Auñamendi Eusko Entziklopedia
Fondo Bernardo Estornés Lasa

Buscador

Home > Auñamendi > Kepa Enbeita

Kepa Enbeita

EHUko Euskara Institutuak argitaratua, Euskal Literaturaren Hiztegian.


toolbox

  • editions:
  • other languages:
    • ver en castellano
  • escuchar
  • share

Urretxindorra. Muxika, 1878-1942.

Pedro izenez izan zen bataiatua Muxikako elizan (1878) gerora Kepa Enbeita "Urretxindorra" izango zena. Auzoan ere "Pedro-Jeuri" ezizenez zen ezaguna hasiera batean. Aitak "Txotxo-Jeuri" gaitzizena hartua zuen aspaldi, eta bertsolari zein bertsoak jartzen ibilitakoa zen behin baino gehiagotan. Etxean hurrupatu zuen, beraz, bertsozaletasun hori, gerora Bizkaian dagoeneko Gipuzkoan bor-borka zebilen bertsolaritza berria sendotzen lanik gehien egin zuenetako bat bera izango zela jakin gabe, ziurrenik. Txikitan betso-paperak erostea zuen gogoko. Bildumatxo bat egina zeukan eta buruz ikasten zituen bertsoak ahal zuenean. Bertsolariak entzutea ere gustuko zuen. Bera ere laster hasi zen bat-bateko bertsolaritzan. Idazten ere gazterik hasi zen. 1903ra arte, idatzitako bertso-sorta gehienak asmo ideologikorik gabekoak ziren, baina ez bizitasun eta txinparta gabekoak. Horren adibide bat "Behi zaharraren bertsoak" ditugu. Urte hartatik aurrera, berriz, zama ideologikoa izatera igaro ziren bere bertso idatziak, zalantzarik gabe. Sariketaren batean hasi zen aurkezten. Hogeita bost urte zituela, Ondarretan egindako sariketa batean garaile izan zen, Txirrita eta beste bertsolari gipuzkoarren aurretik.

Garai hartan Muxikan osagile-lanetan ziharduen Jon Arrospide ezagutu zuen. Abertzalea eta jeltzalea zen berau. Elkarren lagun egin eta osagilearen azalpenekin ostertz berri bat zabaldu zen Kepa Enbeitaren barne-begien aurrean. Bere bertsogintzaren transzendentziaz jabetu ei zen, eta ordura arteko hizkera arrunta laga zuen, tematika eta estilo berri bati eusteko. Artean idatzi eta jarritako bertso gehienak erre egin zituen, aldi berri bati ekin nahi ziolako seinale. Aldaketa horren ondorioetako bat ondokoa izan zen: 1905 urtetik aurrera sarri ibili zen Euskal Herrian zehar jeltzaletasunaren mezua han-hor-hemen zabaltzen. Euzko Alderdi Jeltzaleko bertsolari ofizialtzat jo izan zen. Izan ere, oso ortodoxo eta beroa zen bere bertso-jarduna gai aberkoiak jorratzeko tenorean. Beste mitinlariren batekin joaten zen beti. Mitinlariaren berbaldiak bertsozko "osagarri" ideologikoa izaten zuen lagun. Hizkera ere aldatu zuen: Sabino Aranak proposatutako terminologia neologistari eutsi zion askotan, esaterako. Hala ere, hizkeran ez, baina bai iruditegian, esamoldetan, adierazkortasunean, estilo herrikoi eta sentibera jorratzen jarraitu zuen eta horrek arrakastatsu bilakatu izan zuen entzuleen aurrean.

Jendaurreko jarduna ez ei zitzaion aski iruditzen eta idazten ere, joera berriaren barnean, jakina, hasi zen. Ia astero bidaltzen zuen bertso-lanen bat edo beste orduko aldizkariren batera. Bere bertsoak, Ibaizabal, Gacetta del Norte, Aberri, Euzkadi, Euzkel-laguntza, Euzkerea, Karmen'go Argia, Jaungoiko-Zale, Ekin, Argia eta Napartarra bezalako aldizkarietan argitaratu ziren. Bertso-paperen garaia igaroa zen Enbeitarentzat, eta berarekin bertsoa hiritartu zela esan dezakegu, artean komunikabide moderno ziren aldizkarietan (gehienak hirietan inprimatuak) agertzeari lehentasuna eman ziolako, ahalik eta euskaldun gehienengana ailegatu eta bere jarduna duintzeko.

