Instrumentugilea

Elizondo Iriarte, Esteban

Donostian 1945eko abuztuaren 6an jaiotako organista gipuzkoarra.

Donostiako Musika Kontserbatorioan pianoa eta organoa ikasi zituen, eta bietan karrera amaierako Lehen Saria eskuratu zuen. Gero Vienara alde egin zuen Wiener Hochschule für Musik eskolan Anton Heillerekin organo ikasketak hobetu nahian.

Bartzelonako Unibertsitatean Filosofia eta Hezkuntza Zientziatan Doktoretza lortu zuen La organería romántica en el País Vasco y Navarra (1856-1940) tesiari esker. EHUan argitara eman zen eta organo munduan arreta handia erakarri zuen.

Euskal Herriko Unibertsitateak eta Donostiako Orfeoiak antolatutako Ikerketa Saria eskuratu zuen eta horrez gain, doktoretza tesiagatik Bartzelonako Unibertsitatearen Sari Berezia (2003) ere jaso zuen.

1971z geroztik Donostiako Musika Goi Kontserbatorioan organo irakaslea da eta ikasleen artean Espainiako hainbat kontserbatorioetako organo irakasleak ditu. Horiez gain, Euskal Herria eta Nafarroako eliza eta katedraletako organo jole titularrak ere badaude.

1989tik 1993ra bitartean Magnanoko (Italia) Antzinako Musikako Ikastaroetan klaseak eskaini zituen Italia eta Espainiak batak bestean izan zuen eragina aztertuz. 1999an Euskal Herriko Unibertsitateko Ohorezko Irakasle Laguntzailea izendatu zuten. Horri esker, Euskal Herria eta Nafarroako organoei buruzko hainbat ikastaro eskaini zituen.

1981etik 1985era bitartean Donostiako Kontserbatorioko zuzendari ordea izan zen eta azken urte horretatik 1991ra bertako zuzendaria izan zen. Era berean, 1982an Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Musika Heziketarako Aholkulari Teknikoa izendatu zuten eta kargu hori eduki zuen 1985era arte.

Berari esker eratu zen 1983az geroztik Donostian burutzen den Organorako Musika Erromantikoari buruzko Nazioarteko Ikastaroa, hiri honetan bertan garatzen den Musika Hamabostaldiaren barnean.

Organo jole bezala kontzertuak eskaini ditu Europako hainbat herrialdetan eta Estatu Batuetan, Kanadan eta Japonian. Gehienetan kutsu erromantikoa duten Euskal Herriko eta Nafarroako egileen organorako piezak sartzen ditu bere errepertorioan.

Hamar disko grabatu ditu eta gehienetan Espainiako antzinako musika eta kutsu erromantikoa duten euskal egileak lantzen ditu. Jesus Guridik organorako konpostau zituen pieza guztien lehen grabaketa ere burutu zuen.

Hainbat artikulu argitaratu eta organoarekin lotutako hitzaldiak eskaini ditu. Era berean Órganos de Gipuzkoa liburuaren egilekide da eta Euskal Herriko Unibertsitateak argitara emandako Enseñanza de la Música liburuaren koordinatzailea izan zen.