Literatoak

Elizanburu, Mixel (1826-1895)

EHUko Euskara Institutuak argitaratua, Euskal Literaturaren Hiztegian.

Heleta, 1826-Hazparne, 1895.

Michel Elizanburu Heletan (Nafarroa Beherea) jaio zen 1826an, eta "Frère Innocentius" ezizena baliatu zuen. Jean Baptiste Elizanburu saratar idazle ezagunaren lehengusua izan zen. Michel Elizanbururen aita mugazainen arduraduna izan zen, eta zaintzaile-lanak egitera Irubera (Lapurdi) joateko agindua eman ziotenean, familia osoa bertara lekualdatu zen. Zenbait urte igarota, Michel Elizanburu Baionako La Salle ikastetxean hasi zen ikasle, eta erlijio-deiari jarraikiz, hainbat urtez ibili zen ikasle. Nobiziatua Tolosan (Frantzia) egin ondoren, Daxera bidali zuten irakasle. Bada, badirudi sasoiko agintariak eta mandatariak ontzat jo zutela Elizanbururen lana; izan ere, hogeita bi urte eskas zituela, Hazparnera (Lapurdi) bidali zuten, bertako eskolako irakasle- eta zuzendari-lanak egiteko. Hain zuzen ere, Hazparnen egin zituen hil arteko urteak (1895an zendu zen), berrogeita lau, eskolako zuzendari-lanetan. Bere lan guztiak 1889 eta 1892 artean idatzi zituen. Michel Elizanburu 1895ean hil zen Hazparnen.

Ideologiaz xuria izanik, historiaz eta euskal tradizioaz idatzi zuen Michel Elizanburuk. 1889an Lehenagoko eskualdunak zer ziren kaleratu zuen Baionan, euskaldunen bizimodu tradizionalaren laudorioa. Jada nagusi zelarik, haurtzaroko sasoia hartu zuen hizpide eta gune, sasoi hartako bizimodua erakusteko; izan ere, Elizanbururen esanei jarraikiz, aldaketa handiak egon omen ziren bera haur izan zen garaiaz geroztik. Arestian esan den bezala, tradizionaltasunaren eta, zehazki, tradizio kristau eta kontserbatzailearen alde zegoela erakutsi nahi izan zuen heletarrak lan horretan: bertan agertzen direnen bizimodua eskasa eta txiroa da, ez daukate baliabide handirik eskura; alabaina, daukatenarekin nahiko dutela erakutsi nahi da. Bestela esanda, badirudi "ordukoak txiroak ziren, baina bizimodu garbia zuten, eta horrela izan behar luke orain ere" ideia zabaldu nahi izan zuela: "behar bezalako familia batek sortutako giro eredugarria jaso nahi du Elizanburuk" (Salaberri, 2002, 195). Salaberriri berari jarraikiz, liburuko pasarte ezberdinak lotu ohi dituen eta lehenengo pertsonan mintzo den narratzaile orojakilea da aipagarria kontatzeko teknikari dagokionez.

Eskualduna astekariko kide ere izan zen Michel Elizanburu, eta artikulu asko argitaratu zituen bertan hainbat urtez. Hain zuzen ere, Eskualdunan aldez aurretik kaleratutako artikulu-sorta bat bildu eta Zer izan diren eta zer diren oraino Framazonak munduan. Antza denez, egilearen izenik, argitaratze-lekurik eta datarik eman gabe kaleratu zen lana; baina, Vinson historialariari esker badakigu Frère Innocentius delakoa (hots, Michel Elizanburu) izan zela egilea. Lana 1890ekoa zela esan zuen Vinsonek berak, baina badirudi Baionako Euskal Museoan gordetzen den ale batean 1889. urtea aipatzen dela (Fraile, 1988). Edukiaz denaz bezainbatean, liburuko artikuluetan Elizanburuk egiten dituen salaketa gogorrak eta erabiltzen dituen argudio zuzen eta gordinak garai hartan, hots, XIX. mendean, bizi zen egoerari loturik daude. Aintzat hartu behar da 1789an gertatua zela Frantziako Iraultza eta zenbait kontutan aldaketa bortitzak eta sakonak ekarri zituela, besteak beste, erlijioari zegozkionak (hau da, onartezinak Elizanburu bezalako xuri kristau batentzat). Gabriel Fraileren (1988) usteei jarraiki, XIX. mendearen bigarren aldian ohiko bihurtu zen masoiak jotzea iraultzaren eragile gisa, eta apurka-apurka juduen esku-hartzea ere aipatzen hasi zen. Esan nahi baita, masoiak eta judutarrak "erruduntzat" jotzen" hasi ziren zenbait girotan eta pentsamendu-ildotan. Azken batean, XIX. mendean aldaketa handiak gertatu ziren Frantzia osoan, erlijioan eta gizartean ez ezik, baita beste alor batzuetan ere, hala nola, zientzian. Egoera ikusita, erlijio kristauari zein balio kontserbatzaileei eutsi nahian aritu ziren hainbat eliz gizon, eta lan horretan kokatu behar da Elizanbururena ere.

1890ean, bestalde, Framazonak, bigarren edizionea, eta Frantziako hirur Errepubliken ichtoria laburzki argitaratu zen. Lanak aurreko liburuko artikulu-sorta biltzen du, baina horiez gain Frantziako Iraultzari, Frantziako hiru errepublikei eta XIX. mendeko frantses gizartearen gaitzei buruzko testuak ere sartu zituen. Nolanahi den ere, izenburuak izenburu, ezin har daiteke historiari buruzko obratzat, Elizanburu eta bere asmoak oso urrun baitzeuden egiazko historialarien jardunetik. Aurreko lanaren ildoko obra dugu hizpide, hortaz. Obra gorabeheraz josita dago, ez dago atal batzuen eta besteen edukiaren arteko orekarik: batzuetan zehaztasunez mintzo da, baina beste batzuetan nahiko du zenbait gertakariren berri ematea garai oso bat irudikarazteko. Ideiei dagokienez, espero zitekeen bezala, erabat kontserbadore ageri da, eta lehenengo liburuko artikuluetan zerabiltzan ideiak luzatu besterik ez zituen egin: XIX. mendeko gizarte hura galbidean zekusan, gizartean jazotako aldaketa (berarentzat) desatseginak (Errepublika bera) ziren galbidearen erakusle, eta masoiak eta judutarrak aldaketa horien eragile eta "errudun". Erregearen alde (Jesukristoren parean jarri zuela aipatu izan da) eta Errepublika eta errepublikanoen aurka agertu zen, baita sutsuki eta haserre bizian agertu ere. Hain zuzen ere, Elizanbururen estiloaz hitz egin denean, heletarraren haserre-itxurako idazkera aipatu izan da, etsaiarenganako errukirik gabe idatzi zuela: estilo sutsua, oldarkorra, erruki gabea, bizia, gartsua, arina, erasotzailea eta, horiekin batera, herrikoia, gehiegi landu gabekoa da heletarrarena.

Aurretik aipatutako lanez gain, zenbait poema solte eta La Salletarren sortzaileari buruzko biografia idatzi zituen: Joannes Batista dohatsuaren bizia (1891), non XVIII. eta XIX. mendeetan Joanes Batista delakoak egindako heziketa-lanen berri ematen baita. Erlijioaren esparruan, Sakelako liburuchka edo giristino guzientzat on den esku liburu ttipia (1892) aipa daiteke.