Sariak laster etorri ziren. 1914an Buenos Aireseko Nekoetxea izeneko bazkunak "Euzkadi" saria eman zion. 1921ean Euskaltzaindiak, Durangon Astarloaren omenez egindako sariketa batean, olerki saileko saria eman zion. Iparraldeko Gure Heria elkarteak ere 1924an olerkari saileko saria eman zion muxikarrari. Bizi zelarik zenbait omenaldi jaso zuen. Esaterako, Eibarren (1922) izan zen bat; beste bat, Bilbon, Euskaldunan (1923), Arturo Kanpion eta Manuel Irujo politikaria bertan zeudela.

Omenaldiak eta gorazarreak jaso arren, bere lanen bildumarik ez zen egin bera bizi zela. Hil osteko aurrenekoa Santi Onaindiaren Milla euskal-olerki eder (1954) liburu mardularen barruan agertu zen lau Kepa Enbeitaren lau konposizio luzerekin. Bigarrenak Enbeita oleskaria (Itxaropena, Zarautz, 1966) izenburuarekin ikusi zuen argia 116 olerki biltzen zituela. Hirugarrena eta luzeena Gure Urretxindorra (1971) izenburuarekin agertu zen: 372 konposizio biltzen zituen. Santi Onaindia izan zen edizioaren paratzailea eta Buenos Airesen agertu zen, Ekin argitaletxearen eskutik.

Bat-bateko bertsolaria izan arren, Enbeitaren bertso idatziak geratu zaizkigu batez ere. Horrek ez dakar ahozko (bat-bateko) konposizioan erabiliko lituzkeen zenbait baliabide eta teknika idatziz ere erabiltzea. Azken puntuari begirako konposizioa argia da. Ereduetan eta ahapaldi-bukaeretan aberatsa dela antzematen da, era berean. Ahozko jardunerako arrakastatsuak diren baliabideak erabili zituen bere olerkietan: jarrera patetikoak, kontzeptuen pertsonifikazioa, adierazpenaren modulazioa, elipsia eta hartzailearekiko konplizitatea, eta abar. Batez ere, euskaldunaren bihotzari zirkinak eginez beraren borondatea irabazi nahi zuen bertsolari muxikarrak. Ezaugarri horiek izanki, gerora "oleskari"tzat jo izan da, bertsolari eta olerkariaren arteko zerbait izan bailitzan.

Neurri batean, berezko iruditegia landu zuen, izadiko elementuak metafora eta sinbolotzat erabilita. Aurreko zenbait bertso-jartzaileren eraginaren zantzuak ere antzematen dira, Felipe Arrese Beitiarenak, kasurako. Gaiak aipaturik, bertso edo olerki (bien arteko muga ez da zehatza) aberkoiak eta erlijiozkoak (uzkurtzazkuak) dira nagusi. Garaiko ezagun, lagun eta pertsonalitate zenbaiti eskainitako goraipamenezko bertso-poemak ere asko dira. Ipuin edo alegoria labur direnek ere sorta ederra osatzen dute, azkenik. Lantzean behin idatzitako zenbait bertso sarkastiko edo ironikok (grazia herrikoiaz idatzitakoa, bide batez esanda) ez du lausotzen muxikarraren konposizioei darien kutsu gizakoia. Horregatik izan zen hain bisitatua, agian, hilzorian zegoela eta, besteak beste, horregatik bildu zen hain jendetza handia bere hileta elizkizunetara, 1942ko abenduaren 12an azken arnasa eman eta gero.

Asier Barandiaran Amarika
2012


Images

Our Sponsors