritza (2009-2012). Nazioarteko krisi ekonomiko larriaren ondorioz, 1978an bigarren etapa hasi zenetik bizi izandako egoerarik zailenari egin behar izan zion aurre 2008aren bukaeran aukeratutako zuzendaritza-taldeak, Jose Maria Muñoa lehendakari zuenak.

Iñaki Dorronsororen lehendakaritza (2012-2020). 2012an, aldi berriari ekin zion zazpigarren lehendakariak, orientazio estrategikoa aldatzeko eta antolakuntza-oinarriak berritzeko agindu zehatza zuela. Hauek izan ziren etapa berriaren ezaugarri nagusiak: barne-eztabaida, gizarte-eragileekiko elkarrizketa eta misioaren eta helburuen birplanteamendu orokorra. Helburua zen ezagutzaren arloan diharduten erakundeen ekosisteman kokatzea Eusko Ikaskuntza, bere ondare historiko, bereizgarri eta ahalmen guztiekin, eta errealitate lokaletara zein globaletara egokitzea. 2013aren bukaeran, Eusko Ikaskuntzak bere historia luzean izan duen aldaketarik ausartena onartu zuen Batzar Nagusiak.

Funtzionatzeko eredu berriaren eta oinarrizko egituraren arabera, Sozietateak diziplina anitzeko bost lan- eta ikerkuntza-arlotara bideratu zuen bere jarduna; hona hemen: Etorkizuna irudikatzea, Errealitate soziokulturala, Euskara etorkizunaren aurrean, Egitura soziopolitikoa eta Eredu sozioekonomikoak.

Mendeurreneko ospakizunen esparruan, 2018an, Eusko Ikaskuntzen XVIII. Kongresua egin zen. Aipatutako arlo bakoitzaren diagnostiko eta proposamenez elikatu zen foroa, profesionalek eta adituek, gizarte zibilak, gizarte-eragileek, politikariek, ekonomialariek, erakunde publikoek eta abarrek egindako lanari esker. Liburu Zuria izenekoan jaso ziren XXI. mendeko Euskal Herriaren errealitateak eta erronkak, baita horien erantzunetan sakondu dezaketen ikerkuntza- eta eztabaida-bide zehatzak ere.

Ana Urkizaren lehendakaritza (2020az geroztik). Ehundik gora urte dituen erakunde honetako lehen emakumezko lehendakaria da Ana Urkiza. Lehentasun hau ezarri zuen bere agintaldirako: Eusko Ikaskuntza erreferentzia izatea Euskal Herriko gizartea eta erakundeak inplikatuko dituen herrialde-estrategia garatzen. Erakundearen analisi zehatza abiapuntu hartuta eta XVIII. Kongresuan onartutako Liburu Zurian oinarrituta, lau ildo estrategiko finkatu dira epe laburrera eta ertainera:

. Lan-agenda propioa zehaztu eta lantzea.

. Goi-mailako proiektuak gauzatzea.

. Harreman-sarea zabaltzea, Euskal Herriko zein Europako aliantza estrategikoen bidez.

. Euskal lurraldetasuna sendotzea, herrialde-ikuspegia eta agenda bateratua lurralde guztietara hedatuz.

Horrez gain, zeharkako beste ekimen batzuk ere jasotzen zituen lehendakariaren programak, hala nola bazkideen eta, batez ere, gazteen parte-hartzea eta ekarpena handitzea; erakundearen posizionamendu-estrategia bat ezartzea; barne-gobernantzako eredua indartzea, eta finantzaketa-iturriak egonkortu eta handitzea.

Mende luze baten balantzea

Eusko Ikaskuntzak mende bat baino gehiago darama, gizarte- eta kultura-analisiak aurreratzen, gogoeta eta proposamen berritzaileak sustatzen, jakintza zabaltzen, lurraldeen zein herrien gabeziak artatzen, eztabaida sortzen, sormena bultzatzen…

1918an bere sorrera ekarri zuten kezkei gaur egungo errealitatean bidea eta funtsa ematen ahalegintzen da Eusko Ikaskuntza. Batetik, ikerkuntza eta kultura sustatuz, geurea unibertsaltasun humanistikoan txertatzeko. Bestetik, euskal komunitateen aurrerapenerako erronka nagusietako batzuk etorkizunari begira landuz.

Ekarpen hori egiten die bere eremutik (hau da, «akademiaren» eta gizarte zibilaren artean ezagutza mobilizatzen duen elkar elikatzeko eztabaida irekiaren, pentsamenduaren eta ikerketaren eremutik) gizartearen eraldaketa sortzaileari eta euskal munduaren garapen osoari, XXI. mendeko zibilizazioaren koordenatuetan.

Bibliografia

  • Diccionario biográfico de Eusko Ikaskuntza (1918-1998). Donostia: Eusko Ikaskuntza, 1998.
  • El esfuerzo de tres épocas. Centenario de la RIEV 1907-2007. (RIEV. Koadernoak, 1). Donostia: Eusko Ikaskuntza, 2007.
  • Estornés Zubizarreta, Idoia. La Sociedad de Estudios Vascos. Aportación de Eusko Ikaskuntza a la Cultura Vasca. [Donostia]: Eusko Ikaskuntza, 1983.
  • Estornés Zubizarreta, Idoia. La construcción de una nacionalidad vasca: el autonomismo de Eusko Ikaskuntza (1918-1931). (Vasconia. Cuadernos de Historia-Geografía, 14). Donostia: Eusko Ikaskuntza, 1990.
  • Eusko Ikaskuntza: pasado, presente y futuro. Donostia: Eusko Ikaskuntza, 1993.
  • Euskaldunon Mendea, 1918-2018: Eusko Ikaskuntza 100 urte = El Siglo Vasco. 100 años de Eusko Ikaskuntza = Le Siècle Basque. 100 ans d’Eusko Ikaskuntza. Donostia: Eusko Ikaskuntza, 2018.
  • Eusko Ikaskuntza. 75 aniversario de la Sociedad de Estudios Vascos. Discursos del acto académico. Donostia: Eusko Ikaskuntza, 1994.
  • Eusko Ikaskuntza. Una institución científica. Donostia: Eusko Ikaskuntza, 1998.

Baliabide digitalak.