Lexikoa

Eguzki

Jainkoaren begi.
eguzku (Erronkari).
eki.

Berezko gaitasunez gainera, eguzkiak gauez beren egintzak burutzen aritzen diren espiritu gaizkileak uxatzeko ahalmena du. Eta gainera sorgin eta lamina batzuk higi ezinik geratzen dira Eguzkik bere lanbideko atributuak erantzi gabe harrapatzen baditu. Eguzkiaren mitologia indoeuroparrak ideia asko erantsi dizkio eguzkiari Euskal Herrian, horregatik solstizio-jaiek badute Eguzki-kultuzko izaera: eguzkia San Joan goizean dantzan aritzea, egun horretako bainu eta ihintza gaitzak sendatzeko egokiak izatea, San Joan belar eta loreen ura hartzea ona izatea gaitz asko sendatzeko, belar horiek atalburuan ezarrita etxea tximistatik babestea eta abar.

Ildo beretik doaz, bidegurutzeetan eta etxe aurreetan sua egitea eta horien gainetik jauzi eginez larruazaleko gaitzak sendatzea, taldean otoitzak esatea beti sua ezkerretara dela, su horretan piztutako belar-eskutadak soroetara eramatea espiritu txar, izurri eta gaitzak uxatzeko, herriko plazan San Joan arbola ezartzea. San Joanen ermita batzuetara joaten diren erromesek buruan betibiziak ezartzea, herniadunak haritzean egindako pitzaduratik pasatzea... Neguko solstizioari, berriz, honako hauek dagozkio: Gabon-zuzia edo Eguberrietan sutan erretzen den enborra ezartzea, etxe-abereak enbor horren gainetik iraganez garbitzea, Gabon gauean familiako buruak egiten duen ogiaren bedeinkapen errituala, Gabon Zaharrean hamabiak jo ondoren erortzen den lehen ura jasotzea.

Eguzkiaren sinboloak askotarikoak dira: zirkulu soilak, zirkulu zentrokideak, erradio zuzeneko gurpilak, izar pentagonalak edo pentalfak, swastikak, zeinu obifiloak, arrosetoiak eta abar. Horietako zaharrenak erromatarren garaikoak dira eta Basabeko Urbinan, Ibernalon, Gasteizko Institutuan eta Iruñeko Museoan dauden hilarrietako zeinuak, arrosetoiak eta tetraskeloak dira. Kasu askotan apaindura soilak dira, baina beste batzuetan zirkulu erradioduna kustodiaz ordezkatua izan delarik baliteke sinbolo horiek izaera erlijiosoa izatea. Bestalde, gaur egun arte heldu da baserrietan ate nagusiaren gainean basagarduaren lorea (Carlina acaulis) ezartzeko ohitura, eta eguzki-lore izena eman izanak garbi adierazten du eguzki-sinbolo delakoa: antzinako etxe batzuek kustodia edo arrosetoia zeukaten leku berean ezarria, Eguzkiari egozten zaizkion eta lehen aipatu diren egiteko mistiko berak betetzen ditu.

Azkenik, esan behar da, eguzkiaren mitologia horrek eraginik izan bide duela antzinatik eraikinak Ekialdera begira orientatzean; adibidez, Erdi Aroko hilobietan, burua mendebaldean eta oinak ekialdean ehorzteko ohitura sarri aurkitzen da, hau da, eneolitikoko trikuharrietan ageri dena bera. Eguzki amandre